| ::
Langileek Fabrika Zaharra hartu zutenekoa
Atzo arratsaldez, Aostatik Torinora itzuli nintzenean,
autobusen eta trenen sciopero (huelga) aldarrikatzen
zuten kartelek oroitzapen zaharrak ekarri zizkidaten,
sciopero izan baitzen ikasi nuen italierazko lehendabizikotako
hitza 1969. urtean oinak Italian estreinako aldiz jarri
nituenean. Oihartzun gozoko hitza ematen du, sciopero,
beti jolaserako prest dagoela dirudien hitz horietako
bat. Baina orduan ezagutu nuen Italia hartako giroa
ez zegoen jolasetarako. Hirurogeiko hamarkada boom ekonomikoa
besapean zekarrela jaio bazen, krisi politiko latzarekin
bukatu zen: langile eta ikasle frantsesen 68ko maiatzak
Italian izan zuen, handik gutxira, segida.
Gerra ostetik zirauen demokrata kristauen eta komunisten
arteko etsaigo hitzartuak ez zuen hain krisi larririk
ezagutu gazte batek 1948an Togliattiren kontra atentatu
zuenetik: industria tradizionala gainbehera zetorren;
gero eta gatazkatsuagoak ziren hegoalde garatu gabearen
eta ipar industrialaren arteko harremanak; mafiak habia
egina zuen sistemaren gune boteretsu guztietan; soziologoak
hasita zeuden kontsumoaren gizarteak zekartzan kalteez
abisatzen; estrukturalismoa bezalako jakintza berriak
eta askatasun sexualaren aldarrikapenek aise igaro zituzten
unibertsitatearen hormak; maoismoak ideologia klasiko
guztiak urduritu zituen, garai hartako Marco Bellocchioren
La Cina è vicina (Txina hurbil dago) filmeko
izenburuaren alarma-dei ironiatsua lekuko; zentsurak
ez zuen lotsarik (Je t’aime, moi non plus kanta
eta Living Theatre famatua debekatzera iritsi zen gobernua);
poliziaren bidegabekeriek ez zuten kontrolik; hamar
bat urte lehenago sortutako Garzanti edo Feltrinelli
argitaletxeek ateak zabalik zituzten abangoardia kulturalean
eta politikoan gero eta ozenago eta ausartago ari ziren
Pasolini, Gada edo Arbasino bezalakoentzat; Leonardo
Sciascia Il contesto (Testuingurua) idazten ari zen…
‘Piano, va’ piano!’
Esnatu naizenean, leihora joan, eta hotel aurrean dagoen
bus-geltokira begiratu dut. Bezperan baino autobus eta
tranbia gutxiago dabilela iruditu zait. Hoteleko harrera-gelan
zegoen gazteari busen huelgaz galdetu diodalarik, Sciopero?
Non so di quale sciopero parla (Huelga? Ez dakit zertaz
ari zaren) erantzun dit. Deserosoa egin zaio galdera.
Hiri osoa geldirik balego ere, Sciopero? galdetuko lidake
bere tonto-fashion aurpegiaz.
Kalera irten, eta ibilgailuen ohiko zalaparta lagun
dudala, Po ibaiaren ondoko Parco del Valentinora joan
naiz egunkaria irakurtzera. Portadak Berlusconiren krisia,
okupatzaileek Bagdaden hildako bost irakiar eta Cipollinik
Tour-ean izandako erorikoa ditu albiste. Huelgaz ezer
ez portadan. Berlusconik egunkaria kontrolatzen duela
jakinik, barruko orrialdeak begiratzen hasi naiz. Emakume
baten larridurazko oihu batzuk atera naute kontzentraziotik.
«Piano, va’ piano!» (Astiro, hoa astiro!).
Burua jaso dut. Berrogeita hamar urte inguruko emakume
bat da oihuka ari dena. Gizen samarra dago eta, izerdi
patsetan eta arnasestuka, footing modalitate bereizi
bat du estualdi: soka bat darama gerrian lotuta, eta
sokatik tiraka, Siberian huski txakur zuri-gris horietako
bat. «Piano, va’ piano!» agintzen
dio berriro txakurrari. Animaliak, entzungor, bere martxan
segitzen du. Imajinazioak kalea zapaldu behar du, eszena
barregarriak klasiko bihurtzen zituen Fellini maisu
berdin ezinak esango lukeenez.
Zilbor-hestea
Egunkaria irakurri ondoko paseoak Lingotto izeneko
kongresu-zentrora eraman nau. Eraikuntzaren luze-zabala
izugarria bada ere (100.000 metro karratu erabilgarri
ditu), lau bat pisuko altuera doiak liburu erraldoi
etzan baten itxura ematen dio. La Fàbbrica
(Fabrika) deitzen diote torinotarrek, baita La Vecchia
(Zaharra) ere: Giovanni Agnellik orain ehun urte Torinoko
auzo batean sortu zuen fabrika zaharra (Fabbrica italiana
automobili Torino) erakusketa-azoka erraldoi bat da
orain. Fabrika berria, berriz, Torinoko periferian barreiatuta
dago auskalo zenbat pabilioitan. Pabilioi bakoitzak
espezializazio bati erantzuten dio: diru guztia ez galtzeko,
ez dago daukazuna galtzerdi askotan gordetzea bezalakorik.
Urtean zehar Lingotton antolatzen dituzten ekintzen
artean, Liburu Azoka da ezagunenetakoa. «Hauxe
da liburu-azokarik handiena Frankfurt-ekoaren ondoren.
Baina Frankfurtek ez dauka pistarik», esaten dute
harro torinotarrek. Eraikuntzaren gainean, teilatuaren
ordez, autoak eta prototipo berriak probatzeko erabiltzen
zuten pista handi bat dago, baina Lingotto inguruan
bizi den jendeak ez ditu jada Lancia eta Ferrarien motor-burrundarak
entzuten: fabrika gaineko pista ez da aspaldi handian
garai iraganek utzitako nostalgiaren motorra martxan
jartzeko aitzakia besterik.
Orain hilabete batzuk, Gianni Agnelli hil berritan,
Fiat-eko industria-gizon ahaltsuari buruz galdetu zioten
Nanni Moretti zinegile, aktore eta gidoilari ezkertiarrari.
Ez zela Berlusconi bezain txarra (è meno peggio
di Berlusconi) erantzun zien kazetariei Caro diario
(Egunkari maitea) film arrakastatsuaren egileak, distantzia
markatuz bere klaseko printzipioak mozorrorik gabe ordezkatzen
zituen Agnelli bezalako antigoaleko kapitalista baten
eta eskrupulorik gabeko Berlusconi bezalako iritsi berri
baten artean.
Giovanni Agnellik, Gianniren aitonak, Fiat enpresa
(egin bedi!) sortu baino askoz ere lehenagokoa da Torino,
jakina, baina ez dago gaurko Torino ulertzerik Fiaten
eta Agnellitarren itzal luzea sentitu gabe. Hedabideek,
eskolek, modak, pinakotekek, fundazioek, unibertsitateko
ikerketa-bekek, sukalderako lapikoek, moja-komentu eta
elizetan egindako hainbat berrikuntzek, tonbolek, gaztetxoen
futbol-zelaiek, zahar-etxeek, antzokiek, filatelia elkarteek,
mendiko espedizioek… Ezkerreko taldeek eta sindikatuek
ez beste zernahik darama hemen Agnellitarren marka:
1948 urtean, Togliattiren kontrako atentatuagatik Italia
gerra zibilaren zorian zegoelarik, hainbat langilek
Fiat fabrika hartu zuen. Vittorio Valletta gerenteak
zertan ari ziren galdetu zienean, langileek: «Togliatti
tirokatu dute. Fabrika hartu dugu». Eta gerenteak,
Giovanni Agnelli patroiaren izenean ari zela argitu
eta gero: «Ondo. Iskanbila hau guztia bukatzen
denean, jakizue despedituak izango zaretela».
Azoka-leku erraldoia fabrika zaharra izango da beti
torinotarrentzat, hiriaren eta Agnellitarren arteko
zilbor-heste eten ezina. Onerako eta txarrerako, gorrotoz
zein maitasunez, kontra edo alde, fabrika zaharrarekin
lotuta daude hiriaren iragan mendeko oroitzapen nagusiak.
Einaudi
Kronikaren hasieran Milango Feltrinelli argitaletxea
aipatu badut, hogei bat urte lehenago Torinon jaiotako
Einaudirekin bukatu behar dut: hogeigarren mendeko Torino
ulertzerik ez badago Fiat fabrikarik gabe, ezta Einaudi
argitaletxerik gabe ere.
Luigi Einaudik argitaletxea sortzeko dirua jarri badu,
Einaudik berak, Maximo Milak, Norberto Bobbiok eta Franco
Venturik ideiak eta lana jarri dituzte. Komunistak dira
guztiak eta bat datoz esaterakoan Antonio Gramscik kartzelan
idatzitako kulturari eta politikari buruzko testuak
izan dituztela argitaletxearen abenturan sartzeko ezten.
Baina urte haietako katalogoari begiratzen bazaio, argitaletxea
ez da batere sektarioa, orduko kulturaren ispilua baizik:
anitza, zientzia berriei irekia, katoliko progresistei
aterik ixten ez diena, liburu bakoitzaren maila intelektualari
gehiago begiratzen diona adskripzio ideologikoari baino…
Ezkerrekoak izateari utzi gabe, eklektizismo politiko
halako bat praktikatzen dute Einaudiko arduradunek eta
kulturaren zorroztasun analitikoa bilatzen. Oreka zaila
da, eta handik pixka batera argitaletxera hurbilduko
diren izen handiko kolaboratzaileak ere —Cesare
Pavese, Italo Calvino, Natalia Ginzburg, Elio Vittorini…—
ez dira guztiak komunistak, baina bat datoz sortzaileak
eta kolaboratzaileak puntu batean: faxismoa dute beren
jardun kulturalaren etsaia.
Ibilian-ibilian eta kontuok buruan, paseoak zentroraino
eraman nau. Via Gramscitik pasatzerakoan, egunerokotasunak
historiari probokatzen dizkion paradoxa horietako bat
iruditu zait pentsalari ezkertiarraren kalea kontsumismoaren
gailurra bihurtuta ikustea. Baina firma komertzial nagusien
dendetako erreklamoetatik bi kale aurrerago dago Einaudi
argitaletxearen liburu-denda nagusia, eta bertan sartu
naiz mendeku txiki apal bat buruan nuelarik: azken nobedadeen
farfaila atzean utzi eta fondoko liburuen bila hasi
naiz. Gramsciren Quaderni del carcere erosi dut besteak
beste. Gero, Via Gramsciko terraza batean garagardo
bat eskatu, eta Gramsci irakurtzen aritu naiz. Kalean
oso autobus gutxi zebilela iruditu zait.
|
::
Togliatti
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, De
Gaspari kristauak ministro izendatu zuen Palmiro Togliatti,
PCIko idazkari nagusia eta «Italiako langile guztien
buruzagia», Stalinen hitzetan. Segidan datorrena
orduko eskuindarrek kontatzen zuten txiste itxura guztia
duen anekdota bat da.
Togliattik auto ofiziala lehendabizikoz
hartu zuen egunean, gidariak esan zion:
—Badakizu, jauna, auto hau lehen Clara Petaccik,
Mussoliniren amoranteak, erabiltzen zuela?
—Hara ba! Orain ulertzen dut zergatik dagoen kristal
tzar hori gidari-langilearen eta bidaiariaren artean!
—Beno, nahi baduzu, oraintxe bertan kenduko dut.
—Uztazu, ez zaitut alferrik lanpetu nahi.
Txistea izan ala anekdota, eskuinak
aukera zuen guztietan alderatzen zituen Agnelli eta
Togliatti, barregarri uzteko: Agnellik Fiat automobil-fabrika
sortu bazuen Torinon, errazagoa jarri omen zion Stalinek
Togliattiri: diktadoreak Stàvorpol hiriari Togliatti
izen berria eman, eta automobil-fabrika bat sortu zuen
bertan. |