| ::
Itzulera baten historia
Joan nintzenez gero itzuleran pentsatzen abiatu nintzen.
Euskadin lan egin behar nuela pentsatu nuen beti, eta
horretarako prestatu». Martin Ugalderena (Andoain,
1921-Hondarribia, 2004) itzulera baten historia izan
da. «Nik esan izan dut, Euskal Herria martirizatuaren
ordez, Ipar Amerika edo Britainia Handia edo beste herrialde
handi bat utzi izan banu, nire utzitakoarenganako errespontsabilitatea
ez zela berdina izango».
Espainiako gerrak eta ondorengo erbesteak goitik behera
erasan eta markatu zuen Ugalderen bizitza. Venezuelan
22 urte egin zituen. Kazetari ezagutua izatera iritsi
zen han, lanpostu ona erdietsi zuen, hiru seme-alaba
jaio zitzaizkion, gurasoak bertan zituen, eta, horregatik
guztiagatik, bizitzaz lasai gozatzeko tenorea gertu
zuela zirudien, baina justu orduantxe Euskal Herrira
itzultzeko erabakia hartu zuen. 1969a zen eta 48 ute
zituen. Erbesteari itzulbidea bilatu zion, Euskal Herriarekiko
engaiamenduak bultzatuta. Atzo, Hondarribiko bere etxean
hil zen, 82 urte zituela, azken urteetan larritzen joan
zitzaion gaixotasun batek jota.
Hamabost urte zituela harrapatu zuen Ugalde 36ko gerrak,
Andoainen. «Gerrak mundua aldatu zidan»,
esan izan du, eta nola aldatu gainera. Aita EAJko zinegotzia
zuen eta mendira alde egin behar izan zuen. Ugalde,
berriz, Joseba anaia gazteagoarekin eta amarekin Hernanira
joan zen. Frantziara joan behar izan aurretik Donostia,
Zumaia, Mundaka eta Bilbo izan zituen bizileku eta gordeleku.
Erbestearen semea
Bilbotik bi anaiak Santanderrera egin zuten eta han
bakoitzak intsasontzi bana hartu zuen: anaia, Sobiet
Batasunera zihoana; Ugalde, Frantzia zuena helmuga.
Gurasoek Bartzelonara egin zuten. Orduantxe sakabanatu
zen familia, Frantziarako ontzia hartzean, eta ez zuten
elkar ikusiko hurrengo hamar urteetan. Frankoren tropak
Bartzelonan sartu zirenean aita Lleidan zen eta handik
ozta-ozta lortu zuen Frantziara alde egitea. Amak Andoainera
egin zuen. Ez etxe, ez ondasun, herria frankistek gobernatzen
zutela, senitarteko batek hartu zuen etxean. Ugalde
aitarekin bildu zen Donibane Garazin, harik eta aitak
1939an Venezuelako itsasontzia hartu zuen arte. Aita
Bidasoaren alde batean eta ama bestean zirela agurtu
zuten elkar.
Ugalderen erbestea Chateau Chinon hasi zen. Urtebetera
erbesteko Eusko Jaurlaritzaren eskutik Donibane Garazira
joan zen eta han La Citadelle deituriko eskolan hasi
zen ikasten. Ondoren Donibane Lohizunera joan zen ikasketekin
jarraitzera. Han Agustin Zumalabe matematikari eta euskaltzale
ezaguna, Joxemiel Barandiaran etnografoa, Jose Zabalo
Txiki marrazkilaria eta Andoni Arozena kazetaria izan
zituen, besteak beste, irakasle.
Aita ordurako Capbretonen zen eta jada buruan zuen
Caracasera joatea. 1939an egin zuen itzulbiderik gabeko
bidaia hori. Hara iritsi orduko erreklamatu zuen semea.
Martinek Jaurlaritzaren bitartez lortu zuen Marsellatik
irten behar zuen ontzi baterako pasajea. Baina Alemanek
Frantzia hartu zuten eta Ugalde Gurseko kontzentrazio
eremura eraman zuten. Betirako gorde zuen hango oroitzapena:
gosea, hotza, hezetasuna, miseria, jendea trumilka pilatuta.
Baina baita hurrengo hau ere: «Hor ikusi nuen
poesiak esaten jendez inguraturik Rafael Alberti».
Gursen hilabete egin zuen. Han zen Iñaki Azpiazu
apaizaren bitartez lortu zuen handik irtetzeko baimena
Carasastik erreklamatzen zutelako. 1940ko ekainaren
24an egotzi zuten kontzentrazio eremutik. Frantziako
Polizia joan zitzaion bila orduan: alemaniarren armamentu
fabrika batean lanean hasi edota Andoainera itzuli,
Horixe jarri zioten aukeran. 1940ko urrian igaro zuen
hegoalderako muga.
Andoain dena aldatua zegoen. Urte gogorrak izan ziren,
Ugalde nazionalista, separatista eta gorria zelako askorentzat.
Ezagunek, askok, ikusi orduko kalean beste aldera egiten
zuten hura ez agurtzeko. Beldurraren beldurrez. Halakoa
zen errepresio giroa. Lanik inork eman nahi ez. Aitarena
izandako aroztegira joan zen lan eske, baina ezezkoa
jaso zuen. Laborde torloju lantegi handian eman zioten
lana azkenik, leihoak jartzen.
Venezuela, beste aberria
1942an soldaduskara joatea tokatu zitzaion, Marokora.
Hiru urte egin zituen han. Handik itzuli eta gogo zaharra
berritu zitzaion: Venezuelara aitarengana joatearena.
Ordurako Diario Vasco egunkarian Andoaingo
kronikak idazten zituen, eta Laborde fabrikako administrazioan
zebilen lanean. Burokrazia handiari aurre egin eta gero
pasaportea lortu eta 1947ko irailaren 30ean hartu zuten
berak eta amak Venezuelarako ontzia. Aste pare bat zen
Anaia Joseba hara iritsia zela, ezkondua eta seme txiki
batekin. Hamar urteren ondoren, han elkartu zen familia
berriro.
Venezuela Ugalderentzat askatasunaren lurra izan zen,
ukatu zioten aberriaren ordezkoa. Beste aberria. Etorkizunerako
bidea zabal eskaintzen zion herria. Han eman ahal izan
zion bidea barneko arrari: idazteari. 26 urte zituen.
Euskal jatorriko lagun batek Elite aldizkarian lan egiteko
eskaintza egin zion, eta hilabete gutxira hartu zuen
aldizkariko zuzendaritza.
Lana lepo zuen. Egunero bi pakete zigarro erretzen
zituen. Lasaitasun pixka bat hartzeko asmoz Estatu Batuetara
joan zen ingelesa ikastera. Itzuleran, 1952an, ezagutu
zuen Anamari Martinez Urreiztieta, Euskal Etxera iritsi
berri zen neska, eta hiru urtera ezkondu ziren.
Creole Petroleum Corporation petrolio enpresa handiak
—22.000 langile zituena–– argitaratzen
zuen Nosotros aldizkaria zuzentzeko eskaintza jaso zuen
urrena. Literaturarako denbora uzten zion lan berriak
eta berehala eman zuen horrek emaitza: El nacional
egunkariak antolatutako ipuin lehiaketa entzutetsua
irabazi zuen Un real sueño sobre un andamio
lanarekin.
Hor hasi zen bizitzen hamar urte lehenago amets batean
baino ikusi ezin zezakeen bizitza. Anaia Josebak hiru
etxebizitzako etxea eraiki zuen familiarentzat, eta
han jarri ziren bizitzen denak. Andoain izena jarri
zion aitak etxeari, jendeak non bizi zen galdetzen zionean
Andoainen bizi zela esan ahal izateko. 1956an jaio zen
lehen semea: Unai; urtebetera alaba: Miren Itxaso.
Estatu Batuetan kazetaritza master bat osatu zuen bi
urtez, eta Venezuelara itzuli eta hango unibertsitatean
jardun zuen irakasle. Creoleko argitalpenen buru izendatu
zuten berehala, eta orduan hasi zen El farol
kultur aldizkaria zuzentzen, berau zen Venezuelako kultur
argitalpenik entzutetsuena. Izendapen horrekin eta El
nacional egunkarirako erreportaiak eta ipuinak
idatziz, Venezuelan oso ezagutua izan zen.
EAJn klandestinitatean lanean
1964an jaio zen bigarren alaba: Miren Ainara. Umeak
koskortzen hasi zirela-eta euskarazko ume ipuinak hasi
zen idazten. Seme-alabak euskaldun nahi zituen ororen
gainetik, emaztea euskaldundu zuen bezala. Eta pentsamendu
horrekin berebiziko erabakia hartzeko tenorea iritsi
zitzaion: seme-alabak euskaldun nahi bazituen, Euskal
Herrira itzuli beharrean zen. Orduan edo inoiz ez. 1969a
zen.
Emaztea eta seme-alabak bidali zituen aurretik. Anamari
Martinezek orduan zapaldu zuen lehen aldikoz Euskal
Herria, erbestean jaioa baitzen. Ez ziren garai errazak
izan familiarentzat. Hondarribian jarri ziren bizitzen.
Emazteak Ugalderi etortzen utz ziezaioten baimena lortu
arteko onik ez zuen izan. Baldintza bakarra jarri zioten:
politika kontuetan ez sartzeko inondik inora.
Ziurrenik gehiago zen Martinek Venezuelan uzten zuena
Euskal Herriak eskaintzen ziona baino. Baina badira
albora utzi ezin daitezkeen engaiamenduak: Martinek
herrigintzarekin sentitzen zuena, horren adibide.
Itzuli zen, baina ez zengoen geldi egoteko. Berehalaxe
hasi zen klandestinoki lanean: EAJren Alderdi
aldizkaria zuzentzen, lehenengo. Alderdian gero eta
pisu handiagoa zuela, erbesteko Eusko Jaurlaritzako
lehendakariorde Joseba Rezola hil eta haren postua betetzeko
deitu zuen Leizaola lehendakariak. 1973an Hegoaldetik
igorri egin zuen Poliziak. Hiru urte egin zituen Donibane
Lohizunen. Han hasi zen Síntesis de la historia
del Pais Vasco liburua idazten, ukatutako historia
berreskuratzeko asmoz. Eduardo Txillidari egindako elkarrizketa
liburua eta beste hasi zen argitaratzen.
Franco hil ondoren itzui zen Hondarribira, 1976an.
Lehen lerroko politikagintza albora utzi eta idazten
hasi zen buru-belarri. Deia egunkaria sortzeko
lanetan ere hartu zuen parte, eta zuzendariorde izateaz
gain euskarazko erredakzioaren ardura hartu zuen. 1982an
Carlos Garaikoetxea lehendakari zela Eusko Jaurlaritzako
Euskarazko Arazoetarako zuzendari nagusi izendatu zuten.
Euskaldunon Egunkaria-ren arima izan zen.
Betiko ametsa zuen euskara hutsezko egunkari bat sortzearena,
eta Joxemi Zumalabe eta Joan Mari Torrealdai, besteren
artean, lankide izan zituela heldu zion egitasmoa alderdi
eta erakundeei aurkeztu eta sostenguak lortzeko lanari.
Administrazio Kontseiluko Lehendakari izan zen hasieratik,
harik eta osasun arazoak tarteko utzi zuen arte. Bere
azken aldiko egitasmorik handiena izan zen Egunkaria,
baita kutunena ere. Azken urteetan egindako lanaren
aitortza etortzen hasi zitzaion: Euskal Herriko Unibertsitateak
Honoris Causa doktore izendatu zuen, Andoaingo Udalak
Seme Kutun eta Euskal Herritar Unibertsal Eusko Jaurlaritzak,
besteak beste.
Euskarazko egunkariaren lorpenak guztiak, hala ere,
zorigaiztoko bukaera izan zuen: Juan del Olmo epaileak
egunkaria itxi, zortzi lagun atxilotu, eta Ugalde auzipetu
zuen ETArekin nahastuta. Amesgaizto zaharrak berritu
zitzaizkion. Anamari Martinez emazteak Euskal Herrian
beti segurtasun falta sumatu dutela esan zuen orduan.
Herriaren eta hizkuntzaren alde dena emanda ere ezin
izan zen lasai bizi. Ugalderen hitzak dira hurrengoak:
«Niri ez zait maitasuna ematea ezer kosta. Dena
irabazia izan da. Eta Ugalde herriarentzat debalde izan
da, nik uste». Euskal Herria zorretan utzi du.
|