| ::
Naufragio asko izandako hiri baten sekretuak
Il Giardino parkea oso hurbil dago Magrisen Microcosmos
liburuan ageri den San Marco kafetegitik. Bildua da
parkea, atsegina. Bertako gaztainondo eta zumar handiek
itzal gozoa eskaintzen diete italiar literaturako hainbat
idazle handiren brontzezko bustoei: Carducci, Foscolo,
Manzoni, Alfieri… Zuri-zuri dituzte beren buru
patrizioak, Parnasoko loria lortu duten idazle guztiek
dute, parke honetan, adin errespetuzkoaren estalki zuria
irudimenak bere hemisferioa omen duen goiko parte horretan.
Italian sekula ez da, antza, idazle burusoilik, ile
beltzik, ile gorririk egon.
Halako batean, Triesten hain ugariak diren kaioetako
bat pausatu da Giacomo Leopardiren buru gainean. Lepoa
luzatu eta ezker-eskuin begiratu du hegaztiak lotsagabe.
Gero, behar bezalako estimua eta omen zirinezkoa obratu
du, zuri-zuri, idazle handiaren buru lehen ere zurian.
Lan ondo eginaren pozezko kurrixka bat atera zaio kaioari:
Il brutto potter che, ascoso, a comun danno impera;
e l´infinita vanità del tutto (Botere baldarra
zeina, ezkutaturik, oinaze komunari gailentzen baitzaio;
eta ororen banitate infinitua). Kaioak, ni korrika batean
ikusirik, hegoak zalapartaka astindu, eta harrotu bat
eman dio Leopardiren bertso zaharrari.
Arnasestuka iritsi naiz parkearen hondoan dagoen terrazara.
Hamar minutu daramatza nire zain Jose G.S.ek, Soriako
idazleak, atzo hitzordua jartzerakoan izandako gaizkiulertu
baten kulpaz. Barkatzeko. Parkez nahastu naizela. Topikoa
bihurtu da mugikorrek horrelakoetarako zenbat balio
duten esatea, eta topikoa astindu dugu biok lehendabiziko
diosalaren ondoren, mugikorrik izan ez bagenu porrot
egingo baitzuen gure enkontruak. Nirekin egoteko ahalegina
eskertu diot. Ez diodala denborarik lapurtuko, ez baitut
nekatu nahi. Hitzari hitz hasi gara, terrazan eserita
eta beti ere itzalpean, eguzkiaren jardun zuzenetik
aparte.
Gorpu bat Carsoan
Jose eta ni nobelagileak izaki, irakurleak aise asmatuko
du zer izan dugun ia hizpide bakar. Svevo-ren irakurle
zorrotza da bera. Idazle triestearrak tranbiekin zuen
obsesioaz jardun dugu. Neska gazte bat, garai bateko
tranbiek atzeko aldean zeramaten balkoitxoan; kalean,
agure ondo jantzi bat neskatxari begira. Neskaren ikuspuntua
hartuko du Svevok? Agurearen obsesioa kontatuko digu?
Agure bat neska gazte bati begira: horra hogeigarren
mendeko literaturak Italian eman duen saio interesgarrienaren
abiapuntu sotila.
Josek ondo ezagutzen ditu Trieste eta Triesteko historia,
bertako idazleak, bertara etorriak, Triesteri buruz
idatzi dituztenak. Halako batean, buruari eragin dio
ni Triestera uztailean joan izanaren tamala erakutsiz:
ez omen dut egokierarik izango udan ez beste urte-sasoietan
San Marco kafetegian izaten den tertulia literarioa
ezagutzeko.
Magrisek ofiziatzen du, Triesten dagoenetan, tertuliaren
gidaritza. Baina uda urte-sasoi ezin hobea da eguneroko
bizitzatik urrutiratzeko eta, parentesi bat eginez —bizitzari
bizkarrik erakutsi gabe, beti ere—, tartetxo bat
eskaintzeko urtean zehar behar ez bezala zaintzen ez
dituzun gorabeherei. Claudio Magris Cherso-ra, Istriako
kostako herri erdi galdu batera apartatzen da bi semeekin
uda pasatzera. Oreka psikologikoari eragiten dion arazoren
bat omen du semeetako batek, eta Magrisek hura zaintzen
pasatzen ditu bere konpromiso ugariek uzten dizkioten
ordu libre guztiak. Idazlea Cherson dago egunotan ere,
Triestetik pare bat ordura. Bela egiten du bi semeekin,
arrantzan jarduten dute, ibilaldi luzeak egiten dituzte
elkarrekin —gauza berak egiten zituzten Marisa
Madieri bizi zenean ere, Carso izeneko lurralde harritsuan–.
«Kareharrizko lurralde bat da Il Carso, ipuru-landarez
betea. Harrizko oihu izugarri bat. Euriak eta likenek
ilundu eta maiztutako harriak, bihurrituak, zulatuak,
zorroztuak. Landare lehorrak. Kareharrizko eta ipuruzko
ordu luzeak. Belarra lakarra da. Bora. Eguzkia».
Scipio Slapaterrek hogeita bi urterekin idatzi zuen
Il Carso nobela erdi poetiko erdi etnografikotik hartuak
dira hitz horiek. Adituek diotenez, Istriako natura
karstikoak inspiratu duen testurik ederrenetik. Baina
liburua argitaratu eta handik bi urtera, Lehen Mundu
Gerra Italian eragindako kapitulurik odoltsuena idazten
ari zen, non, eta Il Carson, gaur Esloveniak eta Kroaziak
Istrian dituzten lurraldeetan. Slapater da harri karstiko
baten atzean ezkutatuta ikusten ari garen soldadu italiar
hori. Halako batean, burua atera du ezkutalekutik, etsaia
non den ikusteko. Tiro-hotsa. Slapater zerraldo erori
da arrail karstikoetan, gizakiok naturarekin gorde behar
dugun komunioaren sinbolotzat daukan bere Il Carso miretsian.
Gogor jotzen du eguzkiak. Argiak elur itxurako distirak
ateratzen dizkio kareharriari.
Ia hiru ordu egin ditut Soriako idazlearekin. Etxeraino
lagundu diot. Ezkaratzean, Magrisekin egon ezinaren
tamala aipatu dit ostera ere Josek. «Etxean balego,
Magrisen lagun handi batekin afalduko genuke gaur gauean»
esanez agurtu nau. Deituko didala mugikorrera. Irritxoa
egin diogu elkarri, mugikorrei fidatzen segitzen baitugu
gure enkontruen fortuna.
Trieste è donna
Emakume batekin konparatu zuen Umberto Sabak, Triestek
eman duen poeta handienak, bere hiria. Emakume batek
sekretuak nola, halaxe dituela Triestek ere. Sekretuetako
bat, nire irudiko, tristura. Edo, hobeto esateko, sekretua
ez da hiriari darion tristura nostalgikoa, hori turista
itsuenak ere nabarmendu behar luke: Trieste, ove son
tristezze molte (Trieste, non tristura asko baitaude)
idatzi zuen Sabak berak. Ez: sekretua ez da tristura,
nostalgiazko tristura hori eragiten duen zera definigaitz
bat baizik.
Bero kiskalgarria egiten du, eguerdi-eguerdia da, eta
beroak ez du jatetxe batean sartzeko gogorik ematen.
Ezta terraza batean esertzeko ere. Gorputzari gogor
egin eta, etxarteetako itzalak baliaturik, pausoari
pauso, hiriko punturik altuenera eraman nau paseoak.
Nire oinpean, hiria. Aurrerago, moila, nasak, merkataluntziak.
Panoramaren hondo-hondoan behar du Veneziak, bero goriak
eragindako lanbro errean kulunka.
Igo berri dudan muin-muinoan, San Giusto eliza. Bertan
sartu naiz, hango freskuran atseden hartzera. Freskoek
eta mosaikoek, sabaiak eta sabaiko filigranek, ezker-eskuineko
leihoetatik datorren argia baliatzeko moduak arte bizantziarraren
itzal luzea erakusten dute. Elizaren albo batean, horma-hobi
bat. Borbondarren karlista adarreko hainbat handiki
hilobiratuta dago bertan: besteak beste, Felipe VIIaren
anaia bat, Carlos Maria Isidro de Borbon, lehen karlistadan
protagonismo handia izan zuena. Latza egingo zitzaion
Triesteko erbestealdia, Espainiatik hain urruti, eta
beretzat nahi zuen Espainiako erresuma bere iloba Isabelen
esku usurpatzaileetan zegoela burutik kendu ezinik.
Muinotik jaitsi, eta, Josek emandako aholkuari esker,
bi liburu-denda ezagutzeko aukera aparta izan dut. Lehendabizikoa,
Librería del mare. Zaila da bilatzen, ez baitago
inolako seinalerik: ez du ematen ezer handirik egon
litekeenik egurrezko ate zaharraren atzean. Behin barruan,
Julius Verneren Nautilus urpekuntzia gogorarazten duen
espazio harrigarri bat, dena itsasoari buruzko liburuz
eta itsas trepetez beteta: mapak, grabatuak, sestanteak,
urpekarien kaskoak, unamak eta era guztietako sokak,
aingurak… Ezinezkoa da ez gogoratzea Salgari,
Conrad, Melville, London, Vernerekin: haien grabatuak
eta haien liburuak daude nonahi. Eta, batez ere, haiek
hain ondo ilustratu zuten mundu bat, garai batean portuko
soto ugarietako bat izan zen liburu-denda erdi ilun
erdi naufragatu batean bildua.
Bigarren liburu-denda, Librería Saba, itxita
dago. Abisatuta nengoen, Saba poeta hil zenean haren
liburu zaharren denda erosi zuenak bisita ugari egiten
omen ditu-eta inguruetako tabernetara. Liburu-dendaren
gainean bizi izan zen James Joyce, baina ez dut fetitxismoa
bazkatzeko astirik izan, mugikorrak jo baitit. Jose.
Hitz egin duela Magrisen lagun minarekin. Elkarrekin
afalduko dugula.
Mundua eman didazue
Graziella, Joseren neska-laguna, nire ondoan eseri
da. Udinekoa da; oso ondo egiten du gaztelaniaz. Nire
parez pare, Jose eta hirurogeita hamar bat urteko planta
ederreko gizon lerden bat. Juan Octavio Prenz, Magrisen
lagun mina, poeta eta satira sozial handiko Inocencio
Honesto dekapitatuaren fabula narrazio fantastikoaren
idazlea. Kroaziarrak zituen gurasoek. Argentinara ihes
egin behar izan zuten. Argentinan jaio zen Prenz. Berrogeita
hamar bat urterekin handik ihes egin behar izan zuen,
jeneralen errepresio bortitzenen garaian, eta Trieste,
«hainbat kultura, hizkuntza eta erlijioen arragoa»
hautatu zuen bere etxe gisa: «ez nekien noiz arte,
arbolek bakarrik baitute sustrai premia. Argentinatik
alde egiterakoan, Atenasetik bidali zutenean Diogenesek
tiranoei esan ziena soilik nuen gogoan: hiria kendu
didazue, baina mundua eman».
Triesten sortu duten Pen Club-aren berri ere eman dit.
Taldearen ezaugarririk nabarmenena, bertako kide diren
idazle triestearren sorkuntza-hizkuntzak: italiera,
serbo-kroata, alemana, gaztelera, friulera, eslobeniera,
inglesa, frantsesa eta orain gogoan ez dudan bederatzigarren
bat. Udalak lokal bat utzi zien beren bilerak egiteko.
Zahar-etxe baten ondoan dago lokala, eta idazleek, alokairu
gisa, tailer literario bat sortu zuten edadetuekin lan
egin eta haien memoriak biltzeko. Album familiarra deitzen
diote iniziatibari, eta zahar-etxean dauden askok eta
askok idatziak dituzte jada beren memoriak. Gerran-eta
izandako esperientzien memorandum izugarri bat osatzen
ari direla esan digu Prenz-ek: «Naufragio asko
bizi izan ditu hiri honek. Naufragiootatik salbatu edo
erdi salbatu zirenen memoria gordetzea da gure asmoa».
Gau-giro ederra egiten du. Terraza batean gaude, itsasoa
etxe artean ikusten dugula, zilartsu ilargipean. Gozoa
da solasa, orduek erantzi dute beren soineko estua,
afari onari grappa hobeago batek segitu dio. Graziellak
Joseri begiratzen dio etengabe. «Ondo zaude? Ez
zara nekatuta egongo?».
Juan Octavio agurtu eta gero, etxeraino lagundu diet
Joseri eta Graziellari. Josek nekearen arrastoak ditu
ibileran, hizketan, aurpegian. Besarkada bat eman diot,
eskaini didan tratu ezin hobea nola eskertu asmatu ezinez.
|
::
Album literario baterako
James Joyce Triesten: horra Trieste
eta literaturaren arteko harremanak irakurleari gogora
ekarriko dion irudi nagusia, agian bakarra. Baina imajina
ditzagun beste hiru argazki, Triestek hogeigarren mendean
literaturarekin (edo literaturak Triesterekin) izandako
harremana ilustratzeko. Hiru argazkiok hiru kafetegitan
hartuak lirateke, hiru kafetegiok vienar estilokoak
dira.
Lehendabiziko argazkia mendearen hasierakoa
litzateke, Garibaldi kafetegian ia egunero egiten den
tertuliako izarra Umberto Saba poeta da. Haren inguruan
kafe hartzen eta zigarroa erretzen ari direnak, Virgilio
Giotti poeta, Gianni Stuparich kritikoa eta Scipio Slapater
prosista eta poeta dira. D´Annunzioren azken lana
komentatzen du urliak, ozpin gaizto batez. Berendiak
dio Rilke izeneko idazle aleman bat bizi dela handik
hurbil, Duinon, eta haren poema bat irakurri du —nabarmen
du irakurketako hizkuntza ez duela berea— alemanez.
Triestera iritsi berri den James Joyce izeneko idazle
irlandar luze argal baten albiste eman du sandiak…
Baina literaturaz gainera, tertuliakideek lehen Mundu
Gerra dute tertuliako hizpide nagusi.
Bigarren argazkia hamar bat urte geroago
aterea da, eta, zehatzak izateko, gehiago da jatetxea
kafetegi bat baino. Ristorante Antica Bonavia du izena
lokalak, eta Svevo izan zen tertulion sortzailea, Sabarekin
oso ondo konpontzen ez zelako seguru asko. Svevok James
Joyce izan zuen, besteak beste, tertulia-kide. Baina
gutxi iraun zien biei tertuliotara etortzeko egokierak,
ia tertulia sortu berritan hil baitzen Svevo; ia tertulia
sortu berritan alde egin behar izan baitzuen Joycek
Triestetik gerra lehertu berriaren kausaz. Pietro Pancrazi
kritikoak eta Gianni Benco kazetari eta olerkariak betetzen
dute, beste hainbat idazlerekin batera, haien lekua.
Svevo eta Joycerenganako miresmen pitzadurarik gabeak
bizi ditu tertuliok. Faxismoaren garaiak dira. Ahapeka
bakarrik hitz egiten dute politikaz, ahotsa lodituz
literaturaz.
Hirugarren argazkian —iragan neguan
aterea da—, Claudio Magris ageri da San Marco
kafetegian. Ondoan du Juan Octavio Prenz poeta eta nobelagilea.
Bertan dago, izkina batean, Jose G.S. Soriako nobelagilea
ere. Aldian-aldian, Marko Kravos poeta eslobenoa agertzen
da tertuliotara. Baita friuleraz idazten duen Ezio Giust
poeta ere. Mitteleuropa da gehien entzuten zaien hitza.
«Tertuliotako batean parte hartzeko aukera bazenu,
Magrisek besteoi entzuteko duen jarrerak harrituko zintuzke»,
esan dit Josek.
|