Udako narrazioak
berria
Xabier Galarretaren argazkia
Autokarabanak in the night
Badira zinez zoriontsuak garen uneak —bakearen alde onak, dudarik gabe…—. Horrelako uneetan hobe galderarik ez egitea. Zoriontsuak gara, eta kitto. Kausak eta arrazoiak bilatzen hasiz gero, akabo zoriona. Kontuz gero, beraz, denok barruan daramagun filosofoarekin.

—Aizan, Itziar. Behatzetako askazalak margotzeko ezingo huke itxaron abagune hobea izan arte? Tapizeria izorratuko dun. Eta autokarabana erosi berria dun. Bigarren eskukoa izan arren, nahiko txukuna zegon.

Une zoriontsuak identifikatzea ez da bat ere zaila: oroitzapenik bat ere uzten ez dutenak. Zeren, zoritxarreko uneak, horiek, sekula santan ez zaizkigu burutik joaten. Sudur-oker, begi-bakar edo hanka-motz izatea bezalakoa da: nahi ukan, inork ez; baina baldin bazara… Izan ere, munduan bi loteria-mota daude: zoritxarra banatzen duena eta zoriona banatzen duena. Duten antza? Bada hori, biak loteriak izatea. Aukeratu ez baizik-eta tokatu egiten dira. Libre albedrio delakoak hor ez du zer eginik. Guk asmatu dugun loteria, ordea, patuak guretzat asmatu duenaren isla baino ez da. Jainkoaren beste aurpegia, akaso.

—Lasai, Erramuntxo maitea. Ikusten? Dagoeneko bukatu diat ma toilette. Orain, nire behatz polit hauek guantera gainean jarriko dizkiat lehortzen. Antiestetikoa iruditzen ez bazaik, behintzat.

Zoriona antzemateko zantzuak ere badira. Esaterako, eguraldi txarra egin arren, egun horretako edertasuna ulertzeko —antzemateko— gauza bazara, seinale on. Bikotekidearen sentsualtasuna sentitzea ere beste «pista» on bat da, batez ere aspaldiko bikotekidea bada. Jendearekin, oro har, atsegin jokatzea berez ateratzen bazaizu, hori ere zure zorionaren salatari izango da. Baina, kontuz, zoriontsua zarela jendeak jakitea nahi ez baduzu, orduan joka ezazu zakar mundu guztiarekin. Badu alde txar bat, ordea: ohitzeko arriskua dagoela.

—Ai, Itziartxo. Hire behatzak bai polittak, horrela margotuak, kolore xikodeliko horrekin… Oraintxe bertan autokarabana bide-bazterrean gelditu eta jolas bat erakutsiko ninake…

Baina, zer dela-eta uste dugu jakiteak zoritxarreko bilakatzen gaituela? Ez al genuen ikasi nahi izan, ez-jakiteak zoritxarreko egiten gintuelako? Garen kontraesana berresteko jaioak garela ematen du. Sortzaileari paradoxa bat galdu zitzaion: gu. Planeta urdinaren inmentsitate erlatiboaren erdian, gizakia galdezka. Beti galdezka.

—Ahaztu, Erramun. Kondoirik gabe gaudek eta oraingoz nahiago diat gure familia ez handitzea. Bai, bazekiat lau pertsonarentzako karabana dela. Dena den, non sartuko huke erosi nahi duan pianoa, ume bat ekarriko bagenu? Eta bizkiak balira? Edo gehiago? Gainera, erditu ondoren badakik emakumeoi zer gertatzen zaigun: panderua handitzen zaigula. Hemen, handituko ez litzatekeen bakarra gure autokarabana izango lukek.

Egia esan, zorionak kakazten gaitu, burgestuta sentiarazten gaitu —asperduraren hatzaparkada, inondik ere—. Hara, zenbat aspertu behar dugun, munduko gizakirik zoriontsuenak sentitzeko! Azken batean, asperdura-kontua da. Zenbat eta gehiago aspertu, orduan eta zoriontsuagoak. Zoriontsu bizi garenean, paper higienikoa tonaka behar dugu. Baina «kaka» hor dago beti, gure aurrean, oparitako paper polit batean bilduta edo bildu gabe (al natural). Gerrak, sarraskiak, indarkeriazko ekintzak… Guztiori behar-beharrezkoa da zoriontsuak izateari uzteko. Eta orduan, bai: gure baitan pizten den zorion-egarria aseezina, jaurkiezina da. Txoratuko gara zorionaren bila. Den-dena hasiko da berriro. Sisifo lantegiko kate mekanikora itzuliko da, asteburuetan izan ezik (orduan tabernara joango baita, mozkortzera).

—Bada hik nahi dunana esango dun, baina karabana honetan etxe batean bezain ongi bizi daiteken. Irudimen-kontua dun. Bizitza maitatzen badun, hiriko untxitegi horietako batean baino hobeto bizi gaitezken hemen. Eta banketxe-puta horiekin zorretan bukatu gabe. Utzien zergadun zintzoei euren bizitzekin espekulatzen. Eta pianoari dagokionez, ba piano bertikal bat, tamaina txikikoa, nik uste… Benetan, ez egin barre.

«Oker geunden», «nik uste nuen beste modu batez izango zela», «gazteak ginen»… Gure buruarekin gustura ez egoteko, hamaika arrazoi topatuko ditugu, batzuk arruntak, beste batzuk nobedoso samarrak… Zoriontsuak luzaro izateko gure ezintasunaren justifikazioa, dudarik gabe. Bizitza leihotik botatzea erabakitzen dugunean, hortik aurrerako ekintza ergel bezain alferrikako guztiak zuritzen hasi behar dugu eta. «Xuriketa», jaun-andreok. Sar eta ikus. Munduko farsanterik onenak ikusiko dituzue lanean! Txalo bat guretzat! Txalo bat beraientzat!

—Nork jakin, Erramuntxo… Baina gazteak gaituk. Erokeriak egiteko garaia duk hau. Izango diagu zentzudunak izateko astia, «zentzu-arora» iristean. Egia esan, horren txoroa izango ez bahintz, ez nindukean hirekin enroilatuko ezta mozkortuta ere. Gainera, badakik nire aitak zer dioen: «Exekutiborik onenak, hippy eroak gaztetan». E, zer? Nire aitak gaztetan porru gehiegi erre zituela? Kar, kar, kar.

Bada bai. Zoriona eskuetan dugunean, erre egiten gaitu. Beitu poker jokoarekin ere zer gertatzen zaigun. Pokerrak erakartzen gaitu: den-dena daukagu eta den-dena gal dezakegu. Izan ere, subkontzienteak harrapatuta gauzka; kontzienteari ihes egitea erraza da ordea, hura erabat ergela izanik. Baina inkontzienteari ziria sartzea, joño… Hori beste upelako sagardoa da. Aholku bat: saihes itzazue hitzez hitzeko interpretazioak, buruhausteak besterik ez dizkizuete emango eta.

—Hara, Itziartxo. Hau bai kasualitatea! Begira non suertatu garen: hondartza nudista batean! Eta kasualitateak ez ditun hor amaitzen. Oraintxe gogoratu zaidan bainujantzien poltsa Ane eta Markelen mobil-homean ahaztu zaizkigula. Bada kriston pena eta tristura ematen zidan hau esateak, baina bainua hartu nahi badugu, gu ere nudista-budista-leninista egin beharko gaitun. Xe pena, e printxexa? A, berariaz, atzo kondoi-kaxa kendu nionan Mikeli. Ez dinat uste ohartuko denik —gero eta gutxixeago erabiltzen dituelakoan nagon—. Hortaz, hire bizitzako unerik goxoenak esperimentatzeko prest hago, laztana?

Zoriona ikaragarri irrikatu beharra dago, zorionik gabe ere zeinen zoriontsuak ginen ulertu ahal izateko. Ordurako, beranduegi izango bada ere… Bai? beranduegi? zergatik beranduegi…?

—Hik ez duk erremediorik, motel. Hirekin zentzu-arora iristeko, zahartzarora arte itxaron beharko diagu.

* * *

Ilunabarrean, argiak piztu dira autokarabanetan. Eta izadia beste lekukorik gabe, Erramun eta Itziarren hasperenak galdu dira olatuen urrumen artean. Berriro ere, zorionak ahantzirako bidea hartu du...

I. Martiarena Mattin-en ilustrazioa

Ilustrazioa: I. Martiarena Mattin