


Panpina itsusiak
Itsusi irizten nien gurasoek erregalatutako panpina guztiei, eta apurtu egiten nituen opari jaso ahala. Hamaika panpina erabili nituen esku artean, eta guztiak trenkatu nituen gurasoen eskuetatik hartu eta laburrenera. Bat izan ezik: futbolari herrena. Hanka bat eskas zuen futbolari herrenak, eta ez nion inoiz ezer egin. Oso aurpegi tristea zuen, begi arrosak eta guzti. Armairu baten hondoan ostendu nuen gizagaixoa, eta maite maite egiteko kutxatik oso noizbehinka baino ateratzen ez nuenez, beste jostailu batzuk torturatzen ematen nuen denbora. Asmo handiak nituen bion etorkizunerako. Batek jakin, elkarrekin ezkontzea ere ez zegoen baztertuta. Egun batean, nire adineko auzokide bati hanka bat moztu behar izan zioten, gangrena lehorrak usteldua. Luis zuen izena, eta ospitalera ikustera joan nintzaionetik gustatuta gelditu nintzen harekin. Harrezkeroztik, zenbait urtez laga nuen futbolari herrena kutxan gordeta, berriz ere ikusteko beldurrez. Azkenean Luisekin ezkondu nintzen plaza ondoko elizan. Iaz bertan behera bota zuten eliza, supermerkatu bat egiteko. Urtea joan, urtea etorri, ahaleginak egin ditugu aurrera egiteko aitaren harategiari esker. Ez da erraza, bizi ditugun garai hauetan.
Orain Luisek esan dit beste emakume bat maite duela. Gaur goizean panpina atera dut armairutik, eta hankak lehenik, besoak gero, txiki-txiki egin dut ohe gainean aiztotzarraz.
Sandraren profezia
Oso maite genuen Sandra auzoko neska-mutilok.
Kamaina ziztrin batean mugitu ezinik zegoen gaixoa, begirada galdua zuela. Hamabi urtean ez zen handik mugitu. Egunero hurbiltzen gintzaizkion katilukada bat txokolate ematera, edota erregaliza eta azukrezko opilak eramatera. Oso maite genuen Sandra auzoko neska-mutilok.
Langabezian egonda, Sandraren aita-amek eskertu egiten zituzten halako opariak. Ahaleginak egiten zituzten txikiaren gutiziatxoak betetzearren, apurtxo batez sikiera irribarrez ikustearren. Alabatxoa oso gaixorik zeukaten, eta medikuek hilabete gutxi batzuetarako eman zioten bizitza.
Sandrak bere adineko adiskide bakarra zeukan, Luis gure anaia. Etxe berean bizi ginen, gu goiko etxebizitzan eta haiek behealdean. Luis ni baino hiru urtez gazteagoa zen, eta handien taldetik baztertuta zebilen. Hori zela eta, Sandra eta Luis elkarrekin jolasten ziren Monopoly eta beste joko batzuetan. Gehienetan, Sandrak irabazten zuen, gure anaia biziki erresuminduz. Azkenean, airera botatzen zituen jokoaren taula eta papertxo guztiak, Gran Víako banketxeko milioidunek diruarekin egiten zuten moduan.
Aldi baten ondoren, bertan behera utzi zituzten Monopoly-aren jolasak. Sandra oso ahul zegoen eta ttu berdea botatzen zuen eztul egitean. Orduan, Luis ohe ondora hurbildu, eta kontakizunen bat irakurtzen zion historia liburutik. Anibalek Alpeak zeharkatu zituenekoa, Erromara bidean. Edota Bazko irlan eraiki zituzten gizairudi misteriotsuen kontua. Halaber, Sandrak liburu urdin bat zeukan gau-mahaitxoan Bibliako istorioez beteta, eta Luisek egunero irakurtzen zion pasarteren bat. Jerikoko tronpeten irakurraldia zuten gogokoena biek.
Egun batean, bat-batean Sandra zuri-zuri gelditu zen, Luis ondoan zuela. Gure anaia korrika joan zen Sandraren aita-amak abisatzera. Izu-larrian sartu ziren gelara. Haien atzetik, gure gurasoak. Tenperatura hartu , sukarrik ez zuela egiaztatu, eta kamamila bat prestatu zioten.
Sandrak apenas zeukan kolorerik masailetan, baina guztiz piztuta zeuzkan begiak. Honela, lasai mintzatu zitzaien gelan bildutakoei:
—Andre bat agertu zait, zuriz jantzia. Esan dit laster etorriko dela nire bila. Elkarrekin joango gara ekilorez betetako zelai batean barrena, zeruraino.
Gizonezkoak zur eta lur geratu ziren. Andreak negarrez hasi ziren. Denak etorri zitzaizkion ondora Sandrari, eta musuz jan zuten. Kamamila apur bat edan ondoren, Sandrak hauxe erantsi zuen:
—Andreak esan dit Luisek emango didala ongietorria zeruan, nire zain egongo dela.
Gure gurasoak seko gelditu ziren, aitarena eginez. Sandraren aita-amak barkamen eske hasi zitzaizkien.
—Umeak liburu gehiegi irakurri ditu. Umeen kontuak!
Gure gurasoek eskutik eraman zuten Luis gelatik kanpora, txintik atera gabe.
Handik hara, ez ginen itzuli Sandraren etxera. Gurasoek aginduta, ezikusia egiten genien Sandraren aita-amei, etxeko eskaileran elkartuz gero. Laster bala-bala zabaldu zen zurrumurrua beste auzokoen artean, eta kezkati begiratzen ziguten.
Kontuak kontu, Sandrak hobera egin zuen Ama Birjina agertu zitzaionetik. Ohean zegoen beti ere, baina ez zuten ospitalera eraman, eta medikuari aurpegia alaitzen zitzaion ikustaldia egiten zionean.
Noizbait, Sandraren aitak enplegu bat lortu zuen Santurtzi aldean. Honela, goiz batean etxetik eraman zuten Sandra kamioi batean, etxeko altzari guztiekin batera. Auzoko pilo bat bilduta zegoen gure plazan «mirariaren neskatoa» ikustearren. Denek aitortu zutenez, itxura ona zeukan gure auzotik irten zenean. Guk leihotik begiratu genuen eszena, kalera irtetea debekatuta genuelako.
Gurasoak-eta lasai geratu ginen.
Edo ez hain lasai.
Handik gutxira, Santurtziko lagun batek esan zien gurasoei Sandra berriz ondoezik zegoela. Horrek profeziaren ur nahasiak eragin zituen berriro. Alde batetik, inoiz baino arreta handiagoa ematen genion Luisi. Egunero errezatzen genuen arrosarioa, zer gerta ere. Nik Monopoly-n irabazten uzten nion, eta futbolarien kromoak erregalatu nizkion. Gurasoek futbol baloi bat erosi zioten, larruzkoa.
Alabaina, laster amaitu ziren Sandraren berriak. Santurtziko lagunak esan zigunez, Sandraren gurasoek Lourdesera eraman zuten neska, mirari bila edo. Beste auzoko batzuek esan zutenez, Alemaniara joan zen familia osoa, aitak lan bat hartu zuelako herri hartan.
Zirenak zirela, ez ziren inoiz itzuli.
Eta barru-barruan kilika egiten zigun harrak. Inoiz ez genuen jakingo Sandraren profezia benetakoa zen, baldin eta ez bazitzaion ezer gertatzen Luisi.
Egia esan, ez dugu oso bizitza gorabeheratsua izan harrezkeroztik. Bai, bada, Luisek istripu bat izan zuen, auzoko futbol taldean ari zela gaztetan. Tako bat sartu zioten belaun barruraino, eta zauria pozoitu egin zitzaion: hanka moztu zioten. Dena den, ez zitzaion gaizki joan auzoko nesken artean, harakinaren alabarekin ezkondu baitzen. Gure gurasoek laster hartu zuten erretiroa, lantegitik agortuta. Campo Bolantinen egurasten ematen dute denbora osoa. Ni aspertuta nago banketxeko maileguak eta txostenak aztertzen bulegoan. Aurten, bidaia bat egingo dut Karibera.
Badira hainbat urte erdi ahaztua dugula Sandraren profezia.. Alabaina, ez dugu gainetik kendu Luis egunetik egunera heriotzara bidean doala gogorarazten digun sentimendu ezeroso hura. Orain anaia harategiaz arduratzen dabil, eta dibortzioaren paperak konpontzen ari da. Dei egin behar diot egunen batean, elkarrekin garagardo pare bana hartzera joateko. Beharbada, oraingoan azalduko dit zergatik ez duen seme-alabarik eduki nahi izan.
Beharbada, baina ez nago ziur.
Ilustrazioa: I. Martiarena Mattin