| ::
Estilo zaharreko dotorezia betikoaz
Azken orduak ditut Torinon, eguerdian hartu behar baitut
hegazkina. La Stampa egunkaria erosi dut kiosko batean
eguneko albisteak ezagutzeko. Baina baita egunkaria
erosteagatik eta euro bat gehiagoren trukean ematen
duten Casanovaren Memorie scritte da lui medessimo (Berberak
idatzitako memoriak) eskuratzeko ere. «Ez diot
sekula uko egin fortunari, fortuna baita maite dituzun
pertsonengana eta lekuetara itzularazten laguntzen dizun
jainkosa», dio Casanovak.
Liburua itxi, eta taxi bat hartu dut aireportura joateko.
Hiztuna da gidaria. Italiar peto horietako bat. Ez du
lehendabiziko egunean aireportutik Torinora eraman ninduen
gizon mazapan-ogitartekoa baino lehorrago haren antzik.
Denetarik hitz egin dugu. Futbolaz, jakina. Torinoz.
Hiriak betidanik izan duen hantuste famaz. Baita hiriak
lur azpian omen dituen tunel eta pasadizo luzeei buruz
ere: Napoleonen kontrako gerratean, soldadu frantsesek
tunelotatik barrena hiria har zezaketela jakinik, torinotar
gazte batek, gerrian lehergailu batzuk lotu eta gero,
bere buruaz beste egin omen zuen lehergailuen eztandarekin
inbasoreei tuneleko sarrera ixteko. «Ez dira gaur
goizekoak gerrillari suizidak», esan dit gidariak,
lotura begi-bistakoak sujerituz. Eta segidan, haren
jardunak Irakera egin du txango. Eta, nola ez, Berlusconirengana.
Buffone (bufoia) da politikariari eskaini dion
adjektiborik leunena.
Berrogeita hamar euroko bat eman diot aireporturainoko
bidaia-saria ordaintzeko. Diru-kanbioen artean eman
didan hamar euroko bati begira geratu naiz. Kanbioak
gaizki eman dizkidan galdetu dit. Hamar eurokoa pasatu
diot. Erdi harritu erdi lotsatu egin da, eta barkatzeko,
berak ez duela zer ikusirik, kasualitate hutsa izan
dela. Gero, barreari ekin dio. Il padrone! Anche qui!
(Patroia! Hemen ere bai!). Hamar eurokoak patroiari
buruzko hitz batzuk daramatza idatzita errotuladore
urdin batez: Berlusconi dittatore bastardo (Berlusconi
diktadore sasikoa).
Itsasotik itsasora
Inoiz ulertuko ez ditudan pagotxak eskaintzen dituzte
orain hegazkin-konpainiek. Eta baita pagotxen ordainetan,
hegaldi xelebreenak ere. Bi hegaldi egin behar izan
ditut Torinotik Triestera heltzeko eta bien arteko hegazkin-aldaketa
azkar bat Erromako Fiumicino aireportuan ordu erdi bateko
tarte doian. Hala ere, bidaiak badu denbora galtzearen
sentsazioari nagusitzen zaion xarmarik: lehendabiziko
hegaldian, Mediterraneoa behean genuela egin dugu Erromara;
bigarrenean, Adriatikoa genuen oinpean. Egokiera polita
metaforak asmatzen hasteko…
Baina aukeran nahiago dut esku artean dudan liburuari
ekin. Marisa Madieriren Verde acqua. Irakurrita neukan
lehen ere. Eta azpimarratuta: «Errealitateak,
baita garratzenak ere, orrialde literario gorenen plagioa
ematen du askotan». Marisa Madieriren liburuan
ageri den estilo zaharreko dotorezia betikoak du nire
bidaion mapa egiterakoan Trieste ere aukeratu izanaren
erru handia. Horregatik ekarri dut nirekin liburua.
Errua du Claudio Magrisek ere. Madieriren senarrak.
Orain Verde acqua liburu xume, hunkigarri, guztiz gomendagarriaren
egilea hilda dago. Minbiziak eraman zuen. Verde acqua
geratzen zaigu, bere haurtzaro eta nerabezaroa kontatzen
duen liburu autobiografikoa. Eta geratzen zaigu Magrisek,
emaztea hil zitzaionean, liburuari idatzi zion batere
sentimentalismorik gabeko —eta sentiberatasun
aparteko— posfazioa ere.
Aireportutik Triestera eraman nauen taxi-gidariak atera
nau gogootatik. Italiar komedietako pertsona bat dirudi.
Alberto Sordi bat, fashion itxurako gazte lerden ilehori
bat ez balitz. Bi mugikor ditu ezker-eskuin, eta mugikor
batetik ez denean, bestetik ari da. Bezeroekin, taxi-zentrokoekin,
emaztearekin, lagun rugby zale batekin… Ondo gidatzen
du, autoa Mercedes handi bat da, nire eskuin aldean
Istriako itsasoaren panoramika ederrak daude, baina
nik ezker aldera begiratzen dut, ez baitiot begirik
kentzen errepideari. Egiten dituen, egiten dizkioten
deien arteko tarteak baliatu nahi ditut Triesteri buruzko
galderak egiteko. Berrogei bat kilometro daude hiriraino.
Inguruko hondartzetatik zetozen autoek eragindako buxatze
handi bat topatu dugu Triesteko sarreran. Baina alferrik:
tarte horretan guztian ez dizkiot bizpahiru galdera
besterik egin gidariari. Deiak bukatzerakoan ciao, ciao,
ciao, ciao eginez agurtzen du beti telefonoaren beste
aldekoa. Lau aldiz ciao, baina bi kolpetan banatuta:
ciao-ciao, ciao-ciao. Frantsesek musuak bezala. Ciao-ciao
ciao-ciao egin dit gidariak, ciao-ciao ciao-ciao egin
diot bidaia ordaindu eta gero. Haren kikirikirik gabe
atera zait, ordea, agurra. Praktika asko behar da ciao
lau aldiz eta hark bezain bizi esateko. Eta bi mugikor
ezker-eskuin.
‘Il Silos’
Trafiko handiko plaza handi baten aurrean dago hotela.
Parez pare, busen eta trenen geltoki bana. Bus-geltokiaren
atzeko aldean eta trenbidearen paralelo, garai batean
Austriaren bihitegi izandako eraikuntza luze erraldoiak
daude, itsasoan eskuzabal sartzen den moila-adar baten
gainean. Trieste izaki Austriarren inperioak hegoaldean
zuen ia itsas ate nagusia, inperioaren babes guztia
zeukan portuak —portu frankoa izan zen 1719 urtetik
aurrera, hemendik hurbil dagoen Rijeka-ko portuarekin
batera—, estimuzko garai loriatsu haien xarma
dute hiriak eta hiriko eraikuntzek. 1918 urtean Italiak
bereganatu zuen, baina Genoako edo Napoliko portuen
mailarik ez zuenez, laster hasi zen maldan behera. Handik
urte gutxira, garai batean Austriarren inperioko bazter
guztietara heltzen zen zer jana eta zer edana gordetzeko
eraikitako bihitegiok —Il Silos deitzen diete
triestetarrek— zeregin gaiztoa bete behar izan
zuten Bigarren Mundu Gerraren ondoren egin ziren lur-partiketen
kausaz: Rijeka eta Rijeka inguruak Kroaziaren esku gelditu
zirelarik, handik bidali zituzten milaka eta milaka
italiarren bizileku izan ziren Il Silos izeneko bihitegiok.
«Paisaia dantesko halako baten, gaueko purgatorio
ketu» baten antza zuten Marisa Madieriren esanetan:
«Istriar errefuxiatuak, dalmatak eta guk bezala
Fiume-tik alde egindakoak bizi ginen Il Silosen (…)
Egosketen lurrinak eta usain sinesgaitzenak sortzen
ziren han, harik eta kirats bat bakarra, nabarmena,
deskriba ezina eta trinkoa osatu arte: erietxe, izerdi,
frijitura, aza, zopa galduen usain mindu melenga bat».
Hotela zaharra da, eta eman didaten gela, handia, garai
bateko hoteletan ohi ziren haietakoa. Apartamendu ondradu
bat osa daiteke sarrera, logela eta komunaren artean.
Marisa Madieri neska koskorra Il Silosen bizi izan zen
urte haietan ere ni nagoen eraikuntza honek hotela behar
zuela otu zait. Eta inguruko aberatsek nirea bezalako
gela ederretan pasatuko zutela uda Il Silosen milaka
italiar bertako bero tzarra eraman ezinik zeuden bitartean.
Axolagabekeria bera erakutsiko zutela bost bat urte
lehenago ere hotel honetantxe zeudenek Triesteko hegoaldean
zegoen arroza zuritzeko eraikia izan zen Risiera di
San Sabba izeneko fabrika tzarrean zeudenekin. Zertarako
saiatu jakiten han zegoela naziek Italian eraikitako
kontzentrazio eremu bakarra? Zertarako galdetu zer gertatzen
ari zen bertan pilatutako judu, komunista eta susmagarriekin?
Naziek, beste hainbat kontzentrazio eremuetako sistema
bera aplikaturik, erreketa-gune bat ere eraiki zuten
arroza zuritzeko eraikuntza hartan. Hainbat historialarik
egindako kalkuluen arabera, hogei mila pertsona inguru
hil ziren/zituzten bertan. Bost mila inguru Trieste
bertakoak ziren.
Primo Levik Anus mundi (munduaren ipurdia) deitu zion
Auschwitz-i. Triesteko Ferry Fölkel idazle juduak
Anus Adriae (Adriatikoaren ipurdia) deitzen dio naziek
Triesten zeukaten kontzentrazio eremuari La Risiera
di S. Sabba erdi nobela erdi memoria liburuan.
Presentea bizi
Dutxa eder batekin gogoeta ilunok uxatu, bidaiako izerdiak
kendu eta nekeak arindu eta gero, kalera irten naiz.
Zazpiak inguru dira eta eguzkiari abailtzen hasiak zaizkio
egun osoan erakutsi dituen indarra eta argia.
Aostara doanari banketxeen ugaritasunak harridura sortarazten
dion bezala, aseguru-etxeen ugaritasunak harritzen du
Triestera lehendabiziko aldiz iristen den ibiltaria.
Ugaritasunak eta eraikuntzen estilo zaharreko edertasunak.
Garagardo bat hartzeko terraza egoki bat bilatu, eta
telefono-dei bat egin diot Triesten bizi den Soriako
idazle bati. Ez dut ezagutzen, ez nau ezagutzen, baina
biok dugu elkarren aditzea. Nor naizen, zertan nabilen
eta berarekin egon nahi nukeela adierazi diodalarik,
gaixo dagoela esan dit. Bi hilabete doi omen daramatza
kimioterapia egiten. Orain lau egun izan zuen azkeneko
saioa. Baina ez diola axolarik. Pozik agurtuko nauela,
egongo garela elkarrekin. Alferrik izan dira nire desenkusak.
Ea ondo datorkidan bihar goizeko lehendabiziko ordua.
Eguzkia berotzen hasi aurretik.
«Pasatzen ez den denbora bat nahi nuke, ‘pertsuasioaren’
ordua, bai baitakit ez daukadala nire zain bizitzen
ari naizen presentea baino ederragoa den ezer».
Marisa Madieriren hitzak dira. Berdin izan zitezkeen
Jose G.S.erenak, hain estilo zaharreko dotorezia betikoaz
portatu zaidan Soriako idazlearenak: medi-
kuak eguzkitik babesteko agindu diolako bilduko gara
bihar goizeko bederatzietan.
|
::
‘Cuore’
Gogoz nengoen Triestera txango egiteko,
baina ez Torinok aspertzeko motiborik eman didalako.
Espero nuen etekin guztia atera al diot Torinori? Ondo
jaso al ditut nire paperotan hiriak sortu dizkidan inpresioak?
Ustekabean pasatu zait denbora, kontzeptu neurtu eta
beti berdin hori. Eta, bestalde, gezurra iruditzen zait
hiru egun soil egin ditudala hemen, Edmondo De Amicis-ek
Cuore (Bihotza) ezti-poto bezain aberkoia idatzi zuen
eta Luigi Comencinik obra berean oinarritutako pelikula
errodatu zuen hirian. Atzo eman zuten, enegarren aldiz,
telebistaz. Ez nituen bost minutu ere egin pelikulari
begira, eta ez nekatuta nengoelako bakarrik. Italiako
haur eta gazteen belaunaldi osoak hezi izan ditu De
Amicis-en liburuak. Gaur abertzalekeria kritikatzen
zaio: eskuinik atzerakoienaren diskurtsoa bazkatu izana.
Baina Cuore dut aipagai, bai, bihotza
jarri nahi izan baitut neuk ere Torinori buruz hitz
egiterakoan. Baina ez kolore bakarreko Italia batez
idazteko. Ez da inoiz halako Italiarik existitu, ez
bada Italia batzen ahalegindu zirenen garai bateko ametsetan.
Baita hiri honexek orduan egiten zituen ametsetan ere,
Torino izan baitzen amets hartan izerdi eta odol gehien
isuri zuen hiria. Soldadu eta hiritar anonimoek bazuten
nork suspertu: Cavour, Manzoni, Azeglio, Garibaldi…
Italiako batasunaren mitoak dira lauak, Val Padanan
jaioak lauak, Torinorekin lotura estua izan zutenak
lauak. Asko eman dio Torinok Italiari. Zer eman dio
Italiak Torinori? Arrangura horrek bizi du gaur hiria.
Zahar ikusten da orain hiria. Nekatua.
Italiako beste hainbat hirirekin alderatuz, bazterketa
sentitzen eta espresatzen duela esango nuke. Ez dago
egunkarietako irakurleen gutunak irakurri besterik.
2006 urteko Neguko Olinpiar Jokoek aurpegia aldatu nahi
omen diote hiriari. Lortuko dute. Ikusteko dago animua
suspertuko dioten. |