Eguzki izpiak beldur dira kale honetara ailegatzerakoan.
Horregatik sartu ere ez dira egiten. Espaloi estuak ditu kaleak. Printzesa
oinentzat eginak dirudite, baina bertoko printzesek 40koa dute oinetako
neurri. Oinezkoak eta autoak bereizten dituzten marrak desagertu zituen
euriak, toxikoak, beharbada; eta ez dituzte berriz ere margoztu, pintura
ekologikoarekin ere ez. Bazterkaletik dabiltzanak ondo daki, jakin, uzten
duen lorratza desagertu egingo dela gauzatu orduko. Bazterkalea ez da inorena
ere ez; izatekotan, ziri eta miri aurpegia negartzen digun urarena da. Auzokide
bilakatzen zaituzte bigarren loaldirako. Ordurako begietan irakurria dute
zeure sekreturik mingotsena. Nongotasunak ez du lekurik. Garrantzitsua da,
baina, aberribako izatea orube hau aberri bilaka dezazun. Paperak edota
alokairu merkeagoa lortu bitartean. Hizki larriko aberririk, ostera, ez
da bazter honetan. Ez duzu aurkituko. Bandera bakarrak lixibak beilegitu
dituen kuleroak dira. Arrazoi duzu, apurtxu bat zakar gelditu zait. Inoiz
zuriak izan ziren banderak horiztatu ditu eguneroko gerrak. Ederrago? Berbak
pintura lakoak dira, ezin dute margo-azpiko herdoila jan. Edo bai? Karrika
honetan bihotza ainguraturik ez duten bakarrak txakurrak dira. Goikokaletik
hona estuasunetara egokitu behar dira sokapeko txakurrak; osterantzean hauxe
da euren eremu librea. Begi-kolpean ez dituzu batzuk eta besteak bereiziko,
belarriz, aldiz, bai. Zaunk egin behar zuketen; guau egiten dute. «Lahaula»
tabernak pertsianak beheraturik ditu. «Little Arratia Klub-i»
jazo moduan, egun batean giltza eman zioten eta ez ditu atzera igo. Dolu
laburra igarota hurrengo etxepeko tabernara joaten dira ardotan-eta. Inork
ez du akorduan makina zaharrak egiten zuen kafe txarra. Istanbulgo edozein
kafetegitan ematen dutena izan zitekeen hainbesteko hondarrarekin. Gutxik
du gogoan jabeak ipurdi zabaleko basoak erabiltzen zituela ardo gutxiago
botatzeko. Basoak kristal dira orain. Inurriak suizida zitezen neurrikoak
egin zizkien azkenengo egunean. Krokodiloek baino ez dute oroituko zarratu
ondoren soilik egin zuela negar jabeak. Negar txiki, ixil eta ostendua.
Duina, pentsatuko duzu. Etsitua, esango nuke. Zarratu arazteagatik, ostera,
sos asko eman zizkioten; Ginea Bissau edo Swaziland-en lastozko etxe batean
erretiro ederra hartzeko modukoa. Taberna gaineko etxebizitzetan mamutxak
baino ez dira gelditzen. Joandakoen ametsen hondakinak. Barruetan zuhamuxkak
jandako eremua dago, paradisu galduaren glamour basatia. Gauez argitxoz
betetzen dira barruak. Goikokaleko umeak lotarazteko mehatxu izan ohi dira.
Poeren ipuinetako haragizko istorioak. Hiriaren bihotza ugerrak jana du
alde honetan. Ibaiko uraren goraldiek ez dute arrainik ekartzen. Goikokaletik
gora bizi dira. Iparra ahaztu zuen ahatea baino ez dago alde honetan. Bakarra,
galdua, deserrotua. Auzokide batek kontatu zidan arrain-gorriak arrantzatzen
zituztela aspaldi, bera ume zela. Jai bikainak ei ziren zubialdean. Kainabera
gordeta ei dauka. Ganbaran. Dagoeneko edozein arrain onartuko luke, baita
lazunak ere. Zuzenkalekoak etortzen dira maiz. Etorri eta joan. Loak hartutako
bat aurkitu nuen atari erdian. Irrifar egin nion. Orro antzekoa bota zidan
erantzun lez. Hainbesteko gozotasunak gainezka egin zidan eta nik ere Basajaunen
laztana eman nion. Jateko ezer ote nuen galdetu eta atoan eman nion sakeleko
goxokia. Miseria hain da beti samurra. Hagin ezin zuriagoak erakutsi zizkidan
orduan. Ez dakit eskerrak emateko edo zein hagin-konpontzaile iaio duen
agertzeko. Arrastaka bizi den Fernando etorri zitzaidan burura. Etxe inguruan
ibiltzen da noiz edo noiz. Zubipean lotan ikusi nuen goiz batean. Ez dakit
hemen bizi den edo bertotik dabilen soilik. Goikokalen ikusten dut sarri.
«Peligrorik ez du» entzun nuen. Oker daude. Oso peligrosoa da.
Kitarra jotzen egoten da. Bikain. Horretarako jaio zela dirudi. Hori baino
ez egiteko. Goikoaldeko kantoi batean baflearen gainean eserita musikaren
plazerra gozatzen du. Izugarri gustatzen zait arrastietan bertatik pasatu
eta Fernandoren doinupean osteratxuan galtzea. Badira egun batzuk agertu
ez dela. Arduratuta nago. Gaude. Atzo bere kantoiko horman mezua utzi zion
norbaitek. Bere hutsari, bere doinuari.
Fernando ez da agertu. Berbaroa gero eta ozenagoa da. Oteizak esaten zuen
legez: helbidea aldatu du. Berriak ez du Bazterkale gelditu. Helbide aldaketak
ohikoak dira. Bizitza dugu gaixotasunik ziurrena. Eternitatea zubi hegaleko
harria da. Zubia. Harri zaharrok zapaltzeak zoriontasuna ematen dit. Beharbada
itsasadarrak dakarren haizea da. Izan liteke uraren gora eta beheragatik.
Poza sentitzen dut hona nakarren bakoitzean. Hara naramanero. Goizekoan
gustatzen zait. Gure herrian bazegoen zubi bat eskuak goratu eta zeruari
errieta egiten ziona. Jainko horri. Gure herriko zubian ke arteko egunak
bizi izan ziren. Zubi hartan kendu zioten begirada mutil hurari; pelotakada
batek edo torlojukada batek. Kendu zioten. Gure herriko zubiari eskuak
lotu zizkioten eta harrezkero ez da jainko zerutiarrari konturik eskatzen
dionik. Hiri honetako zubiak, ostera, hamaika gauza ikusten du egunero.
Zubia. Ezerren lotura. Arrastian. Zubia. Lohiak irentsi zuen, goroldioak,
laztanek. Bagoaz eta bagatoz. Zubiak. Zugana naramatzate. Nigana zakartzate.
Eguzki izpiak beldur dira kale honetara ailegatzerakoan. Horregatik sartu
ere ez dira egiten. Bazterkaletik dabiltzanak ondo daki, jakin, uzten
duen lorratza desagertu egingo dela gauzatu orduko. Bazterkalea ez da
inorena ere ez; izatekotan, ziri eta miri aurpegia negartzen digun urarena
da.