EZ DUZU gondoleroez aparteko veneziarrik ikusiko gondola batean. Veneziarra oinez ibiltzen da. Gehienez ere, vaporettoan.
 
 
ORAIN EHUN URTE, 1904ko urriaren 20an, James Joyce eta Nora Barnaclé neska-laguna Triestera iritsi ziren trenez. Hiria mendeurreneko ospakizunak prestatzen ari da.
 
 
IL CAGALIBRI deitzen diote veneziarrek eskultura honi, Nicolò Tomasseo liburuak obratzen ari dela ematen baitu.
 
 
CASANOVA. «Damatxo nirea, naturaren kontrakoa da irakiten ari den pasioari ur hotza botatzea».
 
 
HUGO PRATT-EN Colto Maltese pertsonaia San Marco basilikako Urrezko Atearen aurretik pasatzen.
 
 
VISCONTIREN Heriotza Venezian filmearen afitxa.
 
 
 
::: Triestetik Veneziara
Triesteren grazia nostalgikoari agur • Ehun urte James Joycek Trieste hautatu zuela • Etorkinen polemika Italian • Casanova zaharraren itzulera • Auto-estimua frogatu nahi denean • Piazza San Marco-tik aparte, begien maizter

:: Corto Maltese eta Dick Bogarde argazki berean

Trieste ha una scontrosa grazia (Triestek grazia iheskor bat du), dio Umberto Saba-ren bertso batek. Grazia horren sekretuak ibili nau egunotan atzetik. «Itzuliko naun», pasatu zait burutik. Ez da nostalgia. Bertako etxe, kale, teilatuetan denbora gelditu dela iradokitzen duten hiriei eskaini behar zaie arreta gehien. Eta denbora geldituta dago Triesteren garai historiko aldekoenen haizearen abarora Vienako estiloan jaso zituzten eraikuntza handietan. Asiccurazioni Nazionali eta Lloyd´s aseguru-etxeenak dira hirian han-hemenka barreiatuta dauden eraikuntza pribatu ederrenak. Polita metafora: mesfidantza omen da segurtasunaren motore.

Portuko merkantzien aseguru-etxeek, aipatutako bi horiek bereiziki, zeregin handia izan zuten hiriaren sasoi bateko garapen ekonomikoan. Baina orain gerontokrazia handia dago Triesten: azkeneko datuen arabera, jubilatuak dira biztanleen ehunetik hogeita bost. Liburuxka bati irakurri diodanez, «Triestek ez du zahar-etxeen premiarik, hiri osoa baita zahar-etxe handi bat». Baina inon baino independenteagoak dira hemengo zaharrak: bakarrik bizi dira eta unibertsitatera joaten, hizkuntzak ikasten dituzte eta kirolik arriskutsuenak praktikatzen, ehizean ibiltzea edo perretxikoak bilatzea gustatzen zaie Esloveniako baso hurbiletan… Eta, oroz gain, horri guztiari gailentzen zaion pasio bat dute: gutunak eta gutunak bidaltzen dituzte egunkarietara beren kritikak, protestak, kexuak, arrangurak agertuz.

Gazteei, berriz, bertatik alde egiteko premia eragiten die Triestek. Angelo Baiguera kantariak ondo espresatzen du sentimendu hori: Trieste, barattoli vuoti, vie deserte a notte inoltrata, Trieste, blue-jeans e bestemmie, Trieste, Trieste abandonata (Trieste, flasko hutsak, kale bakartiak gaueko ordu txikietan, Trieste, blue-jeansak eta biraoak, Trieste, Trieste baztertua).

Horrek guztiak tristura halako bat sortuko zion agian irakurleari. Baina Trieste eta triste hitzen arteko lotura erraza —errazegia— saihestu izan dute hiri hau kantatu izan duten poetek. Triestek grazia iheskor bat du, bai. Baina ez nuke esango tristura denik. Ondo eramandako dekadentzia baten dotoretasuna? Ez dakit. Baina grazia horri lotuta bizi izan zen James Joyce hainbat urtetan, Assicurazione Nazionale-ko bulegoetako batean lan eginez. Aurten betetzen dira ehun urte Ulissesen egilea Triestera iritsi zela. Assicurazione Nazionale-n lan egiteko kontratua eskuan zuela etorri zen Kafka ere Triestera, baina ez zituen hogeita lau ordu egin hemen. Oraindik inork ez du argitu zergatik. Grazia iheskor horren beldurrez ihes alde egin al zuen Franz Kafkak Triestetik, deabrua atzetik balu baino bizkorrago? Grazia iheskor horren sekretuak erakarri omen zuen honaino Cecilia Bölh de Faber —goitizenez Fernán Caballero—, emakumea literaturan eta emakumea munduan zehar ikustea arrotza bezain arriskutsua zen garai haietan…

Badu zerbait, bai, Triestek. Veneziara eramango nauen trena hartzera noa, eta badakit itzuliko naizela egunen batean. «Laster arte», esan dut trena abiatu denean. Nire ezker aldean, Il Silos eraikuntza luzearen horma hondatuak, leiho-lana egiten duten ehunka zulo txikiekin. Marisa Madierik: «Il Silosen sartzea paisaia dantesko halako batean sartzea zen, gaueko purgatorio ketu batean…». Baina laster, itsasoa nagusitu da, liberazioa, verde acqua. Bagoiaz jabetu den argiaren arabera, zeruak arnasa hartu duela ematen du.

Etorkinei buruzko debatea

Notak ordenatzen egin dut bidaiaren parte bat. Gero, egunkaria zabaldu dut. 189 nazionalitateko ikasleak esertzen dira Italiako ikasgeletako bankuetan. Albaniarrak dira ugarienak: 40.482 ikasle. Gero, marokoarrak. Jugoslavia zeneko lurraldeetakoak, segidan… Padanian kontzentratzen dira gehienak, bertan baitago lan egiteko aukera gehien.

Kanpotik etorritako ikasleekin zer egin, horra egunotako egunkariek darabilten polemika. Bi gertakarik piztu dute sua. Lehendabizikoa: orain egun batzuk Campania Lurraldeko Kontseiluak erabaki zuenez, arabiarrek oporrak izango dituzte Ramadan garaian, gauza bera txinatarrek beren Urte Bukaerako festa-egunetan, gauza bera hebraitarrek beren Pazko garaian… Bigarren gertakaria: Milango lizeo batek klase aparte batean bildu nahi ditu bertako ikasle islamdarrak datorren urtean. Lehendabiziko kasuan, etorkinen festa erlijiosoei buruzko polemikan, debatea da gehiegizko tolerantziak ez ote gaituen jarriko Mendebaldeko baloreak eta ituntzen ari garen Europako identitatea desintegratzeko bidean. Bigarrenean, islamdarrak gainerako ikasleengandik apartatzeko iniziatiban, debatea da ez al gauden progresismo faltsuen izenean makilatu nahi den arrazakeria baten aurrean.

Identitatea versus tolerantzia? Permisibitate oro progresista da? Polemika pil-pilean dago. Iraungo du. Iritsiko da Euskal Herrira ere.

Veneziako ateetan

Beste kezka batzuk ditu Giacomo Casanovak Veneziara bidean. Sedukzioaren printzeak urte asko egin ditu bere hiritik urruti, ia Europako gorte guztietan baliatu ditu bere espia-dohainak guztizko luxu baten truke. Baina orain Casanova adinean aurrera doa, nekatuta dago, haren gorputzak eta aurpegiak ez dute garai bateko erotismoa transmititzen. Veneziara itzuli nahi luke. Horretarako, hainbat gutun idatzi dizkio Serenissimari, Veneziako Errepublikako buruari, gorteko noble baten aurka idatzi zuen libeloa barka diezaion. Barka diezaiola Veneziako kartzela seguruenetik ihes egin eta Serenissimaren segurtasun-neurriak barregarri utzi izana ere. Damu zaiola (me spiace la mea condotta dira Casanovaren hitzak) Errusiaren edo Vienaren aldeko espioi-lanetan ibili denetan inoiz Veneziako interesak kaltetu izana.

Erantzunaren zain dago Casanova. Hain zaharrak dira Serenissimaren arbuioa eta zigorra merezi izan zuten kontuok! Eta halatan, gogoetok buruan Veneziara bidean doala, jauregi eder bat ikusi du Casanovak agian ni Veneziara naraman trena zeharkatzen ari den landa eder hauetako batean. Giacomok gazte garaian ezagutu zuen maitale gogoangarrienetako bat bizi da bertan. Casanovaren gorputz abailtzen hasiak suspertuko dio emakumeari garai bateko sua? Maitalearen gorputz biluziak eragingo dio Casanovari gaztetako erakarmen erotikoa? Horra Arthur Schnitzler-en bibliografiako agian eleberri onenaren abiapuntua (Casanovas Heim-fahrt, Casanovaren itzulera); horra Casanova Veneziara itzultzeak irudikatzen duen iraganeko dohainen eta egungo abailduraren arteko lehia; horra neure buruari egiten diodan galdera ere: Veneziak liluratuko eta erakarriko nau gazte garaian bezala?
Aukera nuke, adibidez, Elide Pitarello hispanistarekin egoteko. Veneziar bakarra da Felix de Azúa, Eduardo Mendoza edo Javier Marías-ek hauspotu duten Los venecianos izeneko Venezia zaleen taldean. Telefonoz deitu ez deitu egon eta gero, deliberatu dut bakarrik abiatu behar dudala hiriaren bila: Venezian izan naizen bost alditan, lehenengoa izango dut bakarrik.

Sei nessuno!

Tren-geltokiko ate nagusiaren parez pare, Kanal Handia. Eguerdia da, zeru erreari gandu lausoa dario. Orekatuenen sosegua aztoratzerainokoa da geltokiko eskaileretan gora eta behera dabilen jendearen zalaparta; jendez gainezka daude vaporettoa hartzeko geltokia eta kanal-alboetako igarobideak; jendez gainezka doaz ontziak kanalean gora eta kanalean behera.

Nire fortunaren mesedetan, ez daukat bide luzea egin beharrik liburuz lehertu beharrean dauzkadan maleta eta esku-poltsarekin, ez daukat vaporetto bat hartu beharrik ere, hotela geltokitik bi pausora baitago, Santa Maria in Nazaret eliza ondoko kale estu luze batean.

Hotela txikia da eta gelan, berriz, txerpolariarenak eta bi egin beharra dago ohearen eta hormaren arteko pasillo txikitik pasatzeko, komuna eta gela eta Venezia osoa betirako hondoratu gabe dutxatzeko, belaunak behartu beharraren behartu beharrez meniskoak txikitu gabe komunean esertzeko…

Siesta labur bati esker nahiko adore bildu eta gero kalean topatuko ditudan jende-tropelei aurre egiteko, Cannaregio auzoan barrena hartu dut, munduak ezagututako lehen Ghettoa zegoen aldera eta Piazza San Marcora daraman ibilbidetik aparte. Nortzuk diren veneziar petoak asmatzen saiatu edo haien jarduna entzun nahi duenak turisten bideetatik apartatu behar du. Eta hala ere, lanak, zaila baita hiri honetan nor den bertako peto nabarmentzea.

Egunotako egunkariek bitxikeria polita dakarte: auto-gudari batek epaiketa irabazi dio istripu tonto horietako baten ondorioz sei nessuno! (ez haiz inor!) bota zion beste auto-gidari bati. Epailearen ebazpenak dio iraina bota zuenak kalteak eragin dizkiola irainduaren egitura psikologikoari.

Anekdota polita da bere egoaren ispilu bila dabilenak non ez duen begiratu behar ilustratzeko. Auto-estimuaren bila bazabiltza, ez etorri Veneziara; nessuno sentituko zara hemen; nessuno bat, milaka eta milaka nessunoen artean. Hemen nekez aurkitu duzu zeure identitatea. Aitzitik: inon baino anonimoago sentituko duzu zeure burua. Denda batean soilik zara nor. Batez ere, kreditu-txartela erakusten duzun minutu labur horretan. Inoiz pasatu zait burutik horregatik ibiliko dela hainbeste jende dendetan. Tristeak benetan nortasuna kreditu-txartelarekin erosten dela pentsarazten diguten garaiok…

Jendeak hemen ez dizu begiratzen. Ikusi ere, apenas ikusten zaituen. Kale esturen batean inorekin tupust egiteko arriskuan bazaude, senez bereziko zarete biok eta ez elkar ikusi duzuelako. Egizu froga eta has zaitez pentsatzen nolakoa zen eta nola jantzita zegoen orain bi segundo doi salto txikia emanez saihestu behar izan duzun pertsona. Ikusezina, horixe zara; ikusezinak, horixe zaizkizu.

Eta hala ere, begiaren hiria da Venezia, ondo dio Josef Brodskik. Leihoetan pausatzen dira begiak eta ate txikietan, ate gaineko sinboloetan, kale estuen sarreretan, balkoi eta arkuetan, zoruan, etxe arte estutik apenas ikusten den zeruan, zubipeko ur uherretan, kanal-ondoan lotuta dagoen ontzi txikian, frutaz kargaturiko txalupan, poste baten puntan pausatu den kaioan, nonahiko hormetan ikusten diren kimera, grifo, maskaroi, gurutzeetan…

Ibiliak eta begiek eragindako nekeak garagardo bat hartzera eraman nau plazatxo bateko terraza batean. Plazaren erdian, veneziarrek il cagalibri (liburu obratzailea) deitzen dioten Nicolò Tomasseo politikari eta idazlearen eskultura. Honainoko bidean, nola ez, liburu-denda batean sartu naiz. Corto sconto izeneko liburu baten pila dago sarreran. Ez naiz liburu-pilen zale, baina honek ez du atzera egiteko egokierarik ematen. Veneziako gida berezi-berezi bat da, Hugo Pratt marrazkilari veneziarrak asmatutako Corto Maltese komikiko pertsonaiak iradokitzen dizkigun paseoen narrazio bat: bidaia esoteriko kultural bat Veneziako ibilbide fantastiko ezkutuenetan barrena. Liburuaren titulu Corto hitzak komikiko pertsonaiaren izenarekin eta corto (laburra) adjektiboarekin jokatzen du. Sconto, berriz, deskontua da. Hugo Pratt hilda dago, eta haren ehunka eta ehunka marrazki baliatu dituzte liburuaren egileek gidan sartzeko. Hor bilatu behar dut tituluaren arrazoia?

Ez dakit. Ez daukat hiztegirik eskura. Baina betazalak erre beharrean ekin diot irakurketari.

 

:: Begiradak

Ezra Pound, Thomas Mann, Stendhal, Simone Weill, Josef Brodski, W. H. Auden, Lord Byron, Henry James, Ana Achmatova, Susan Sontag… Venezian izan eta Veneziari buruz idatzi dutenen zerrenda bat egin nahiko banu, labur geldituko litzaizkidake erreportaje-sail honetarako behar ditudan orriak. Zerk erakartzen du artista bat hona? Zergatik dio Anna Achmatovak behin hiri hau ezagutu eta gero, «hil arte biziarazten den amets bat» dela Venezia?

Viscontiren Heriotza Venezian filmean Dick Bogarde aktorea erdi etzanda dago vaporetto batean. Puntu jakin batean lotua du begirada. Nora edo zeri begira dago, ordea? Ur uherrari, agian: ura beti da berdina eta, aldi berean, beti ari da berritzen. Beharbada aurrean duen palazzo-ko leihoetako arkuek piztu dute Bogarderen begiradaren arreta, eta aktoreak antzezten duen pertsonaia hausnartzen ari da zenbat pultsio erotikoren enkontrua eta emaitza ote den hiri bat, eta, hiri guztien gainetik, Venezia. Bogarde egon liteke kanal-ertzeko bidean aurrera doan mutil gazte horri begira ere, mutilarengan aurkituko duelakoan bere musikari-karreraren aldapa beherako eroria bridatzea, leuntzea, gelditzea…

Hiru interpretazioak dira zilegi, nolanahikoa ere den edertasuna, hari begira baitago Bogarde. Hainbat idazle eta artista erakarri dituen eta hainbat musika, pintura eta liburu eragin dituen edertasunari begira. Agian horregatik dio Anna Achmatovak hiria ezagutu duenarentzat «hil arte biziarazten den amets bat» dela Venezia.

© berria.info 2004