GERRA-KAPEILAU bat, Ciano kondea eta DŽAnnunzio. Eliza, gudarostea eta letrak. Italia handiak badu bere alde errezatu, borrokatu eta kantatuko duenik.
 
 
RIJEKAKO portu bat.
 
 
TURISMOA eta portuko lanak ezkontzen asmatzea du Rijeka etorkizun hurbileko apustua.
 
 
SAN VITO ELIZA eta itxura guztien arabera sentimendu erlijiosoa ere bai hiriaren bihotzean.
 
 
SAN VITO ELIZA.
 
 
 
::: Rijeka
Italia handi baten ametsa eta D´Annunzio • Estilo hanpatu baten berri • Bi ordu pasatxo hirurogeita hamar kilometro doi egiteko • Hitchcock muga batetik bestera • Liburu errazak eta, gainera, anglosaxoiak • Bidaiaren plana nolako, bisita halako

:: Balentria ero batek porrot egin zuenekoa

Irakurle asko harrituko zuen «Sei hiri, sei Italia» izeneko sail honetan Rijeka ere sartu izanak. Rijeka ez da ba Kroazia? Bai. Baina historiaren urak ez dira askotan norabide bakarrekoak izaten. Ez dira gardenak izan Rijekari dagokionez ere, jabe asko izan baititu hiriak: Veneziako Errepublika, Austriako inperioa, Hungariakoa, Kroazia, Jugoslavia, Italia, Alemania, Jugoslavia berriro, Kroazia azken Bigarren Mundu Gerratik… Eta historiaren bihurgune horien guztien artean, mundu guztiak Fiume gisa ezagutu zuenekoa. Gaztetan bi hiri zirela pentsatzen nuen, ez zutela zer ikusirik. Nire uste bereko bat baino gehiago ezagutzen dut.

Nahasketaren erantzule nagusia, Gabriele D’Annunzio, Italiako idazle aristokratetan aristokratena eta, aldi berean, populistetan populistena. Lehen Mundu Gerraren ondorengo itunek Belgradi eman diote Rijeka, Italiako eskuinak batasunaren perla galdu ezintzat jotzen duen Fiume desiratua. Frustrazio horren arantza eraman ezinez bizi da D’Annunzio, Fiume Italiarentzat irabazteko ametsak bizi du idazlea. Soldadu ibilia da gerran, eta gudari kuraiatsuaren eta abertzale berdin ezinaren domina erantsi berri dio ordurako ondo irabazia zuen poeta sonari. Italiarrentzat gero eta familiarragoa da haren diskurtsoa; idazle izan nahi dutenek, kazetariek, politikoek haren lirikotasun hanpatua imitatzen dute. Estilo bat sortu du. Eta Fiume Italiari itzultzeko ahaleginari ekiten dion une beretik poetarekin bat egingo du iritzi publikoak.

Eia, eia, eia, alalà!

Hala dio D’Annunziok Italiako Legioarentzat idatzi berri duen ereserkiak: «Luze-zabalean izango gara berriro Italiako haragi eta odol den Istriaren jabe, eta Fiumerena, Dalmazia, Zara eta Polarena. Eia, eia, eia, alalà!». Berehala hasiko dira «eia, eia, eia, alalà!» egiten gero eta faxistagoa bihurtzen ari den diskurtso ultranazionalista horren jarraitzaileak ere. Mussolinik, ez baitu artean agintea lortu, bazka ezin hobea du poetaren jardun populista. Kondenatuta daude biak elkarrengana biltzera, laster ez da jakiterik izango nor den noren itzal. Bitartean, D´Annunzio, bi mila soldadu bere kargu harturik, Fiumen sartuko da. Fiume è Italia, la sangue è rossa, la vittoria è nostra (Fiume Italia da; odola, gorria; garaipena, gurea) hitzekin kuraiatzen ditu soldaduak, eta hauek eia, eia, eia, alalà! erantzuten diote. Belgradek tropak mobilizatzeko mehatxua egin du, aliatuak zer egin ez dakitela daude, munduak harriturik begiratzen dio poetaren balentria eszentrikoari. Erreakzioek ezer gauzatu bitartean, D’Annunzio Fiumeko gobernadore izango da bi urtez.

Urteek historiaren pasarte pintoreskoa bihurtu duten gertakari horregatik sartu nuen Rijeka/Fiume nire ibilaldiko sei hirien artean: kolonialismo klasikoa azkenetan, Italia kolonialismoaren epigono gisa jokatzen hasi zen —ia historiatik kanpo balebil bezala— Grezia, Libia, Egipto edo Abisinia konkistatzeko ahalegin eroan.

Garai baten epigonoa izatea, horra D’Annunzioren tragedia ere. Epigonoa historian, epigonoa literaturaren ere. Heroia batetik, poeta distiratsua bestetik, baina epigonoa bietan. Zer jartzen zuen zeren zerbitzuan, literatura politikarenean ala alderantziz, askotan ez dago batere garbi. Biak elkarri lotuta, seguru asko, italieraren gorazarrea ez zuelako Italiaren ohoretik aparte ikusten. Nolanahi ere den, lelo gastatzen hasien gailur moduan ikusten da gaur haren jarduna. Estetikaren eta erretorikaren esklabo. Betirako desagertu diren iragan garaietakoak dira, ez XX. mendekoak, haren gizarte-kontuen arbuioa, marfilezko dorrea, exotismo estetikoa, dotorezia aristokratikoa. Pirandello, Svevo, edo Marinetti —D’Annunzioren garaikideak hiruak—, aro berri bati forma ematen ari dira. Ez dute garai berekoak, herri berekoak, tradizio literario berekoak ematen.

D’Annunzio poeta da, baina baita poeta baino zerbait gehiago ere. Zerbait gehiago horren eszenategi nagusia bisitatu nahiak jarri nau Rijekara bidean.

Mugatik mugara

Geltokitik irten orduko hartu du autobusak Triesteren bizkarrean dagoen aldapako langile-barrideetan gora. Esloveniar asko bizi da auzootan. Etxeek-eta zentroan daudenek baino itxura askoz ere apalagoa dute. Eta desberdina, zentroan ageri ez den tradizio bati erantzuten diona. Baina italiarrek berehala esango dizute, beren eskuzabaltasun demokratikoa goratze aldera, esloveniarrak italiarrak bezain bertakoak direla Triesten; eslovenierak, koofiziala baita, italieraren eskubide berak dituela. Baina ez dizute esango nahiko aparte bizi direla elkarrengandik. Ez dizute esango italiarrek, sloveni (esloveniarrak) deitu ordez, s´ciavi deitzen dietela (eslaviarrak) asmo iraingarri nabarmen batez, bertako batentzat ere zaila baita s’ciavi (eslaviarrak) eta schiavi (esklaboak) bereiztea. Bertara lehendabizikoz hurbildu den arrotzak begiak zorroztuko balitu, hamarretik zortzitan asmatuko luke —fisikoarengatik, janzkeragatik, eta, batez ere, lanarengatik— nor den s’ciavo eta nor ez.

Agudo iritsi gara Italia eta Esloveniaren arteko mugara, Bigarren Mundu Gerraren ondoren egin zuten marra Triestetik hurbil baitago. Italiar polizia bat igo da busera. Dokumentazioa eskatzen hasi zaigu Hitchock-en Torn Courtain (Gortina urratua) filmeko autobusaren eszenako polizia gogorarazten duen seriotasun beraz. Autobusak berrogeita hamar metro egin ditu eta polizia esloveniar bat igo da gauza bera egitera. Autobusean doazen bidaiarien dokumentazioa erakusteko modu errutinatsuagatik, ohituta daude polizien presentziara.

Ederrak dira Esloveniako landak, berdeak, ez oso aldapatsuak, eta bizitza patxadatsu baten inpresioa transmititzen dute. Ez dakit herririk gabeko inguru bat den edo errepidea den herriak baztertzen dituena. Aldian behin bide ertzean edo arboladi txikien abaroan ikusten diren etxeengatik ez balitz, bidaiari arrotzak pentsatuko luke landotan ez dela inor bizi. Euskal Herrian orain berrogei bat urte genituen bezalakoak dira errepideak, estuak eta segurtasun neurri handirik gabeak, baina garbi-garbi daude bide-bazterrak, ez da inon paper edo plastiko edo pote bakar bat ere ikusten.
Luze doa bidaia. Hotelean abisatu didatenez, bi urte pasatxo behar ditu autobusak —berri-berria da— hirurogeita kilometro doi egiteko. Hizketalditxo bat egiteko egokiera izan dut alboan dudan emakumearekin. Hirurogeita hamar bat urte ditu. Triesten jaio zen baina Rijekan bizi da, senarra kroaziarra baitu. Alabak, erizaintzako azterketak baitzituen Triesteko unibertsitatean, semea zaintzeko eskatu zion. Zortzi egun egin ditu alabaren etxean. Bere jaioterrian. Egokiera duen guztietan joaten omen da Triestera. Baina Rijekara itzultzeko gogoz dago. Senarra bakarrik utzi izanaren damu halako bat du. Suspirio bat egin du. «Gizonak! Zer zarete ba ezgauza bakarrik utzi ezinak!» pentsatzen ariko dela pasatu zait burutik.

Kroaziako mugara iritsitakoan, polizia esloveniar bat igo zaigu busera. Segidan, Kroaziako polizia bat izan da busera igo dena. Jendeak poliziaren aurreko hiru bisitak bezain normal hartu du laugarrena ere, buseko billetearen prezioan sartzen da nonbait dokumentazioa behin eta berriro erakutsi beharra.

Kalean gora

Herri batean sartzen ari garelarik, «Ecco! Abbazia! È molto bella!» esan dit alboan dudan emakumeak. Herriaren erdian, aldapa baten abaroan, eliza handi bat dago. Ez da ederra, desorekatuak ditu masa-multzoak, baina, ez baitut emakumea kitzikatu nahi, baietz egin diot buruaz. Kostatu zait ohartzea Opatija herriaren italierazko izena dela Abbazia, emakumea ez zitzaidala elizaz ari!

Opatijaren ondoan dago Rijeka. Moila, soto handiak, garabiak, merkataluntzien tximini eta bizkarrak, kamioi tzarrak portura sartzen eta portutik irteten… Bidaia osoa ia herririk eta etxerik ikusi gabe egin eta gero, kontraste handia da portuko atzera-aurrera etengabea.

Autobusetik jaitsi eta emakumea agurtu dut. Hamabiak dira ia. Denbora asko egin dut itzulerako billetea balidatzen, mapa bat erosten, dirua aldatzen. Sufritzen hasita nago burokroazia gaitza, italiarrek Kroaziako funtzionamenduari ematen dioten izen ironikoa.

Portuari begira dagoen bizkar maldatsu batean eraikita dago hiria, ortuak-eta mailaz maila egon ohi diren antzera. Il Korzo izeneko oinezkoen paseoan atzera-aurrera ibili eta gero, aldapan gora hartu dut. Ez dabil ia turistarik kale bihurrietan gora —denak Il Korzoko terrazetan geratu direla ematen du—. Etxez inguratutako San Vito elizatik hurbil liburu-denda bat dago. Erakusleihoko liburu guztiak kroazieraz daude, ez dut ezer ulertuko. Hala ere, bertan sartu, eta nire jakin-mina asetzen aritu naiz. Zein diren presentzia handiena duten autore kroaziarrak, zer itzultzen duten… Haurren liburuak dira nagusi. Bertako idazleen artean, toki seinalatua dute I. Kusan, S. Novac eta Dubravko Pasek nobelagileek. Fitxa teknikoek diotenez, hiruek aurten argitaratu dute beren azkeneko nobela, eta hori da, seguru asko, presentziaren arrazoia. Baina munduko bazter guztietan best-seller diren autoreen itzulpenak dira nagusi Istriako bazter honetan ere: Sue Grafton, Nicholas Sparks, John Grisham… Halaber, toki seinalatua dute Somerset Maugham, Graham Greene, E.A. Waugh, edo J.Kerouac bezalako publiko zabaleko autoreek. Liburu-dendak iradokitzen duenetik ondoriorik ateratzerik balego, bertako argitaletxeek salmenta errazeko liburuak itzultzeko politika lehenesten dutela esan beharko nuke. Liburu errazak, eta, gainera, anglosaxoiak. Apenas dago italieratik itzulitako libururik. Jakin arren ez nuela bat bera ere aurkituko, D’Annunzioren zerbait bilatuko ibili naiz apal batetik bestera.

Ez da zuzena

Entsalada batekin entretenitu dut sabela. Ez nabilenez oporretan, ez dudanez belaontzi batean ibiltzeko edo bainu bat hartzeko asmorik, ez naizenez moda-modako bazterren bila dabilen ohiko turista bat, zaila zait esatea zerk ekarri nauen honaino. D’Annunzioren balentria eroaren eszenategia in situ ezagutzeko gogoak ez nau asetzen: Rijeka-ra egindako bisitak ez dio ezer erantsi poetaren erokeriaz nekienari. Orduan? Ez dakit. Edo bai, badakit. Perspektiba da huts egin didana. Italia eta Italiako literatura ditut egunotako jomuga, eta buru-begietan talaia hori nuela etorri naiz Rijekara. Bidaiaren plana nolako, bisita halako.

Itzuleran, beste lau aldiz eskatu digute dokumentazioa. Oraingoan, baita buseko gidariari ere. «Zuri ere bai? Ez zaituzte ezagutzen, ala?», esan diot, poliziak magrebiar itxurako gizon edadetu baten pasaportea behin eta berriro begiratzen zuen bitartean. Gidariak sorbaldak goratu ditu. Hiru urte daramatzala egunero-egunero bidaia bera egiten. Ia egunero eskatzen diotela dokumentazioa. Non è giusto, vero, ma nulla poso fare (Ez da zuzena, egia, baina ezin dut ezer egin). Polizia jaitsi da autobusetik. Gidariak giltzari eman dio. Oraindik berrogeita hamar kilometro eta ordu t´erdiko bidaia geratzen zaizkigu Triesteraino.

 

:: Non se pol

Triesten hizkuntza asko hitz egiten da, horren lekuko da atzokoan aipatzen nuen Pen Club plurilingusitikoa.

Historikoki, Trieste aparte samar egon da Italiatik eta Triestetarren dialektoa ere aparte dago italiera estandarretatik, aparte egoteaz gainera, inguruko hizkuntzen eragin handia izan baitu. Konpara ditzagun bi esaldiok: se gaveria tempo l´aiutassi volentieri (astia banu, lagunduko nizuke) eta se avessi tempo l´aiuterei. Triesteko dialektoa da lehendabizikoa, italiera bigarrena. Badago tarteko hizkera bat ere, triestitaliano dei dezakeguna. Triestearrek italieraz jarduterakoan egiten dutena da, dialektoarekin eta estandarrarekin egindako tex-mex halako bat. Italiarrek diote triestearrek ez dakitela italieraz. Eta triestearrek, estandarraren eta berearen arteko distantziaz konturaturik, lingua deitzen diote italierari. Lei sa parlare in lingua entzuten baduzu, italieraz badakizula esaten ari zaizkizu.

Italiarrek barre egiten diote Triestearren dialektoko non se pol (ezin da) esaldirik ezagunenari. Trieste hiri subentzionatua da; biztanlego zaharra duena; industria handirik gabea eta funtzionari eta bulegolari ugarikoa; garai zaharren nostalgia asko eta datorrenari buruzko kezka gutxi duena… Eta horregatik, presarik gabe bizi dira. Zerbait larria eskatzen diezula? Non se pol entzungo duzu. Banketxea ixteko ordua baino hogei minutu lehenago dirua atera nahi duzula? Non se pol. Kafe hotza hartu nahi duzulako izotz puska bat eskatzen duzula? Non se pol…

Eta azkenik: inork cocolo deitzen badizu, ez gaizki hartu: cariño esaten ari zaizu.

© berria.info 2004