Udako narrazioak
berria
Sonia Gonzalezen argazkia
Sabor Bar Show
Yo adivino el parpadeo<

de las luces que a lo lejos van

marcando mi retorno<

son las mismas que alumbraron<

con sus pálidos reflejos<

hondas horas de dolor
1.

Gardelen ahotsa aitaren irrati zaharretik irteten zenean, gela osoak eta bertan nire txikitasunak urrunera egiten genuen, beste herrialde batera, Argentinara. Argentina: tangoa, gautxoak, zigarroak erretzen zituzten andrak eta gura beste okela. Europaren antzekoena Paraguaiko herri txiki bateko neskatoarentzat.

Eskolatik bueltan, aita herriko taxista lanetan eta ama soloan, etxean inor ere ez, gurasoen gelara igo eta egurrezko apaintze-mahai zaharraren aurrean, nire irudikapenetako argentinar andra horietako bat nintzen. Ile luzea mototsetatik askatu eta lisatu eta lisatu egiten nuen, kontuen kuadernoko orrialde zati bat apurtu eta zigarroen ahoko luzea kiribiltzen nuen. Ispiluaren aurrean kanta eta kanta, dantza eta dantza, eta eskolako tauladun gonak hegal egiten zuen nire inguruan. Nagusia izan gura nuen. Nagusia, dotorea eta modernoa.

2.

12 urte bete nituenean amaitu nituen primariako ikasketak. Amak gura zuen nik gehiago ikastea, baina gura izatea eta benetako posibilitateak gauza ondo ezberdinak dira. Diru falta arrazoi ondo boteretsua da horrelako aukeraketa baten aurrean eta, behintzat, idazten, irakurten eta kontuak egiten ikasi nuen harrezkero. Herriko andrentzako mandatu txikiak egiten hasi nintzen eta diru apurra etxera eroaten. Egitekorik ez zegoenean, amari laguntzen nion soloan.

Herriko andrek ere ezin zidaten askorik ordaindu, askotan arrautzak eta bestelako jakiak ematen zizkidaten trukean, baina, hala ere, ni pozik etxeratzen nintzen, nire esfortzuaren fruituak zeozertarako balio zuela jakinik. Adela ezberdina zen. Adelak beti ordaintzen zidan dirutan eta, esan behar da, diru nahikotxo ematen zidala beti. Eginbeharrekoak ez ziren oso gogorrak eta afari-merienda ere jasotzen nuen hainbat pesorekin batera. Adela dotore-elegantea zen eta bazekien goxo-goxo berba egiten.

Egun batean nire amarekin solasalditxo bat izan gura zuela esan eta etxera arte lagundu zidan lana amaitu ostean.

3.

Adelak beti esaten zuen sekula izan ez zuen alaba lakoa nintzela ni eta niretzako onena gura zuela. Seguruenik horixe izan zen amari kontatu ziona. Neska jator eta langilea nintzela, azkarra eta ederra, eta niretzat ez zegoela irtenbide handirik herri hartan. Berak kontaktu batzuk zeuzkala, jende asko ezagutzen zuela eta, seguruenik, zerbait hobea topatu ahal zidala.

Horrela etorri zitzaidan ama egun batean, Adelak esandakoa ia berbaz berba errepikatuta, ea Argentinara egin gura nuen.

Argentina. Nire etxetik zenbait kilometrotara eta, hala ere, hain urruna. Birritan ere ez nuen pentsatu. BAI! BAI BAI BAI! ozen eta alaiak etxarteko pareten kontra jo zuen oihartzun etengabean.

Kamioi zikin batek eroango gintuzke, tabernari lanetan aritzeagatik 1.300 peso irabazteko promesa eta amets artean. Ez nintzen ni hango neskato bakarra. Dozena bat inguru pardel pilatzen ziren gure oinen artean. Poztu nintzen Maria ikusi nuenean, nire herri berekoa zen, ni baino pare bat urte gazteagoa, baina, behintzat, bide hartan aurpegi bidaide ezaguna izango nuen.

4.

«Bolitxe» baten aurrean gelditu zen kamioia. Eskuz margotutako egurrezko kartelak iragartzen zuen izena: «sabor Bar Show». Ate zabala eskumaldean eta burdin barraz jagondako beirate lohi handia ezkerraldean. Kanpoan, eguzkia eta lur lehorra. Sastrakak eta sasitzak taberna atzean. Adreiluzko paretak. Hiru kotxe aparkaturik.

Kamioitik bajatu eta gizon bat irten zen gure bila sarrerara arte. Modu txarrean eta oinak arrastraka, berba zikinen artean, hurbilarazi gintuen barra atzean zegoen Tonyrenganaino. Honek koadernotxo bat atera eta banan-banan galdezka hasi zitzaigun norberaren izena eta adina zeintzuk ziren. Segidan, dokumentuak eman behar izan genizkion.

«Esta noche vas a trabajar. Si querés comer, si querés viajar nuevamente a tu país, tenés que trabajar y pagar el pasaje»...

5.

Mariak gauero egiten zuen negar. Gizon izerditsu hark ikutu bezain pronto, komunera arrapaladan irten behar izan zen, txahala botatzera. Nik ere egiten nuen negar. Zin egiten nion egunen batean ihes egitea lortuko genukeela, ez kezkatzeko. Baina nik neuk ez nuen horrelakorik sinesten, batez ere, inoren begiradapean ez geunden momentu bakarrean, hau da, gauez, ohe azpian eskuburdinez loturik lo egin behar genuenean.

Sagrario gu heldu aurretik zegoen kabaretean. Begi bat falta zitzaion. Tonyk atera zion, koilara batez, egun batean tabernako terrazara arte heltzea lortu eta laguntza eskatu zuelako. Bere kulpagatik auzokide batek poliziari deitu eta neska guztiak ezkutatu behar izan zituzten behearen azpiko zulo batean. Sagrariok jadanik ez zeukan etxera itzultzeko itxaropenik, ezta gogorik ere. «Nork maitatuko nau aurpegi honekin?»

6.

Komisaldegian, arnas estuka, hitz totelka hasi nintzen gertatutako guztia kontatzen, zelan engainatu gintuzten, zelan edukitzen gintuzten preso, zelan behartuten gintuzten horiek gauza lizun eta zikin guztiak egitera... Ramon sargentoak bere burua aurkeztu eta tarte txiki batean bere bulegotxoan egon ondoren, lupanar hartara joan eta hangoak identifikatu ostean gartzelara sartuko lituzkeela lasaitu ninduen.

Itxaropena azken momentura arte izan nuelako, agian. Sagrarioren abisuei muzin eginda, eskuburdinak ipintzea ahaztu zuten gau batean arrapaladan urruntzea lortu nuelako, poliziarengana jo nuelako...

Horregatik guztiagatik nago orain bide bazter honetan, bizitzak zelan egiten didan ihes igartzen, nire lako neskentzako ametsik ez dagoela egiaztatzen emanda azken momentu hauek.

«Tony, nire koinatuari inork ez dio horrelako putadarik egingo, aitzen duzu?» eta pistola aterata, sargentoak tiro bi bota zizkidan berbertatik.

Sentir que es un soplo la vida

que veinte años no es nada...
I. Martiarena Mattin-en ilustrazioa

Ilustrazioa: I. Martiarena Mattin