Udako narrazioak
berria
Xabier Etxaniz Rojoren argazkia
Aurrekontua

Telefonoak jo zuenean Jokin lo kuluxkan zegoen, eta ez zuen berehalakoan ulertu hariaren beste aldeko udaltzaina esaten ari zitzaiona.

—Nire autoari zer, barkatu? Nor harrapatu?

Jokinek ez zion ulertu udaltzainari harik eta hitz klabea birritan entzun zuen arte: erretrobisorea.

—Kaka zaharra!

Jokinek ziztu bizian jantzi zituen prakak, eta kalerantz abiatu zen. Urte erdia ere ez zen gidariaren aldeko atzerako ispilua azkenekoz txikitu ziotenetik eta nazka-nazka eginda zegoen, kokoteraino. Zarata ez zen parranda-gune batetik gertu bizitzearen arazo bakarra eta bizilagunen autoek sarri ordaintzen zituzten mozkortien zorrak. Autorako bidean txikitutako lau atzerako ispilu ikusi zituen. Bi zeloz josita zeuden, gerrako zaurituak balira bezala. Beste biak zintzilik, kable bati atxikiak, urkamendian baleude bezala, hilotzak sokatik noiz askatuko zain. Jokinen autoa zazpigarrena zen ilara hartan eta urrutitik ikusi zuen atzerako ispilua mugituta zegoela.

Haatik, Jokinek sorpresa galanta hartu zuen autora iritsi zenean. Atzerako ispilua mugituta bai, baina bidean ikusitakoak ez bezala, berea oso-osorik zegoen. Auto barrura sartu zen frogak egite aldera, ispilua elektrikoa baitzen. Ispilua ondo mugitzen zen hala ezkerrera nola eskuinera. Eta autoak, urtebete lehenago kapotean egindako mailatu parea albo batera utzirik, ez zuen txikiziorik. Lasaitu ederra hartu zuen, ez zen gutxirako. Izan ere, ispilu hura azkenekoz txikitu ziotenean ia berrehun euroko faktura pasatu baitzioten tailerrekoek. Loteria tokatu izan balitzaio, ez zuen poz handiagorik hartuko, ez horixe!

Jokinek artean ez zekien hantxe hasiko zirela bere buruhausteak.

Astelehenean udaltzain batek zitazio bat ekarri zion etxera. Asteazkenean epaitegira joan behar zuela eta konponketaren aurrekontua eramateko hala nahi izatera.

—Barkatu baina nire autoari ez diote inolako kalterik egin —azaldu zion udaltzain aspertuari.

Udaltzainari bost. Setati jarraitu zuen, epaitegira joan behar zuela derrigorrean, argiketa agirian bere autoaren matrikula agertzen zela eta, ezinbestean hurbildu beharko zuela. Jokin bere burua kontsolatzen saiatu zen.

—Behingoagatik kabroi horiek harrapatu dituzue eta tira, joan behar badut, joango naiz, baina egia esatera ez dakit zertarako…

Udaltzainari, antza, ez zitzaion gehiegi gustatu Jokinen kontsolamendua, eta agur esan gabe alde egin zuen.

Asteartean, autoa hartzean, urtebete lehenago kapotean egindako mailatuei erreparatu zien. Kapota konpontzea izugarri garestia zen eta horrela uztea erabaki zuen. Bi mailatu haiek ez ziren oztopo gidatzeko eta, ze demontre, azken batean arazo estetiko bi baino ez ziren. Tailerrean aurrekontu bat prestatu zioten eta pentsatuko zuela agindu bazien ere, zenbakia ikusi bezain pronto erabaki zuen mailatu haiek hantxe geratuko zirela betiko.

Eta bat-batean ideia tentagarri batek zeharkatu zion pentsamendua.

—Eta aurrekontua aurkeztuko banu…?

Haatik, berehala uxatu zuen ideia. Ez zekien gezurrik esaten eta, gainera, epaile bati gezurrak esatea delitua zen. Bestalde, ez zekien zehazki nola gertatu zen dena ezta astakirten haiek nola harrapatu zituzten ere. Beste kaltetu guztiek atzerako ispilua konpontzeko aurrekontu edota fakturaren bat aurkezten bazuten, Jokinek azalpen askotxo eman beharko lituzke eta ez zegoen prest. Eta hori guztia gutxi balitz han zegoen bere kontzientzia egiten ari zena iruzurra zela gogoratzeko.

Ez, iruzurra eginez gero, kontzientzia txarrak ez zion bakean utziko.

Asteazkenean aurrekonturik gabe baina zitazioa eskuetan zeramala hurbildu zen epaitegira. Hango pasilloetan ordu erdiz galduta ibili ostean, azkenean aurkitu zuen aretoa. Bertan ez epaile, ez gaizkile ezta abokaturik ere. Funtzionarioak bai, barra-barra. Horietako batek, hurbiltzeko agindu zion Jokini eta honen zitazioa irakurri ostean, ea aurrekontua ba ote zuen galdetu zion.

Ez —une batez zalantzan egon zen epaile jauna esan ez esan—. Barkatu baina hemen oker bat egon da. Nire autoari ez diote inolako kalterik eragin, eta ondorioz, ez dut kalte ordainik zertan eskatu.

Ederki —esan zuen funtzionarioak ahopeka—, sinatu hemen. Eta segidan «hurrengoa» oihukatu zuen.

Jokinek labirintoko irteera bilatzen zuen bitartean zera pentsatu zuen, epaitegi hartan justizia di-da batean ebazten zutela, azkarregi ezer onerako.

Autora hurbildu eta han jarraitzen zuten mailatuek. Ohituta zegoen kapotean ikusten. Erdi-erdian zegoena faroaren gainekoa baino handiagoa zen. Zirkulu perfektu baten forma zuen eta Jokin ziur zegoen auzoko haurrek egina zela, sarritan ikusten baitzituen baloiari ostikoka handik eta hemendik. Faroaren gainekoa txikiagoa zen tamainaz baina, zalantzarik gabe, sakonagoa zen. Bigarrenaren inguruan ez zuen teoriarik. Auskalo nork emango zion kolpea eta auskalo nola. Behin agertu zen, eta harez geroztik, Jokinekin joaten da toki guztietara. Une hartan bi mailatuak inoiz baino handiagoak iruditu zitzaizkion, inoiz baino perfektuagoak, inoiz baino sakonagoak.

Jokinek artean ez zekien une hartantxe damuaren izpia ari zitzaiola buruan sartzen.

«Eta tailerrekoen aurrekontua aurkeztu izan banu?», galdetu zion bere buruari auzoan aparkatzeko tokiren bat bilatzen zuen bitartean. Mailatuak konpontzeaz gain autoa berriro margotu beharko zutela. Bai, behar bezala utziko bazuten, den-dena margotu beharko zuten. Auto berri baten pare geratuko zen. Etxera iritsi zenean entsalada bat prestatu zuen, gogo handirik gabe jan zuena, eta besaulkira jo zuen lo kuluxka egite aldera. Begiak itxitakoan pentsamendu batek eraso egin zion bortizki.

—Aurrekontua aurkeztu izan bazenu, orain kapota konponduta legoke, tontolapiko halakoa!

—Gizalegez eta zintzotasunez jokatu dut, egin behar nuena besterik ez dut egin —arrapostu zion beste pentsamendu batek.

Jokinek apenas egin zuen lo arratsalde hartan.

Pentsamendu eta ideia uholdea in crescendo joan zen arratsaldeak aurrera egin ahala. «Mundua ez da zintzoentzat», «mesedez, Jokin, malezia apur bat», «auzoko txepelenaren txapela emango dizute» esaten zioten behin eta berriro. Norbaiten aholkua behar zuen, norbaitek «ondo jokatu duzu» esan ziezaion nahi zuen eta emazteari kontatzekotan egon zen. Baina isilik gorde zituen buruhauste guztiok.

Gau hartan gaizki egin zuen lo, ohean jira eta buelta ibili zen etengabe, eta barne borroka hartan jarraitu zuen harik eta, lau egun geroago, nagusiak bulegoko mahairen gainean lo seko harrapatu zuen arte.

Horrela ez zegoen jarraitzerik.

—Onar ezazu, Jokin, txepel hutsa zara.

Nekatuta zegoen begiak estaltzeaz eta aitzakiak jartzeaz. Eta nekatuta zegoen burua zuritzen ibiltzeaz. Tontakeria bat egin zuen eta onartzea zuen onena.

Izan ere, kontzientzia hain baita temoso eta burugogorra…

Gau hartan izugarri ondo egin zuen lo.

I. Martiarena Mattin-en ilustrazioa

Ilustrazioa: I. Martiarena Mattin