Aizpea Goenaga. Zinemagilea
Gaur estreinatuko dute areto komertzialetan Aizpea Goenagak zuzendutako 'Sukalde kontuak' euskarazko komedia. «Urduri samar» dagoen arren, egilea gustura azaldu da egindako film koralarekin. «Ikusle zorrotzenak etxekoak dira beti», dio.
«Oraingoz gainditu gabeko irakasgaia da euskarazko zinema»
Xabier Martin. Donostia
Bizikletaz iritsi da hitzordura. Aspaldi honetan batetik bestera dabil aurkezpenak egiten eta elkarrizketak ematen; apenas hartzen duen patxadarik. Edonola ere, Aizpea Goenagak (Donostia, 1959) ohikoa duen irribarrea are zabalagoa da egunotan. «Benetan gustura» geratu da Sukalde kontuak zinemarako bere opera prima-rekin -aurretik Zeru horiek telefilma zuzendu zuen-. «Kritikek eragiten naute», onartu du. Baina, aldi berean, «inoiz baino seguruago» dago jendeak ongi pasatuko duela bere lanarekin; «ea ahoz ahokoa martxan jartzen den», dio itxaropentsu.
Aurreko astean erakutsi zenuen estreinakoz Sukalde kontuak BERRIA-ren eskutik. Atera al duzu ondoriorik Andoainen jasotako harrera beroa dela eta?
Andoainen ikusle anonimoei erakutsi genien filma, eta handik benetan gustura atera nintzen, oso sentipen onarekin. Zalantzarik ez daukat jende askori ez zaiola filma gustatuko, hori beti gertatzen da, baina emanaldi hori ez zen batera erraza, etxean jokatzea ez baita errazena. Etxekoak gogorrak izaten dira, ikusle zorrotzenak dira; horrelakoak gara. Dena den, jendea irribarre batekin atera zen Basterotik, eta hori niretzat amets bat baino hobea da.
Bartzelonan ere erakutsi duzu. Zer moduz joan da hango aurkezpena?
Emanaldi hori prentsa espezializatuarentzat izan da, alegia, oso bestelako giroan. Baina handik ere oso gustura atera gara; esaterako, prentsaurrekoan hasi eta lehen galdera zinema mutuan oinarritu ote naizen izan da. Alegia, nik helarazi nahi nuena ulertu dela ohartu naiz.
Gaur, berriz, zinema areto komertzialetara iritsiko da Sukalde kontuak. Kritiken beldurrik ba al duzu?
Jar zaitez nire lekuan une batez: lanean ematen dituzu urteak proiektu bat aurrera ateratzeko. Bultza eta bultza ari zara maldak gainditu nahian. Eta halako batean, filma martxan jarri duzula ohartzean, jendearen iritziak ez dizula eragiten esatea gezur esatea litzateke. Kritika txarrek, batez ere zakarkeria handiz egindakoek, lur jota uzten naute. Ni, behintzat, horrela geratzen naiz. Baina jadanik urte batzuk baditut, eta ikasi dut zerbait honi buruz. Aurreko asteetatik ari naiz prestatzen kontrako iritziak ahalik eta modu onenean jasotzeko.
Kritikak eta kritikak daude, hala ere, ezta?
Inolako zalantzarik gabe. Badira batzuk beraiek zure filma nola egingo luketen kontatzeko beharra daukatenak. Nik ere beste modu batera egingo nuke beharbada! Baina baldintza jakin batzuetan lan eginez horrelaxe egin dut nik.
Euskarazko zinema egite soilak filiak eta fobiak sortu ohi ditu...
Filiak ez dira asko. Euskarazko zinemak bere tokia lortzeko izugarrizko arazoak ditu. Nik uste dut jendea ez dela jabetzen halako proiektu potolo batean sartzean zer-nolako presioak izan ditzakezun. Diru asko dago jokoan, eta inoiz ez daukazu abentura ongi aterako den bermerik. Hemen ez dugu jokatzen axolagabekeriaz. 'Diru laguntza hor dago eta kito', horrelako pentsamendurik ez dago nigan. Azken batean, hemen egin behar den zerbait da euskarazko zinema, eta oraingoz gainditu gabeko irakasgaia da. Gehiago egin behar da, eginez ikasten baita ongi egiten.
Kantitatea kalitatea lortzeko bidea da, hortaz?
Begira, hemen film on-on bat ateratzea ia epikoa da. Film asko egin behar dira, eta egite horretatik aterako dira komertzialagoak, arriskua handiagokoak, intimoagoak... egiteak ekarriko du kalitateko zerbait ateratzea. Ez dago beste misteriorik. Egitean jartzen dira oinarriak.
Azken urteotan, ordea, euskarazko zinemak umorearen bidez erakarri nahi izan ditu ikusleak. Ez al dago beste modurik?
Film asko egingo balira askotarikoak egongo lirateke, baina, bien bitartean, irauteko arazoan sarturik gaude. Gure kezka handiena leihatila da, eta gutxieneko jende kopuru bat erakartzeko komenigarria izaten da umorea lantzea. Umorea jende gehiagorengana iristen da, eta hau industria bat da azken finean. Zenbat eta emaitza ekonomiko hobea izan, orduan eta aukera gehiago izango ditugu euskarazko film gehiago egiteko. Jendea ez bada joaten betikoek betikoa esango dute: 'Euskarazko zinema izateko arrazoirik ez dago'. Zinema irandarra babesten badugu, nola ez dugu geurea babestuko?
Umorea ez da falta zure filmean ere. Umore surrealista da tarteka, mutua eta ingelesen tradiziokoa ere bai. Gidoian idatzi zenuena zeluloidean dagoena da?
Beti galtzen da zerbait bidean, baina nahiko leial zinemaratu dut. Askatasunez aritu naiz, hori argi daukat. Asko gozatu dut filmatzen, idazten bezain beste. Eta umorea ere badu noski, baina ez da komizitate naturalista, puntu arraroago batekin eraikia baizik.
Umorea bezala, aktoreak ere barra-barra daude Sukalde kontuak filmean. Nola moldatu zara koraltasun horretan?
Plano sekuentziekin aritu naiz sarritan. Plano bakar batean aktore asko sartu ditut; batzuk atera egiten dira planotik, eta gero berriro sartu. Nahita egina da horrela. Irudi aldetik arriskuak hartu ditudala bistakoa da. Neurri batean, tonu teatrala ere badauka. Baina aktoreen mugimendu guztiak entsegu askoren ondotik etorri dira. Kaosak entsegu asko ditu atzean.
Bestalde, hainbat ildotako aktoreak bildu dira zure proiektura, esaterako, Oscar Terolekin, Marivi Bilbaorekin eta Oscar Jaenadarekin eskuz esku aritu dira Ramon Agirre, Mikel Losada eta Aitziber Garmendia.
Oso talde heterodoxoa osatu dute aktoreek. Gehienak elkarrekin aritu gabeak ziren. Terolentzat lehen filma izan da, eta harrigarria da zein ondo aritu diren denak euskaraz. Ikusgarria da hegoamerikarren euskara zein ongi sartzen den belarrietan.
Barbara Goenaga iloba ere zurera ekarri duzu. Goenaga connection izan al da hori?
Bai; parte hartzea nahi nuen, baina ez nintzen ausartzen hari eskatzen, eta halako batean esan zidan gustura arituko zela, rol txiki batean besterik ez bazen ere. Eta hark ekarri zuen Oscar Jaenada ere.
Zineman hasitako bidean aurrerapauso gehiago eman nahi dituzu aurrerantzean ere?
Hori da nire asmoa. Izan ere, gidoi berri bat idazten ari naiz. Pirata baten inguruan idatzitako lana da; hori ere zinemarako izatea nahiko nuke.
Berriak