Udako narrazioak
berria
Xabier Etxeberriaren argazkia
Badaezpada

Itsu utzi zuen zoritxarreko istripu haren ondoren hasi zen gure ama bazter guztietan patuaren esku okerra ikusten. Ezbeharra bera, konparazio baterako, ez zela zorte beltzak eragindako hutsegitea izan esanez itzartu zen erietxean. Aitzitik, bere ikusmena eta aitaren bizia galarazi zituen erorketa ikaragarria aurrez erabakita zegoela. Destinoak nahi izan zuela hala, ez kasualitateak. Behar zuena gertatu zela.

Amaren jarrerak kezkaz gainezka laga ninduen, jakina. Baina, jasandako traumaren ostean, normala zela ziurtatu zidaten sendagileek. Ez tematzeko gehiegi ideia arraro haiek uxatu nahian. Ahalik eta maitasun handienaz jokatzeko berekin. Denborak sendatuko zuela dena.

Ilusio horrekin egin nintzen familiako etxaldearen eta amaren kargu. Eta, hasiera batean, pixkanaka gauzak bere onera etortzen hasi zirela pentsatu nuen. Bizi zela, aitak hain egoskor mantendu zuen ibai ondoko lur zatia inmobiliariakoei saldu eta, jasotako diruarekin, ama goiz eta arratsalde zainduko zuen erizaina hartu nuen. Etxea goitik behera berritzeari ekin nion baita. Ahal zen neurrian, ezintasunak eragiten zizkion oztopoak leuntzen saiatu nintzen. Erraz erabil zitezkeen elektragailu seguruekin hornitu nuen sukaldea. Alfonbrak kendu eta gela guztietan moketa garestiak ipini nituen. Igogailu txiki bat ere bai sarreran, eskailerak berrogei maila inguru baitzituen; altura handia labain eginda erortzeko ere.

Aldi berean, amaren aldartea baretu egin zela iruditu zitzaidan. Ikusmen ezak ezartzen zizkion mugetara ohitzen, edo egoera berria onartzen ariko balitz bezala. Jada ez zituen lehen egunetako hitz ilun haiek errepikatzen eta, gero eta sarriago, etxetik irtenda lorategitik paseo laburrak emateko laguntza eskatzen zidan. Zoriontsu bizi gintezkeela sinesten hasi nintzen.

Baina usteak, ustel. Aurki eguneroko bihurtu ziren gure ibilalditxo horietako batean, herriko ezagun batzuekin egin genuen topo. Garai batean gurasoekin harreman handia izandako bikote bat. Oso atsegin hartu gintuzten, ama uste baino hobeto aurkitzen zutela eta abar esanaz. Doluminak trukatu genituen baita, aitaren heriotzatik egun pare batera hil baitzitzaien eurekin bizi zen izeba alarguna ere.

Gero, elkarrizketa nola segi ondo jakin ez eta, galdutako eraztunaren hizpidea atera zuen andreak. Izeba zenak urrezko eraztun eder bat omen zeukan, kariño berezia ziona. Heriotza hain ustekabekoa izan eta, gauzak apur bat lasaitutakoan, haren bila hasi bai, baina ez omen zuten inon aurkitzen. Euren etxea oso handia ez zen arren txoko ugari zituen. Eta beranduegi zen jada izebari non gorde zuen galdetzeko.

Kontaketaren une hartara iritsita, berekin eraman du lurpera, esan zuen gure amak bat-batean, eraztuna zuen izebak dauka. Hain izan zen ezustekoa amaren erantzuna, horren almidonatua eta arraroa hitz haiek egitean erabilitako ahots tonua, harri eta belarri geratu bainintzen. Zer esanik ez aurreko bikotea. Euren erreakzioa, baina, ez zen, espero litekeen moduan, harridura edota gaitzespena izan.

Egia da ezereza zelatatzen zuen amaren begirada finkoak ohitu gabe zegoenari zirrara berezia sortzen ziola. Eta, ondo pentsatuz gero, heriotzaren marra zapaldu ondoren itzuli zela bizitzara. Baina, miresmenezko imintzio artean, bikote hura gure amari ea euren izeba hildakoen artean ikusteko gai zen galdetzen hasi zitzaizkionean, txantxetan behar zutela iruditu zitzaidan. Tira, tira, barka iezaiozue, ez egin kasurik ekin nion nik urduri, baina beranduegi zen jada zentzugabeko gurpil hura geratzeko. Beste eraztuna berak dauka berealdiko batekin ikaratu gintuen berriro amak. Tragediak bere suzko marka utzi ondoren, teloiaren osteko mugimenduak dantzarazten zituzten hariak ikusteko dohaina bereganatu zuela sinisten hasia zen ama, antza. Eta, okerrago oraindik, baita jendea ere.

Are gehiago, familiartekoek hildakoa zerraldotik atera eta, pentsa zitekeen bezala, izeba ditxosozko eraztuna eta guzti lurperatu zutela ohartu zirenean. Egoera hotzean aztertuta, logikoa zen, jakina. Etxean ez bazegoen eta izebak beti berekin eramaten bazuen, ehorzketaren presekin eranztea ahaztu izana zen zentzukoena. Baina berdin zion. Gure amak begirada zuri eta ahots ilunez iragarri zuen. Nahikoa zen hori. Jendeak nahiago zituen profetak errealitatea baino.

Handik aurrera, ispilu hautsiak baizik ez genituen eduki etxean. Hildakoak ikusten zituen andre itsuaren oihartzuna bailarako zoko urrunenetara ailegatu zen. Ez zegoen egunik, ate joka bisitaririk ez genuenik. Batek, berriki zendutako anaiak bere alargunarekin ezkontzea barkatuko ote zion jakin nahi zuen. Zuela hamabi urte hildako aita bizirik eta beste andre batekin ote zegoen ziurtatu besteak. Patuaren liburuan irakur zezakeen itsuarekin egotea eskatzen zuten guztiek. Eta nire erantzuna berbera izaten zen beti. Ezetz.

Ikaragaitzak ziren batzuk, ordea. Arratsaldeetako gure ibilalditxoa nondik egiten genuen ikasita, atetik uxatu arren bidera irteten zitzaizkigun. Horrelakoetan zaila egiten zitzaidan ama etxera agudo erretiratzea, mantso ibiltzen zelako berez eta, batez ere, bisitarien kontuekin luzamendutan aritzea maite zuelako. Burura etortzen zitzaion edozein txorakeria botata ere, arretaz entzuten zioten denek. Sinestezina zen gizajo haien fedea.

Nazka-nazka egin nintzen halako batean. Jolas txoro hark behingoz bukatu egin behar zuela eta bere onera etorri arte ez zela kanpora berriz irtengo esan nion amari. Ezpainak okertuta hartzen ninduen harrez geroztik. Hobe beharrez ari nintzaiola ikusarazten saiatzen nintzen ni, baina alferrik. Antzerkitxoa egiteko bidea moztu nionetik nire aurka zeharo tematuta zegoen. Ahalik eta goxoena jokatzen saiatzen ni hala ere. Kasketa inozo bat baino ez zen hura guztia. Pasako zitzaion.

Oker nenbilen ordea. Biok bakarrik afaltzen ari ginen gau batean, istripuaren gaia atera zidan. Aspaldi ahaztua zuen, baina indar berriz ekin zion ostera. Eta ordura arte erabili ez zuen tonuan. Ezbeharra ez zela ausazko zenbait elementuren —gaua, etxera daraman bideko azken bihurgune estua, errepide gainean isuritako olio putzua— konbinaketa gaiztoaren ondorioz gertatu esaten hasi zen. Ez zela kasualitatea izan. Prestatua baizik. Aita ez zegoela lasai hilobian eta hitz egiten ziola.

Orduan bai kezkatu nintzela, noski. Banekien kontu haiek guztiak bere asmakeriak baino ez zirela, ama ez zela hildakoekin hitz egiteko ezta istripuan benetan jazo zena igartzeko gai. Baina, auskalo, gauza horiekin ez da sekula jakiten. Beharbada benetan zituen dohain bereziak. Edo, agian, hain ondo etorri zitzaidan istripu hura ez zela guztiz ustekabekoa izan konturatu zen. Dena dela, hobe zegoen isilik. Badaezpada.

Erizaina kanpoan suertatu zen arratsalde batean, ohi baino lehenago etxeratu eta paseora irtetea proposatu nion. Igogailua ez zebilela esanez, eskailburura eraman nuen besotik helduta. Berrogei maila inguru zituen eskailerak, altura handia labain eginda erortzeko ere. Bultzadatxo bat nahikoa izango zen. Aitarekin benetan hitz egingo zuen aurki. Zuzen zuzenean.

I. Martiarena Mattin-en ilustrazioa

Ilustrazioa: I. Martiarena Mattin