


—Bermuta Campari ttantta batekin! —Josuk keinua egin zion zerbitzariari, zorioneko tanta hura zenbatekoa nahi zuen adierazi nahirik.
—Vermout con... —zerbitzariak halaxe adierazi zuen ez ziola osorik ulertu, ez euskaraz ez zekielako, Campari hitza arrotza zitzaiolako baino; elkartasunez ala errukiz egin nuen ez dakit, hitza eskuzapi batean idatzi nion.
—Campari, ya sé —esan zuen zerbitzariak hitza zapian ikustean; baina badaezpada ere mukizapia praketako atzeko sakelan sartu zuen.
—Niretzat alkoholik gabeko garagardoa; una San Sin; San Miguel sin alcohol —argitu nion, erdaraz.
Medikuak egun batzuk lehenago erakutsi zidan nire errobot-erretratua. Engainurik gabekoa. Hantxe zegoen agirian ni, barru-barruan —makina-gelan, esango nuke— zer naizen. Analisiak daudenez gero, zertarako ibili argazkiak ateratzen! Zein ondo nagoen honetan eta zein txarto horretan!, halako komentarioak egiteko? Kaka zaharra, argazkiak! Nire barne-erretratu hark, gernuaren eta odolaren analisien bidez Osasundegian egindakoak, ez zeukan engainurik. Gibela, giltzurrunak, urdaila, bihotza, hesteak, hezurrak, hartan antza den-dena ageri zen; zehatz, argi, kantari. Aurpegia, ilea, betazpiak, horiek denak huskeriak
—Zapaltzen segitzen badiozu... —medikuak ez zeukan zertan dena esan; ulertu nion; oina altxatu ezean zuzen-zuzen nindoan hara.
—Ikusi duk hau? —Josuk egunkaria erakutsi zidan, baina eskuetan hartzen utzi gabe—. Deep Impact espazio zundak Tempel 1 kometari futbol zelai baten tamainako zuloa egin dio.
Barre egin genuen. Zergatia, hori gure artean ez zegon esan beharrik. Deep Impact hark bioi ekarri zigun gogora harako Deep Throat hura. Eztarri Sakona!
—Aupa! Zer berri? –hantxe zen koadrilako hirugarrena, Yoli, mahaira etorria.
Deep Impact harena azaldu genion.
—Goizean aditu dut —esan zuen—. Eskatu duzue?
Baietz esan genion, bazirela bost minutu bermuta eta San Sin bat eskatuta geundela, baina zerbitzaria atzeratzen ari zela.
—Eta barreak? —ekin zion.
Ez genion erantzun. Josuk egunkariari ekin zion. Nik berriz itxura egin nuen, zerbitzaria non zebilen begiratzen nuela.
—Hori da buruan duzuena, beti?
—adinkideak izateak zer daukan, Yolik ere behingoan harrapatu zuen Deep Impact hark zein beste Deep zekarkigun gogora—. Zera ahoan amesten, eta San Sin hartzen?
—Sin, ingelesez, bekatu da eta, hau edanez ezin bada, beste modu batez egin beharko bekatu santua! —San Sin hura ahora eroan, zurrupatu eta mahaian utzi ondoren erantzun nion, ahora begiratzen niola; bera nahi izango nukeen izatea nire Deep Throat!, garbiago esaterik ez zegoen.
—Ei! —zerbitzaria gure mahaiaren alboan zela baliatu zuen Yolik—. Beste bermut bat, Campari ttantta batekin.
—Orain —zerbitzariak euskarazko hitz horrekin batera ahoaren zabaleko irria eskain zion.
—Ipurdi politta! —Yoliren begiak zerbitzariaren gerri-dantzari jarraitu zioten.
—Ikusi egin dizut, zelan begiratzen izan diozun!
Gurekin zen Maria, ohetik jagi berria denaren itxura zekarrela. Tantarik tanta koadrilatxoa batzen gindoazen terrazan. Koadrilaren ezaugarria? Gizonezkooi medikuak denoi sartu digula hatz bat prostataren bila uzkiraino eta emakumezkoek denek ostoporosiari aurre egiteko kaltzioa hartzen dutela.
—Gizakiak orain arte harrapatu duen abiada handiena, ehun metroak bederatzi segundo eta hirurogeita hamazazpi ehunetan —esan zuen Josuk, egarriak akabatzen—. Marka egin duena ez duk errumaniarra, ez!
—Asafa Powell duk, bai, jamaikarra!
—esan nion—. Zer nahi duk, ba? Jamaikarrak ere esklabo ekarri, errumaniarrak legez, euro ziztrin batzuen trukean guri zerbitzatzeko? Ala nahiago kolonbiarren lekuan jarri, zaharren kakak garbitzen?
—Ez diat hori esan nahi izan.
—Baina esan egin duk.
Garrazten hasita zegoen gure arteko hura zerbitzariak eten zuen. Luzatu egin zela eta, barkamena eskatu zigun, nork zer eskatuta geunden bakoitzari edaria bere lekuan utzi nahirik, eta gero Mariari zer hartuko zuen galde egin zion. Begiek, hala ere, gure mahaia ez zen beste norabait egiten zioten alde. Nora, ez nuen hartakoan jakin, nire radarrak haren ninien objektua antzeman orduko egin zuen-eta beste mahai baterantz.
San Sin hura nire barne-erretratua madarikatuz hartzeko tartean besteren bat ere bildu zitzaigun mahaira; Iñaki filosofoa, jesartzeko behar izaten den tartean periodiko orrialde oso bat irakurtzeko gai dena. Ordukoan ere ez zuen huts egin.
—Gure planetatik 141 miloi kilometrora dagoen kometari, tiro! Inpaktuaren uneko abiadura, 10,2 kilometro segundoko —esan zuen, orrialdearen ardi aldera zegoena irakurriz—. Homo Siemens-en garaiko markak.
—Ba ea gure mahaitik pare bat metrora dabilen zerbitzaria Asafa Powell-en abiaduran etorrarazteko gai haizen! Ze Asafa Powell ere Homo Siemens duk, eta zerbitzaria ere Homo Siemens duk, ezta?
Mariak ziria sartu nahi izan zion. Iñakik berari beste ziria sar ziezaion meritu egitearren, oso oker ez banenbilen. Jaiak ziren, eta dena zen posible. Ea ia dena. Yolirena nire deep zera izatea ezinezkotzat jo nezakeen. Ziur.
—Noski! Homo Sapiens deitu izan zenaren aleak ez ziren denak oso sapiens izan. Izan dira sapiens aberatsak eta pobreak, jabeak eta esklaboak, asasinoak eta santuak. Siemensaren kasua berdina da. Badira Homo Siemens esplotatzaileak, eta badira esplotatuak. Homo Siemens delakoa Homo Sapiens delakoa da, baina hiper-tele-teknologizatua. Siemensa Cyber-sapiensa da, aldiberekotasunaren teknologiaren mendeko izakia. Begira
—zerbitzaria seinalatu zigun.
Momentu hartan zerbitzariak sakelako telefonoaz hizketan ziharduen, begiak hantxe gertuan zegoen zerbaiti loturik zituela igartzen ahal zela. Nora begiratzen zuen konturatu nintzenean bihotzak golkora egin zidan. Han, terrazatik berrogei bat metrora neure iloba Eder ikusi nuen, sakelakoaz hizketan eta, zerbitzaria bezala, eskuez keinu nabarmenak eginez. Ez zen dudarik. Ederrek aparailua belarritik kendu zuenean egin zuen berea gordetzeko keinua zerbitzariak.
—Zure izena? — mahaira itzuli zenean zuzen galdetu nion,.
—Sorin —esan zidan, Yoliri lehenago eskaini ziona baino irribarre zabalagoa eskainiz; bazekien nire berri.
Beste garagardo bat eskatu nion Sorini. Garagardo normala. Segundo batez alkoholak deep impact batez odoleraino egiteko batez zein abiadura behar duen pentsatu nuen, kolpearen atseginaz aldez aurretik gozatuz.
Ilustrazioa: I. Martiarena Mattin