Udako narrazioak
berria
Lutxo Egiaren argazkia
Gorako bidean

Lehendabiziko bezeroa nolakoa, halaxe etorriko zaio eguna Imanoli. Sinistuta dago. Isila bada, lanegun lasaia izango du; berbalapiko hutsa bada, akabo bake santu guztiak.

Ze Imanol igogailu batean dabil beharrean, lift, elevator.

Erlojuak hamarrak jo orduko, zain geratu da. Bi igogailu daude, baina bakarra ibiltzen da normalean. Iluntzean eta egun berezietan bakarrik ibiltzen dira biak batera. Metrokoak martxan hasi zirenetik, bezero kopurua nabarmen gutxitu da.

Ireki baino lehen, beharginen artean errotutako ohiturari jarraiki, lehen bezeroa zelan bataiatu pentsatu du.

Gizona bada, Gari ipiniko dio; eta neska bada, Europa.

Eguna hasteko ondo legoke gormutu bat...

Baina hura barik, MP3ak entzuten ari den musu gorriko neska azaldu zaio begietara. Eta barruratu deneko film laburra osatu du buruan: sartzean agurtu, bere aurrean paratu eta euroa luzatuko dio. Une horretantxe konturatu da lehen aldia dela. Berrien jarrerak dira, noski, ohiko bidaiariek kadentzia berezia baitute, eta zeharo mekanizaturik dituzte keinu guztiak.

Susmoa du ez duela Europa atzera ere ikusiko. Eta benetan tamalgarria da. Gogoratu du Eladio aitonak kontinente zaharrari zion mira. Eta bazekien hark zertaz zebilen, urte mordoa eman baitzuen Alsaziako meategi batean. Han ere bazeuden igogailuak. Eta Imanolenean ez bezala, han bazegoen alderik jaistearen eta igotzearen artean. Igo ahala espazioa gero eta zabalago bihurtzen baitzen, eta itoko zelako sentsazioa desagertzen zitzaion. Ze meategietan denbora luzea igaro arren, sekula ez zen ohitu, eta behin baino gehiagotan jasan behar izan zituen zorabioak eta klaustrofobia oldar itogarriak, baina berekiko gorde zuen hura guztia. Europa jokoan zegoen.

Brastakoan, hainbat kristau sartu dira oihuka arrantzaka txilioka. Hazpegietan da nabarmen ez dutela bisadoren beharrik.

—Hello. Nine tickets please... Excuse me, we are looking for the museum...

Hauexek guretarrak dituk, pentsatu du Imanolek.

Europarrak.

Okerreko bidea hartu dute, ez da zertan igo Guggenheim-era joateko, berriro jaitsi beharko dute. Gorakoan, Imanolek beherantz seinalatu du, eta bederatziek lehenengoan ulertu dute. Eta barre-algaraka hasi dira segidan, barre ergelak.

Gora ailegatzean, ateak zabaldu barik artez jaistea ebatzi du, hurrengora arte itxoinarazi gabe. Aisa konprenituko dute keinu polita. Azken urteetan, museoa zabaldu zutenetik, ikaragarri ugaldu dira europarrak. Hormigoizko igogailua bitxia iruditzen zaielako igotzen dira gehienak. Eta arrazoia edozein delarik ere, it’s amazing errepikatzen dute zein zurturik dauden erakusteko.

Beherako bidean Imanolek berriro ordaintzera gonbidatu ditu, atzamarrekin lagunduz:

—Beste bederatzi txartel, mesedez.

Kanpotarrek ez bide diote entenditu, eta begira geratu zaizkio begira, isilik. Elkarri begira segidan. Gertatzen ari denari erreparaturik, Imanolek argiro azaldu die zorretan daudela.

—Bederatzi gora, bederatzi behera.

Aurpegi kamutseko europarrek argiegi ikusi dute amarrua. Eta garrasika orroka marrumaka hasi dira: Ye fucking asking us to pay it again? What a fuck is this?

Eta abar luze zabala...

Berba ingelesezkoak zokondo guztietara zabaldu dira mehatxagarri, horma ezinbestez lohitu behar duen graffitiaren moduan. The Wall filmaren mailuak etorri zaizkio Imanoli burura.

Baina ez dago prest amore emateko. Behean ez die atea zabalduko, zirt edo zart egin beharko dute.

—No pay, no open.

Toki zarratu batean denbora luzea eman eta gero, beherantz begiratzera kondenatzen duzu zeure burua. Kalera atera eta zakurren moduan ibiltzen zara, usnaka kasik. Herriekin, berriz, alderantziz gertatzen da. Arrazoiak arrazoi, gora eroaten duzu beti behakoa. Espainiak zuri behatzen dizu; zuk, Frantziari; Frantziak Ingalaterra eta Alemaniari. Eta den-denek Europari, ipar-poloko leku izozturen batean egon behar duen entelekia horri.

Imanolek lurrean erdi etzanda erdi eserita ikusi du bere burua bat-batean. Kosta zaio ulertzea nola ailegatu den egoera horretara. Hazka egin du bekokian. Igogailuaren ateak zabalik daude eta neska bat galdezka ari zaio. Nekez ulertu dio lehenengoan, jakin ere ez daki berarekin ari ote den. Bere harridurarako, lehengo neska bera da, eguneko lehen bezeroa, Europa. Neskak zutitzen lagundu dio. Imanolek haren eskuak sumatu ditu ukondoetan. Oso atzamar finak ditu, piano-jotzaile batenak iduri, nahiz eta bere bizitzan piano-jotzaile baten eskurik ez ukitu. Baina hori diote denek, azken batean, atzamar fin-finak piano-jotzaileenak.

Poliki baina, bueltatu egin da bere onera. Daborduko ederto gomutatzen du zer gertatu den. Kanpotarrak ez daude. Begirada goxo eta hitz amultsuz, halaxe sartu dira igogailura. Makur eta zakar irten dira, ostera, yu facking bastard aldarrika, Oxford-eko ingelera dotorean, poetak zioen moduan okerbideak ez baitaki mintzaerarik.

Eta europarren atzetik neska ere joan da, erdu den bezala joan ere, abisatu barik, MP3ak entzuten. Mamen. Edo hori ulertu du Imanolek behinik behin.

Bidaiariarik ez dagoela ikusita, atea itxi eta botoia sakatu du. Gora doa atzera ere, goian baitaude bezeroak itxaropentsu, goian baitago iluntze gorrimina, eta eguerdiaren eguzkiaz lurmentzen diren etorbide zabalak, eta ubarroiak, eta lurra arrakalatzen duten pasabideak, eta lautada izoztuak, eta azaldu behar zaizkigunak oro, eta balizkoak.

Eta ohartu da, gorakoan, kondenek ere igo gura dutela.

Eta zorionez, horretan igogailuak ez du antzik, ez baitago beherakorik gabe gorako biderik ametitzen duen aszensorerik.

Eta erabaki du Europak ere badituela lau ertz.

Eta pentsatu du bizitza elevator ttiki batean sartzen dela, noiz gorakoan noiz beherakoan.

Eta gero erlojuari erreparatu dio.

Ordu batzuk barru afari goxoaren usainean etxeratuko da.

Eta gaur inoiz baino gehiago erreko du.

Eta bihar parez pare zabalduko ditu etxeko leihoak.

Eta patiotik sar dadila sartu behar den usaina, dena dela.

Eta kanpora botako du ustela.

Europaren usaina.

Europa.

I. Martiarena Mattin-en ilustrazioa

Ilustrazioa: I. Martiarena Mattin