


Maioralari kasu egin nion, eta ni ere goiti. Ni ere bai. Ez nengoen gustura, halere. Preso ikusten nuen nire burua. Preso paratu gintuzten, heian ez bezala, goia ere itxia zuten kaiola banatan. Ezker-eskuin sumatzen nituen nire lagunak, nire anaiak. Usaintzen nuen haien beldurra. Nora eraman behar ote gintuzten? Leiho ttiki bat banuen, eta handik atera nuen muturra. Hago lasai, Kapitan! —eta eskuarekin balakuak egin zizkidan—. Begiak itxi nituen gero, eta hankak ahul sumatu nituen. Haserre eta larri, kaka egin nuen bertan.
Herenegun, egunaren lehenbiziko argiarekin abiatu eta ilargia zeruan nagusi zela ailegatu ginen orain arte egon garen lekura. Kamioitik jaustean poz pixka bat sentitu nuen, ostatu berria kamioiaren barreneko presondegi itogarri hura baino handixeagoa baitzen. Hankek bazuten ibiltzeko tokia eta, gainera, denak elkarrekin egoten ahal ginen berriz. Batak bertzearen gorputza ukitu eta usaintzen ahal genuen. Baita adarka aritu ere, erdi-jostetan erdi-errietan. Nire baitan, ordea, ezin nuen arraso uxatu kezka pixar bat. Zer ote zen hura? Zertarako ekarri gintuzten halako lekura?
Maiorala ikusteak zerbait lasaitu ninduen. Gu ginen zelaira ez zen sartu. Pareta baten gainetik begiratu zigun eta solas egin zuen bere laguntzaileekin. Gero, bakarrik gelditu zenean, ondora joateko keinu egin zidan. Iruñean hago!, erran zidan, tristea iruditu zitzaidan begirada egiten zidala. Burua goiti altxatu nuen, ikaratua, eta pauso batzuk atzera eraman ninduen nire baitako indar arrotzak. Maiorala alde egiten ikusi nuen.
Maioralaren bidez dut nik Iruñearen berri. Nere herri ttikiarekin batera bihotz xokoan sartua dudan herri haundia, berak dioen bezala. Zenbat istorio ez ote diot aditu, hantxe, gure lurrean, ilunabar aldera, arbol zaharren arrimura, elkartzeko deitzen zidanean! Hator hunat Kapitan, hator nere ondora eta kontatuko ditiat kontu pollitak! Urtero etortzen baita, erokeria batzuk egitera! (irria eskapatzen zaiola). Ordea, gazteagoa zelarik aisago ibiltzen omen zen firun-farun, a ze enbidia ematen didaken Kapitan, nik hire sasoia banu, edo hogei urte guttiago! Baina itzuli ere urtero itzultzen da gurera, nerekin joaten diren hire anaiak ez bezala!, doinu triste batez.
Kontu haiengatik dakit gu garela aldi honetan Iruñean betiko gelditzera behartuak. Kontu haiek nekizkielako sortu zidan Iruñea hitzak ikara. Oraindik ere, tenore alu honetan, nire baitan sentitzen dudan ikara hotz berbera. Lagunekin nago, askatasunean ohituak garenoi itogarria zaigun kartzelan, ate handi bati begira, argitzeko eginahalak egiten ari den egun goibelean.
Atzo, egun osoa triste xamar pasa zuen gure maioralak. Bihar ikusiko duk hondarrekotz eguna argitzen, bota zidan, nik zerbaiten kulpa banu bezala, ihesbidea bilatzeko kapaz ez bahaiz behinik behin!, erdi oihuka. Ez nuen entenditzen. Ez zitzaidan batere bidezkoa iruditu niri deusen kargu hartzea. Hemen baldin baginen, berak ekarrarazi gintuelako zen. Mindua utzi ninduen eta normalean baino gehiago kosta zitzaidan loak hartzea. Erran zizkidan bi esaldiak ezin nituen kendu burutik, bihar ikusiko duk hondarrekotz eguna argitzen, ihesbidea bilatzeko kapaz ez bahaiz!
Gaur goizean, ordea, gaua bera ere oraindik lo zegoelarik, pareta gainetik xixtu egin dit. Lagun batekin zegoen, ile beltzeko eme eder bat. Itxura alaia zeukan, gau osoan dantzan ibili gaituk!, nere adinean!, baina begi nekatuetan distira ageri zuen, etzakela ahantzi atzo erran nikena!
Gau ixil xamarraren ondotik, orain atearen bertze aldean jende mugimendua hasi da, eta niri harri kozkor bat jarri zait urdailean. Anaiak aztarrika hasi dira, hare tartean belarra bilatzen balute bezala. Ate gotorraren kontra jo dut kopetarekin.
Argitu du dagoeneko. Anaien begi izuek beldur eroa adierazten dute. Muturrak gora, usainka, haizeari atera nahi diogu bilatzen dugun erantzuna. Zer da hau?
Gizon bat igan da ate ondoko paretara, gauaz maiorala agertu den tokira. Begiratu digu, begiratu du eskumuturrera eta sua egin du. Makila bat atera da bere eskutik, kea dariola, zeru aldera ziztu bizian. Haizeari ebaki egin dio. Ez dut sekula halako soinurik aditu, fizzzzzzzzzzzz… PUNBA!!! Eztanda haundi bat izan da. Pareko atetzarra ireki digute. Akuiluka hasi zaizkigu atzetik. Lasterka hasi dira anaiak. Ni haiei segika. Kaleko harri hotzera atera gara. Libre? Jendea ikusi dut guri deika. Kapitan!, oihu egin didate. Burua jiratu dut, maioralaren aurpegia ikusi dut beheko aldeko hesian, garrasika ari da eta besoarekin keinu, hunat! hunat!, ez dut dudarik egin, goiti jo beharrean malda beheiti abiatu naiz, banoa, hesiko jendea baztertu da aldeetara, Salto!, egizak salto!!!
Ilustrazioa: I. Martiarena Mattin