SILVANA MANGANO aktorea, Po ibaiaren ertzetako arroz-landetan oinak sartuta, Giuseppe de Santisen Riso amaro filmean.
 
 
BERTARAINO joan beharra dago Mole Antonelliana ikusteko. Eskertzen da.
 
 
ITALO CALVINO eta Silvana Mangano.
 
 
 
::: Torino (eta III)
D’Annunzio poetaren faxismoa eta haren prima donna itxura gorrotagarri • Arrozari erantsitakoa nolako, rissotto-a halako • Arroz-landetan pertsonaia bati bizia ematen • Mole tzar baten berri

:: Gutxi iraun zuen amets baten berri

Gosaldu eta gero, hotelean eman ditut goiz parteko ordu batzuk, Torinora iritsi nintzenetik hartutako oharrak ordenatzen lehendabizi, atzo Einaudi liburu-dendan erositako liburuen orri pasan gero. Norberto Bobbiok gerra garaian idatzi zituen artikuluekin osatutako bilduma zabaldu, eta faxistek Leone Ginzburg hil zutenean filosofo ezagunak idatzitakoa azpimarratu dut. Belaunaldi hark izan zuen konpromisoaren eta amorruaren berri zehatza ematen du testuak: «Azken hitza esan gabe, inori agur esan gabe, bere obra bukatu gabe, mezu bakar bat utzi gabe hil dute Leone Ginzburg. Berarekin dugun zor kita ezinagatik, ezin dugu etsi; ezta barkatu ere». Bobbiok eta Bobbioren belaunaldiko idazleek ez zuten D’Annunzio poeta hil berriaren faxismoa soilik gorrotatzen. Higuingarria zitzaien haren prima donna jarrera ere. Duintasuna lehenesten zuten guztiek jenialtasunaren aurretik.
Harrera-gelara jaitsi, eta mezu batzuk bidali ditut hotelak bezeroentzat daukan Internet zerbitzutik. Gero, kalera irten naiz. Ez du aurreko egunetako berorik egiten. Italiako merkatu ibiltari tipiko horietako bat dago zentrora bidean. Arropak eta janariak. Saltokiz saltoki ibili naiz, ez ezer erosteko, jendearen jardunen eta bertako usainen peskizan baizik. Internetek mezuak bidaltzeko dituen baino bitarteko sofistikatuagoak dauzka hiri bateko usainak. Eta Internet baino askoz ere azkarragoa da.

Paseoan, berriro. Ohart naiz Torinora iritsi nintzenetik ez dudala busik eta tranbiarik hartu. Ezta premiarik ere. Nahiago kalez kale ibili, norabiderik gabe. Baina gaurkoan, azokan atzera-aurrera ibili eta gero, zuzen-zuzen eta beste inolako entretenimendurik gabe hartu dut Piazza dela Repubblica aldera. Itxura politeko trattoria bat ikusi nuen atzo arratsaldean inguru haietan. Urruti samar dago nagoen tokitik, baina ez dut presarik. Apetitua bazkatu behar da lehendabizi, gero gosea aseko bada.

‘Risotto’ baten berri

Jendeak uste du pasta dela italiarren gailur gastronomikoa: edozein modalitatetan delarik ere —pizza, makarroiak, lasagna…–, pastak Italiako gastronomia ekarri ohi digu gogora. Pasta da hainbatek munduko lehena eta ugariena kontsideratzen duen gastronomiako gailurra. Eta ikurra. Baina hala izanda ere: arroza ez zaio atzean gelditzen pastari, arroza gisatuz egindako risotto klase konta ezinak dira horren lekuko. Arrozari eransten zaiona nolako, risotto-a halako: trufekin egina baldin bada, risotto ai tartufi izango da emaitza; arraina baldin badu, risotto alla pescatora; zerbait gozoa badarama (Piamonteko dolcetto mahatsa batez ere), risotto al dolcetto; marrubiak erantsi bazaizkio, rosetto alle fragole; azafraiarekin koloreztatu bada, alla milanesa…

Risotto apalenetako bat eskatu dut Tre Galline (Hiru oilo) trattoria-n: risotto ai porri. Porru txikitua darama. Albahaka, agian. Gisatuari bizitasun pixka bat emateko adina ardo zuri ere bai. Italiarrek hitz bera erabiltzen dute poza edo irribarrea eta arroza adierazteko: riso. Ahoa bete poz utzi naute bai platerak bai arrozari laguntzeko hartu dudan bertako malvasía klaseko ardo zuriak.

Riso hitzaren bi adierak —alaitasuna eta arroza— baliatu zituen Giuseppe de Santis zine-zuzendariak ere bere pelikula ezagunenari Riso amaro (Arroz garratza) izena eman zionean. Bizitza ere riso da: maitasuna edo poza; baina baita arroz-landetako lana bezain gogorra ere. Bien arteko dialektikak egiten du amaro edo garratza bizitza.

Literaturan eta zinean hain fruitu ederrak eman zituen Neorrealismo italianoa deitu zuten korronteko gai eta ezaugarri guzti-guztiak ditu pelikulak: kontatzen den istorioaren karga soziala; gerra ondoko egoerak bide bazterrean utzitakoen miseria; lorpen sindikalen garrantzia eta Eredu Amerikarrarenganako lilura; kultura jasoaren eta herrikoiaren arteko lotura falta; gramofonoa edo irratia bezalako masa-komunikazio moduen presentzia; italiera batuaren eta dialektoaren arteko tentsioa; familiaren izaera tradizionalaren bizitza modernora egokitzeko zailtasuna; Raf Vallone aktoreak txiklearen edo zigarro amerikarren kontsumo ia sukartuarekin iragartzen duen kontsumo-gizartearen etorrera…

Horrek guztiak adierazten duena kontatzeko premia errebindikatzen du neorrealismoak, hori guztia dago, aldez edo moldez, Silvana Manganori izarren lekua eman zion pelikulan. Baina pelikula horretan parte hartu zuen beste aktoresa batek laburbildu zuen, ustekabean, zer zen neorrealismoa. Orain hilabete batzuk hil den Doris Dowling-i buruz ari naiz. Hollywood-etik etorri berri, ohituta zegoen zinea egiteko modu sofistikatuekin: platoan eta plano trukatuekin jokatzen ziren bai eszena zailak bai aktoreei deserosoak egiten zitzaizkienak ere. Baina Riso amaro filmeko eszenategiak errealak ziren. Aktoreek ordu asko egin behar zituzten egunero Po ibaiaren ertzetako arroz-landetan oinak sartuta. Hotzez. Gorriak ikusten. «Arroz-landa haietan ulertu nuen zer zen benetan pertsonaia bati bizitza ematea. Sufritzen ari nintzena sufritzen dute arroz-landetan lan egiten duten emakumeek. Orduan ulertu nuen zergatik nengoen oin hutsik eta hotzez akabatzen arroz-landa haietan: bizitzari eman behar nion bizitza».

Inork esan dezake zinegile neorrealistek hala filmatzen bazuten, amerikarrek zeuzkaten medioak falta zitzaizkielako zela. Hala balitz ere: gabeziak adimena zorrozten du, eta adimena zorroztu zuten Roberto Rosellinik, Vittorio de Sicak, Pietro Germik, Giuseppe de Santis-ek. Haien pelikulak dira lekuko.

Ihesteko bakarrik balio duen arte baten etsai amorratu, neorralistak, idazleak zein zinegileak, kultura elitista baten guztizko etsaiak dira; urruti daude poetika goratsu baten edo hausnarketa sakon baten izenean eguneroko bizitzari bizkarra erakusten dion arte batetik. Oso gogoan dute faxismo garaiko jardun estetikoen hutsala, faxismoari aurpegia erakutsi ordez marfilezko dorre batean aritzen zirenen lana.
«Ez aztertzea, adieraztea baizik», idatzi zuen Cesare Pavesek Bizitza lanbide izeneko egunkarian. Eta segitzen zuen: «Baina modu erabat bizian eta azterketa inplizitu baten arabera. Beste errealitate bat eman, horren gainean azterketa berriak, arau berriak, ideologia berriak sortu ahal izateko».

Italia mia

Risotto-ak eragindako gogoetek eta bazkal osteko digestioaren murmua arindu beharrak Giardino Real-era eraman naute lehendabizi (ez dit inork kenduko bankuetako batean bota dudan siestatxoa), juizio kontrajarriak eragiten dizkidan Mole Antonelliana izeneko eraikuntza badaezpadakora gero. Ez zait gehiegi gustatzen Eiffel-en garaian burdinari ahalik etekin gehien atera nahirik sortutako arkitektura exhibizionista: injinerua gainditzen zaio arkitektoari, teknika senari, ikuskizuna arimari. Hala ere, estilizazioa onartzen diot Mole Antonelliana-ri. Eta Eiffel baino txikiagoa izan arren, Eiffelek ez daukan bertute bat eskertzen: berta-bertaraino joan beharra dago mole tzarra ikusteko, ez ditu hiriaren perspektiba guztiak bortxatzen.

Eliza hebraikoa izateko eraikia, orain Zinemaren Museo Nazionala dago bertan. Marilyn Monroeri buruzko ziklo berezi bat ematen ari dira: Marilyn and friends (Marilyn eta lagunak). Sarreran, bi xingola luze daude zintzilik ia lurreraino. Xingoletako batean, Marilyn-en irudia, burua aurreraturik, kiss me esaten ari balitzait bezala. Bestean, aktoresaren lagun handi batena. Marlon Brando. Gora Zapata! pelikulan elkartu ziren, lehendabizikoz, bi aktoreak. Marilyn hasberri bat zen. Brando, berriz, ospearen aparretan zegoen Desio izeneko tranbia bat egin zuenetik. Ni Italiara abiatu bezperan hil zen aktorea. Egunkariak oraindik hari buruzko erreportajeak ematen ari dira. Eta emango dituztenak.

Museoan jakin dudanez, bi aktore amerikarrak Gora Zapata! egiten ari ziren garai berean, Rossellini eta Zavattini Italia mia (Nire Italia) filma prestatzen ari ziren. Oso kritikoa omen zen idazten ari ziren gidoia garaiko giro politikoarekin. Ez zuten egin. Batzuek diotenez, diru faltagatik. Baina askoren iritziz, presio politikoak izan ziren egitasmoa bertan behera uztearen arrazoiak: Togliattiren aurkako atentatuaren ondorengo hiruzpalau urte latzen ondoren, demokristauek eta komunistek entente cordiale halako bat adostu zuten, garai pragmatikoago batzuei ateak zabalduz.

Neorrealismoa azkenetan zegoen.

 

:: Silvana Mangano

Italo Calvino: «Silvana Mangano da Riso amaro filmeko sorpresa nagusia. Erromatarra da, hemezortzi urte ditu, aurpegia eta ilea Botticelliren Venusena; baina espresio basatiago bat, basatia eta gozoa aldi berean, begi sentsualak eta ile horia, aurpegi leun garbia eta itzalik gabea, kamafeo baten eztitasunez zabaltzen den bizkarra, harmonia sutsuko bularraldea bere garaipenezko lineak airean, kurba beteen erritmo miresgarria… Labur esateko: Silvana Manganok sekulako miresmena eragin du eta aitortu
beharra daukat ez dagoela haren benetako izaera adieraz dezakeen fotografiarik».

 

:: Alpeek ere alde egin ez dezaten

Torinoko jendeari buruzko liburu bitxi batekin ere entretenitu naiz gaur goizean hotelean: I torinesi di Cavour a oggi (Torinotarrak Cavourren garaitik hona). 2002ko urtarrilaren hogeita lauan hiru haur jaio ziren Torinon; 49 izan ziren hildakoak. Halako aldea egunero gertatzen ez bada ere, dezentez handiagoa da eguneroko heriotzen tasa jaiotzena baino. Orain bi urte irakurle batek La Stampa egunkarira bidali zuen gutun baten arabera, «espero dezagun Alpeek ere ez alde egitea». Ordutik, demografiari buruzko jardunetan beti ateratzen du norbaitek irakurle anonimoaren esaldia.

Inor ez dator Torinora, ez bada negozioren batek hartaratuta. Turista zarela esango bazenie, harriturik begiratuko lizukete. Turismoa egin nahi duenak, Italian baditu Torino baino lehenagoko mila aukera. Italian ikasi edo bizitzen jarri nahi duenak ere, gauza bera. Lehen sikiera lanera etortzen zen jendea. Hegoaldetik ihes zetozen. Bat-batean nekazari izateari utzi eta proletario bihurtutako jendea. Hegoaldeko sukurtsal batzuk ziruditen periferiako auzoek.

Baina gauzak asko aldatu dira. Aldo Cazullo kazetariak dio: «Torinok Novecento-ko hiri bat dirudi gaur. Hau da, iragan mende hasierakoa, industria astunarena, fordismo izeneko ekoizpen-moduena, komunismoarena, bukatu diren edo hondakin soil diren kontuena».

Hirurogeitik hona, teknologia berriek-eta industria tradizionalean eragindako krisia luzatzen eta luzatzen ari baita, jende askok alde egin du Torinotik. Gazteek, batez ere. Baita garai batean hegoaldetik etorritako proletario askok ere. Garai bateko ezker fama ere urtzen joan omen zaio hiriari. Giorggio Bocca kazetariak esana: poliziak auto-lapur bat hiltzen badu, kazetariek poliziaren kontrako gutun faltsuak igorri behar dituzte jendeak «poz izugarria» adieraziz bidalitako gutun mordoaren kontra-karga egiteko.

Torinotar peto-petoek beti uste izan dute Italiari gehiago ematen diotela jaso baino. Nor den torinotar petoa? Cavourrekin, Torinok eman duen gizonik inportanteenarekin, Italia batzen ibilitako soldadu haietako baten oinordekoa. Baina zer balio die antzina bateko loria zaharrak, zer balio Italia batzeko ahaleginean Frantziaren eta Austriaren aurka isuritako odolak?

Diotenez, frustrazio horrek eragin ditu, neurri batean behintzat, Liga Nord-en arrakasta eta Padania aske baten esperantza.

© berria.info 2004