


Goiza hotza zabaldu du. Hiriko lorategi eta zelai txikiak antzigarrak ditu hartuak, bere esku zuriez; garai hobeetan, itxaropen garaietan alegia, altxatutako eraikinen hormapean hedatzen diren baratzek beren berde mina erakusten dute. Egia da eraikinak hutsik daudela gaur egun, beren gisara utzita, bonbaz jota bezala: hirian gertatutako aldaketen lekuko harrizko eta harrigarriak. Lope Iraurgik eskuak berokiko poltsikoetan gordeta daramatza; buruan kapela jantzi du, pelikuletako detektibe otzanek edo espioiek daramatzaten bezalakoa. Eta lepotik behera, alkandora beltz kolorearen gainean, zintzilika, argazki-makina bat ikusten zaio: Nikon markakoa. Hiriko kaleetan zehar dabil; hutsik daude ordu honetan. Berokia eta kapela jantzita daramatzan gizonak oso irekiak ditu begiak, argia tonaka irentsi duen tunela bezain irekiak, Nikonaren lentea bezain irekiak, esperantzaren leihoa bezain irekiak. Ordu honetan, urre eta gari, distira egiten du argazki makinak: eguzki txiki eta argia. Gizonak gelditzeke begiratzen du, baina poliki-poliki dabil, haren bihotzaren erritmoa baltsa bezain biguna baita, une batez kaleak bukatu eta hiria amildegitik behera eroriko ote den beldur balitz bezala. Argia da, ordea, goitik behera badoana espazio berri eta aratzetik, epel eta garbitik, jaio berri eta esnatu berritik zehar. Argiak dena hartzen du mendean: begi eta txori, begi eta erlaitz, begi eta begi.
Lope Iraurgik, berokia eta kapelua daramatzan gizonak, ez du bidaia amaitu nahi; ez du nahi bere begiek hartu, lapurtu, garraiatu duten hori edozein kale-kantoitan gera dadin, betiko galduta; hirian gero eta gehiago diren aiurri periferikoak bezala, galtzaile eta jubilatuen eskuek, lan-merkatu guztietatik kanporatuek, zaintzen dituzten baratza koloretsuak bezala.
Aukeratu du argazkia nori egingo.
Bada emakume bat bebarru batetik ateratzen dena, presaka. Soinekoa zuria darama, argia bezain zuria, arnasa bezain zuria, begirada bezain zuria. Abarketa gorriak daramatza oinak estaliz. Gorantz zuzentzen ditu begiak eta keinu txikia egiten du esku ezkerrekoaz, ia ikusezina; eskuinaz, bitartean, taxi bati adierazten dio bere kokapena. Lope Iraurgik Nikonaren mekanismoa kliskatzen du: emakumeak, argazkian, aingerua dirudi, hegoak zabal-zabal eta begiratu alderraia.
2
Duela gutxi, Donostiako geltokitik hurbil, Lope Iraurgik txartel bat aurkitu zuen; honako hau esaten zuen:
«SETTER ARRAZAKO TXAKUR BAT GALDU DA, TXURIA DA ETA KANELA KOLOREKO MANTXAK DITU. UTOPIA DU IZENA. ORDAINDU EGINGO ZAIO HAREN PARADEROAREN BERRI EMAN LEZAKEENARI.»
3
Bada hirian oinez ibiltzea izugarri gustatzen zaion gizona. Goizean goiz, esnatu berritan, ohetik jaiki berritan, eta uraren hotzaren laztana bere gorputz gogorrean sentitu ondoren, bezperatik ongi gordeta dituen zapatak atera eta oinetan jartzen ditu, horretan denborari denbora emanez, lasai eta presarik gabe. Gero, txukun tolestuta utzitako arropa janzten du, beltza kolorez, eskuarki. Te beroa edaten du, menda belarrez usaindua, eta horren beroa eztarrian duela kalera ateratzen da, ibiltzera, ibiltzeagatik soilik, bestelako xederik gabe.
Gizona ez da hiriaren erdialdean bizi, hiriaren gibelaldean baizik, erdialdeari bizkar emanda: aparteko mundu txiki bat da, beste mundu handiagoaren barnean.
Ez du biderik aukeratu sekula. Edozein izan zaio, betidanik, zilegi ez ezik, onuragarri. Ez zaio inporta izan ezkerretik jo ala eskuinetik, aurrera joan ala atzera, bestela. Joan da; lehen pausoak izan zaizkio erabakigarriak; joan da, tximeleta batek gidatu du lehen metroetan. Hurrengoetan, begiak. Baina inork ez daki zer ahal duen bideak, luzatu egiten baita, laburtu bezainbeste, goratzen baita, beheratzen bezainbeste, zabaldu egiten baita estutu bezainbeste. Ibiltariak hori dena izan du kontuan; bideari egokitu zaio; orain luzatuz eta orain laburtuz; orain goratuz eta orain beheratuz, orain zabalduz eta orain estutuz. Hain jarrita izan du gogoa bidean ezen, azkenik, eta konturatzerako, bera ere, poliki-poliki eta presarik gabe, bide bihurtu baita.
Horrela topatu du Lope Iraurgik, kapelua eta berokia daramatzan gizonak, eta argazkia atera dio. Hor ikusten da metamorfosia: oinak asfalto eginak; eskuak, bide ertzeko zumar; eta burua, bidetik ihesi, hodei zuri eta lodi: orain hemen; gero, han; bihar, auskalo non, auskalo zein bidaiariren gainean eroriko den tanta lodi.
4
Lope Iraurgik, etxera bidean, ohar hau topatu du, semaforo batean itsatsita:
«POETA DEKADENTE ETA PORROTEAN LIZENTZIATUAK, ISILTASUN-ESKOLAK EMANGO LITUZKE, MODU ONEAN.»
5
Soka lodia zabaldu dute hiriko eraikin gorakoen artean, etorbide nagusiaren gainetik. Neska funanbulista sokaraino igo da; alboko eskailera batetik zehar, hura ere sokazkoa. Norbaitek pertika luze bat eman dio. Neskak (ez dirudi hogei urte baino gehiago duenik) elastiko beltzak daramatza jantzita: eta horiek nabarmendu egiten dituzte haren gorputz argalaren inguruak, irudigile pobre baten eskuak balira bezala; ilehoria bilduta dauka mototsean. Ibiltzen hasi da. Hamar pausu eraman ditu aurrera eta gelditu egin da: ezker oina eskuina baino pixka bat aurrerago, ezker belauna tolestuta, eta eskuina tenkatuta, itxaroten ari da, besoek pertika beltzari eusten diotela. Beste pausu bi eman ditu eta sokaren erdira iritsi da. Hain dago bere lanean buru-belarri sartuta, ezen ez baitie begiratzen ez zeruari ez lurrari; biak ala biak zaizkio, dagoen tokitik ikusita, urrunekoak eta arrotzak. Jendea etorbidean bildu da, saldoka, eta ordenaren arduradunek atentzioa deitu behar izan diete, eta metro batzuk utzi dituzte, segurtasunerako. Jende-saldoak lurretik begiratu dio geldi dagoen neskari, espazio estu eta bizkorrean, edozein hutsarengatik eroriko bailitzateke, ondorio latz eta nahigabekoak ekarriz. Neskak jauzi egin du; aurrena ezker oina da; eta gero, eskuina; gero, esku biak airean, biribila egin du bere gorputza ardatz: hegazti bat dirudi bere lumak goiz-alban erakusten. Jendeak, behean, harriturik, miraz ikusi du gertaera, eta bada oihuka hasi dena, liluragatik gehiago izuagatik baino, eta bada oihu egin duena izua kanporatzeagatik. Neska, asaldatzeke, pertika eskuetan, sokan zehar joan da arin baino arinago, mugimendu seguru bezain azkarrez, eta berehala iritsi da beste muturrera. Jendea eskuak zartaka hasi da, txalotu nahian. Orduantxe begiratu dio neskak, lurrari aurrena, baina ez du inor bereizi han, jendartean; zerura, gero, baina han ez da inor. Hasperen egin eta jauzi egin du hutsean, eta mugimendu horixe da, besoak zabal-zabal, orpoak elkarri lotuta, hegazti baten antzera, Lope Iraurgik, kapelua eta berokia daramatzan gizonak, harrapatu duena, handik igaro den unean, egunkariko erredakziora bidean, edo etxerakoan, auskalo.
Ilustrazioa: I. Martiarena Mattin