| ::
Zalduna zaldiaren pare: biluzik
Herenegun, San Marco plazatik hurbil nenbilela, Bauer
Grünwald hotel aurretik pasatu nintzen. Naziek
bertan eduki zuten beren kuartel nagusia, eta hain gustukoak
zituzten luxu eta dotorezia baliatzen zituzten beren
egiteko kriminala edertzeko. Serenissimaren garaietatik,
Veneziak ez zuen hain bizitza sofistikaturik ezagutu.
Harik eta partisanoen atentatu batek kuartel bihurtutako
hotela guztiz birrindu zuen arte. 1949an jaso zuten
berriro. Luxuzko hotela da, bost izar ditu, gida guztietan
ageri dena. Veneziara doan aleman aberatsak bertan hartzen
du ostatu. Baina Internet-en nekez aurkituko duzu hotelaren
fatxadako irudirik. Terrazen, logelen, logeletatik ikusten
diren panoramiken edo jantokiaren argazkiak, nahi adina.
Baina fatxadarenik ez. Kasualitatea? Hotelaren jabeen
zuhurtzia? San Moises eliza ederraren ondoan eraikia,
polemika handia sortu zuen eraikuntzak, ez omen du-eta
gordetzen gustu onari zor zaion begirunea. Josef Brodski
poetak Veneziari eskaini zion Fundamenta degli Incurabili
(Sendaezinen fundamenta edo kanal-ondoko bidea) «zementuzko
kaiola» deitzen dio eta baita «begi bete-betean
emandako ukabilkada» ere. Hotela «irain
arkitektoniko» bat dela dio azken urteotan Italian
moda-modan dagoen Piero Pazzi argazkilariak (agian irakurleak
gogoan izango du homosexualak ematen omen duten apaizen
eta apaizgaien argazkiekin urte honetarako egin zuen
egutegiak eragindako eskandalua); eta Piero Pazzik,
probokatzailea baita, esan du hotela konstituzioaren
kontrakoa dela ere: Italiako lege nagusiaren 9. artikuluak
hirietako itxuraren defentsa aldarrikatzen baitu; hotelak,
aldiz, hondatu.
Hainbeste daude!
Bauer Grünwald hotelaren fatxadari buruz esan
dituztenek —eta inongo testuingurutan nekez funtziona
dezakeen fatxada hori Veneziako eliza ederrenetako baten
ondoan neure begiokin ikusi izanak— Italian pasatu
ditudan egunotan ateratako inpresio bat areagotu zidan:
Italiako gaurko arkitektura missing dago. Ohartzen naiz
egin berri dudan generalizazioren arriskuaz, baina inpresio
hori buruan nuela egin nuen atzo arratsaldean Peggy
Guggenheim-en museorainoko bidea, Veneziako erakusketa
eta arte-galeria nagusiak dauden Dorsoduro auzoan barrena.
Italiako arkitektura, ez daukat esan beharrik, neurririk
gabe da aberatsa. Gidetan-eta agertzen ez diren edozein
bazterretan aurki ditzakezu gidetan-eta agertzen ez
diren txundituta gelditzeko moduko elizak, jauregitxoak,
kolonak. Ugaritasunaren ondorioa da: garai guztietako
ondasunak dituzu nonahi. Zehatzago: gaurkoak ez beste
garai guztietako ondasunak. Egunotako nire atzera-aurreretan
ez dut gaurko arkitekturarik, gaurko hornikuntza urbanorik,
gaurko urbanismo deigarririk topatu. Eta aurkitu ditudan
apurrak, grazia handirik gabeak. Tartean, Bauer Grünwald
Hotel-eko fatxada bezalako bat edo beste, Brodski-ri
«begi bete-betean emandako ukabilkada» bat
iruditzen zaizkion horietakoak. Agian inori irudituko
zaio muturreraino eramaten ari naizela inpresio hutsa
besterik ez dena. Horregatik, zehatz dezadan gehixeago
inpresiori hori: Mussoliniren garaiari faxista-itxura
betea eman zioten eraikuntza hantuste erraldoi haietatik
—ez zaizkit harrokeriak gustatzen ez bizitzan
ez artean— arkitektura zibil deigarri gutxi egin
da Italian. Italiarrak asko eta ona ematen ari dira
—ziren idatzi beharko nuke?— diseinuan eta
modan, baina ez beste hainbat alorretan. Gainera, irudipena
dut diseinua eta moda erakusketetan eta pasarelatan
ageri dela, baina ez kalean, dendetako erakusleihoetan,
eraikuntza publikoen hornikuntzan. Kanpora saltzea dutela
helburu, hiriko dama dotoreenentzat josten zuten Dickensen
obretako jostun pobre gaizki jantzi haiek bezala.
Museo berri gehienak jauregi zaharrak baliatuz sortzen
ari dira. Hainbeste daude! Ez dira eraikuntza berriak
egiten hasiko hainbeste ondare, askotan erabili gabea,
dutenean! Ondare ugariegiaren zerga ordaintzen ari dira?
Ez dakit. Baina kontua da modernitatearen babesletzat
jo izan den Peggy Guggenheim-ek ere hemezortzigarren
mendeko eraikuntza batean, Venier dei Leoni izeneko
Palazzoan, zabaldu zuela bere museoa. Palazzo
non finito (jauregi bukatugabea) deitzen diote
veneziarrek. Beste bost pisu zituen proiektuak. Ez da
ezagutzen zergatik ez zuten bukatu. Bukatugabeari bukatuaren
estatusa eman zioten Peggy Guggenheimek eta Peggy Guggenheim
aholkatu zutenek. Modernitateaz ari garelarik, noranahiko
bideak har ditzakeen metafora bat iruditzen zait bukatugabea
bukatutzat jotze hori.
Zeruari oihu
Ikusteko asko dago Peggy Guggenheim museoan. Asko eta
ona. Asko eta askotarikoa. Irakurlea nekatzeko inolako
asmorik gabe: kubismoa, dadaismoa, ez-figuratiboak,
futuristak, onirikoak, suprematismoa, metafisikoak,
surrealistak, neo-figurazioa, espresionismo abstraktua…
Braque, Picasso, Léger, Picabia, Duchamp, Klee,
Chagal, Rothko, Dubuffet, Bacon, Morandi, Calder…
Museo batera doanari on zaio aurrez jakitea zeren bila
doan. Ikusleak bilduma baten ideia ekarri behar du hona
—ugaritasunarena gehi desberdintasunarena—,
bestela galduko da, galduko zaio perspektiba. Bizitzea
tokatu zaizkigun garaion ezaugarria da agian museo honetan
ageri den eklektizismo hori: berria izatea zen hemengo
obren ezaugarri nagusia.
Horri erantsi behar zaio museoa ez dela batere handia
hainbat lan erakusteko, koadroak ia elkarren gainean
baitaude. Ipuin bat idatz dezaket museo honetako koadroek
elkarren artean duten lehiaz: nork nori itzala egingo
daude, zeinek ikuslearen arreta bereganatuko. Irudi
du asko erakustea dela museoaren helburua —ohartzen
zarete zein eskuzabala zen Peggy artistekin?—
eta ez ondo erakustea.
Jende asko zebilen atzo atzera-aurrera eta gela txikiak
dira: ez da zaila arreta galtzea. Museoetan-eta sarri
izaten dudan entretenimendu batek distraitu ninduen
atzokoan ere denbora pixka batez: museo-zaintzaileei
erreparatzea gustatzen zait. Veneziako Guggenheim-ekoek,
berdin dio neskak ala mutilak izan, estetika bati erantzuten
diote: luze argalak dira, ile motza daramate, lau-lauak
dira atzetik eta aurretik, galtza erosoak eta alkandora
estuak dituzte soinean, ingelesez hitz egiteko joera
dute baita euren artean ere nahiz italiarrak diren…
Propio eskatzen dituzte horrelakoak ala horrelakoak
erakartzen ditu toki honek? Auskalo. Nolanahi ere den,
deserosoa egin zitzaidan, ia eramanezina, museoan arnasten
ari nintzen aire hutsal-fashion total hura,
beti berri beti moderno, beti azken
olatuko izan beharraren esklabutza. Agian horrexegatik,
eramanezina egiten zaidalako, bildu nuen atzo pazientzia
pixka bat berriaren, modernitatearen, azken olatuaren
amandre babesleak berarekin batera lurperatuta dauden
txakurñoei jarri zien epitafioa kopiatzeko:
Here lie my beloved babies (hemen hartu dute
atseden nire kreatura maite) Cappucino, Pegeen,
Percoek, Toro, Foglia, Madam Butterfly, Baby, Emily,
White Angel, Sir Herbet, Sable, Gypsy, Hong Kong, Cellida.
Museoaren atzeko aldeak Kanal handira ematen duen parketxo
bat du. Hara joan nintzen, haizea behar nuen eta ur
azpian denbora gehiegi pasatu duen igerilari batek bezala.
Parkearen erdian Marino Marini-ren eskultura bat. Bakarrik
dago eskultura, inguruan ez du beste ezer, ez neukan
ez kontzentratzeko aitzakiarik. Zaldun bat zaldi gainean.
Nekez uler daiteke eskulturaren historia zaldizko estatuarik
gabe: Marini-renak zaldizko etrusko bat gogorarazten
du. Zalduna, animalia bezala biluzik, oihuka ari zaio
zeruari. Animalia lurrari lotua dago; zaldunaren beso-hankak
eta zakila, berriz, airean daude, grabitateak bakarrik
mantentzen du zalduna, ez zaldunaren desioak, animaliaren
gainean.
Jiraturik, kanal aldera begira jarri nintzen. Vaporetto
bat zetorren San Marco aldetik jendez gainezka. Museoaren
aurretik pasatzerakoan, askok, Veneziako gidak eskuan,
ni nengoen tokia seinalatzen zuten lilura erlijioso
halako batez.
Marini-ren zaldunak zerura oihu eta oihu eginez segitzen
zuen nire atzean.
Kontrabidean
Kanpai-hotsak sei t’erdietan; kanpai-hotsak eta
Salve Regina zazpi t’erdietan; kanpai-hotsak ostera
zortzi t’erdietan. Kanpaiek ateratzen duten hotsen
araberako eguraldia egiten badu, egunak argitsua behar
du eta beroa.
Hegaldia bitartean denbora egin behar-eta, egunkaria
irakurri dut tren-geltokiko eskaileretan, Kanal Handia
aurrean dudala. Jendea uholdeka dator trenetatik eskaileretan
behera. Handia da zalaparta. Baina zalapartariagoak
izan ohi dira egunkarietako portadak. Bossi-ren bihotzekoa,
gobernu-koalizioaren krisia, Filipinetako gobernuaren
jarrera-aldaketa Irakeko bahituak salbatzeko, Pozzattok
atzo Tour-ean irabazitako etapa, fans batek ordaindu
duen dirutza James Joycek Nora Barnaclé maitaleari
idatzi zion gutun erotiko bategatik…
Autobusez egin dut aireporturainoko bidaia. Goizeko
hamaikak dira. Auto-uholdeak datoz Veneziarantz, batere
trafikorik ez dago kontrabidean. Autobuseko bezero bakarra
naiz, baina ezin dut gidariarekin hitz egin. Vietato
parlare con il conduttore. Atzerako ispilutik begira
ari zait gidaria. Bekainak kizkurtuak ditu. Izan daiteke
argiaren eraginagatik. Edo baita buruan galdera bat
darabilelako ere: nork abandona dezake Venezia igande
goiz argitsu batez?
|
::
Do ut des
La città è un stato
d’ animo (Hiria gogo-aldarte bat da) dio
Mario Soldatik. Nobelagile torinotarrak bera jaio zen
hiriagatik dioena hiri guztiei aplika dakieke. Hiri
bat gogo-aldarte bat da beti, une jakin batean bere
garaiari begiratu eta bere garaia bizitzeko modu bat.
Halatan, hiri bat ezagutzea hiriaren aldarteaz jabetzea
da, hiriek, pertsonek bezala, unean uneko jarrerak dituztela,
ez beti berdinak, ez beti koherenteak, ez beti positiboak.
Uste dut horrela begiratu behar zaiola
hiri bati: pertsona bati bezalaxe.
Do ut des esaten da latinez.
Ematen dizut eman diezadazun. Torino, Aosta, Trieste,
Rijeka, Padua, Venezia: do ut des tratuan ibili
naiz hiriokin. Nekez jakin dezaket eman didaten adina
eman diedan. Batzuekin eskuzabalago portatu naiz eta
eskuzabaltasuna nabaria izan dela iruditzen zait. Hiriak
ere nirekin halaxe, eskuzabal, portatu direlako izango
da.
Do ut des esaten da latinez.
Ematen dizut eman diezadazun. BERRIAkoek eman zidaten
aukera baliatu nuen Italiako iparraldean txango egiteko.
Ondoren, hamar erreportajeok eskaini dizkiet egunkariko
irakurleei, zorrak kitatu ditudan esperantzaz. Eta,
zuk, irakurle horrek, nire oporren zatiño bat
bederen gozatuko zenuelakoan. Ez ahal nintzen, behintzat,
oporretatik bueltan diapositibak edo bideoa erakusten
dizkizun ahaide edo lagun hori bezain astun aspergarria
izango! |