Zaintza masiboa

Hiperzaintzapean

Edward Snowdenek agerian utzi du nola, teknologia berriekin, zerbitzu sekretu nagusiek ez duten oztoporik milioika lagunen gaineko zaintza masiboa egiteko, pribatutasun eskubidea arazo gabe urratuz.

Irune Lasa.
2013ko uztailaren 14a
19:10
Entzun

"Atxilotzen zaituztenean, lehen galdera hauxe izaten da: 'Non dago zure ordenagailua eta zein da zure pasahitza?'. Tamalez, erregimenaren indarrentzat oso erraza da guztia jakitea; kasu gehienetan badakite". Giza eskubideen aldeko ekintzaile Bassam al-Ahmeden siriarrarenak dira hitzok. Joan den urtean atxilotu zuen Baxar al-Assaden gobernuak, eta gero Istanbulera ihes egitea lortu zuen, baina haren hainbat kidek ez dute zori bera izan. Al-Ahmeden ustea berretsi besterik ez du egiten aste honetan Citizen Lab laborategiak jakinarazitakoak, Al-Assaden erregimenak Internet monitorizatzeko tresnak dituela

Torontoko Unibertsitateko Citizen Lab laborategiak media digitalen, segurtasun globalaren eta giza eskubideen arteko bidegurutzeen ikerketan dihardu, botere politikoek ziberespazioan dituzten jokaerak aztertzen. Hainbat tokitan topatu dituzte Blue Coaten tresnak: Europa ia osoan, Ameriketako herrialde gehienetan, Errusian, Indian, Txinan, Australian... baina baita AEBetako legediaren arabera euren izaera autokratikoengatik halako tresnak erosteko bahimendupean dauden zenbait herrialdetan ere, hala nola Sirian, Iranen, Boli Kostan eta Sudanen.

Zergatik ezin zaizkie, AEBen arabera, halako tresnak halako herrialdeei saldu? Bada, ordenagailuetako birusak eta haur pornografia bahetzeko balio izateaz gain, tresna horiek webguneak zentsuratzeko eta disidente, ekintzaile edota kazetarien komunikazioak monitorizatzeko erabil daitezkeelako, hots, errepresiorako. 2011n antzeko kasu bat agertu zen, jakin zenean udaberri arabiarraren hastapenetan Mubaraken Egiptoko gobernua AEBetako Sunnyvale konpainiaren Narus teknologia erabiltzen ari zela oposizioko ekintzaileak kokatzeko.

Eskubideak

Adibide horietan ikusten da argi teknologia berriek ekarri dituzten espioitza edo zaintza modu berriek zer arrisku dakarten giza eskubideei dagokienez. Muturreko adibideak direla? Erregimen gaiztoetan soilik gertatzen direla halakoak? Pentsa daiteke erregimen demokratikoetan giza eskubideak legez babesturik daudela; eskubide horiek oso ezohiko kasuetan soilik urra daitezkeela, betiere berme judizialarekin, eta herritarren hobe beharrerako eta benetan beharrezkoak diren arrazoiengatik. Bai, pentsa daiteke hori. Baina Edward Snowden NSA Segurtasun Nazionalerako Agentziako langile ohiak The Guardian egunkariaren bidez zabaldutakoek errealitate desberdin bat azaleratu dute.

Adibidez, praktikan berdin dio euskal herritarron datuak eta pribatutasuna printzipioz Espainiako eta Frantziako legeek babestuta egotea, gure komunikazio gehien-gehienak AEBetako konpainien bitartez egiten baditugu. Snowdenek agertu duen moduan NSAri bost axola baitio estatubatuarrak ez direnen pribatutasunaren babesa, eta estatubatuarren eskubideak ere, ikusi denez, ez dira harentzako kezka iturri. 2007an jaiotako PRISM zaintza sistemaren bidez, dela zuzenean zuntz optikoko kableen lotune nagusietatik dela Interneteko zerbitzu emaile nagusiei eskatuta, lortzen duen informazio guztian NSA erabat libre da AEBetan bizi ez diren eta estatubatuarrak ez diren pertsona ororen hodeiko datuak begiratzeko. Horretarako baimena ematen dio 2001eko Patriot Act delakoak.

"Han dena legezkoa da", dio Iñaki Pariente Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak. "Teorian auzitegi sekretu batek gainbegiratzen du NSAren eta zaintzaren inguruko beste agentzien jarduna. Baina praktikan gaitasun ia mugagabea dute zaintzarako, esaterako, Interneteko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei erabiltzailearen datuak emanarazteko. Dropboxek, adibidez, zenbait jenderi buruzko datuak eman behar izan ditu. Ezin dio uko egin horri, zigor penalak eta guzti jaso baititzake. Facebookek eta Googlek, berriz, zenbait kasutan uko egin diete NSAren eskaerei, nahikoa justifikaziorik ez zutela argudiatuta, eta auzitegietan galdu egin dute uko egiteko aukera. Beraz, Patriot Act delakoa hor dago, eta gu hango enpresen erabiltzaile garen heinean...".

Gorte goren paraleloa

Parientek aipatzen duen auzitegi sekretua FISA delakoa da (Foreign Intellingence Surveillance Act). Hark baimentzen ditu sekretupeko zaintza operazioak. 1978an sortu zen, garai hartan telefono entzuketetan gertatzen ziren gehiegikeriak nolabait kontrolatzeko. Baina errealitatean eta batez ere 2008an abiatutako lege moldaketa zenbaiten ondorioz, FISA "Gorte goren paralelo bihurtu da", The New York Times egunkariak azaldu duenez. Zaintza gaietarako epaitegia da FISA, baina hori bai, egiazko gorte gorenak ez bezala, kasuko aldeetatik bakarra soilik entzuten du, hots, gobernua. Eta haren erabakiak inoiz ez dira publiko egiten. Zazpi urtez aritzen diren 11 epailek osatzen dute auzitegi sekretua, eta txandaka hartzen dituzte eskaerak. AEBetako egunkariaren arabera, epaile bakarrak ia 1.800 zaintza agindu sinatu zituen iaz. Eta informazio zerbitzuen eskaeretatik bat bera ere ez zuten atzera bota.

Eskaera zehatzez erabakitzeaz gain, zaintza gai horiei buruzko doktrina ere ezartzen du FISAk, beti sekretupean. Eta sekretupean bilduta, erabaki dute, adibidez, terrorismo kasuetan "behar bereziek" salbuespena dakartela Laugarren Emendakinean, eta horrela zerbitzu sekretuek estatubatuarren komunikazioak monitoriza ditzaketela. Gorte goren paralelo horrek ere ebatzi du metadatuen bilketak ez duela Laugarren Emendakin hori urratzen, komunikazioen edukirik ez delako biltzen, eta norbanakoen datuak "garrantzitsuak" ez diren arren, datu guztiekin eraiki daitekeen argazkia "garrantzitsua" izan daitekeelako. Terrorismo kasuetan soilik ez, FISAk zaintza operazioak baimendu izan ditu espioitzarako, zibergerrarako, suntsipen handiko armen inguruan, baita atzerriko botereen jarraipena egiteko ere. FISAren erabaki eta doktrinak, dena den, ez dira publikoak, The New York Times -ek hori guztia bide ez-ofizialetatik jakin du.

Snowden izan da, dena den, bere informazioarekin FISAren existentzia argitara ekarri duena eta orain AEBetan auzitegi sekretuaren inguruko eztabaida pitzarazi duena. Hark erakutsi zuen Verizon konpainiari bere bezero guztien telefono deien datuak NSAri eta FBIri emateko FISAk sinatutako agindu klasifikatua.

Jakina, Snowdenen informazioek haserrea piztu dute horren sekretu zaleak direnengan. NSAko zuzendari Keith Alexander jeneralak AEBetako Kongresuan azaldu zuenez, Snowdenek jakinarazitakoen erruz agentziaren gaitasunak kaltetuak izan dira eta, horren ondorioz, AEBak eta haren aliatuak orain ez daude hilabete lehenago bezain seguru. PRISM sistemari esker AEBetan eta atzerrian dozenaka eraso terrorista saihestu dituztela azaldu zuen, soilik bi kasu aipatuz. Alexanderren ustez, Irailaren 11ren ondotik AEBetan sortutako zaintza aparatu erraldoiaren hainbat ikuspegik sekretupean jarraitu behar dute: "Terroristei haiek harrapatzeko ditugun bide guztien berri ematen badiegu haiek gainditu egingo dituztelako eta amerikarrak hil daitezkeelako".

Metadatuak

Baina terrorismoari aurre egin beharrak dena justifikatzen du? Baita, azkenean, praktikan milioika lagun zaintzapean jartzea ere? "Segurtasunaren paradigma da hori", dio Iñaki Parientek. "Milaka bizitza salbatuko dituztela esaten dute. Eta arrazoi horregatik estatubatuarren %51 ados daude euren metadatuak zaintza agentzien esku izatearekin".

Metadatuena gai deigarria da. Bai AEBetako bai Erresuma Batuko zerbitzu sekretuetako agintarien arabera, milioika lagunek egindako dei, mezu bidalketa eta Interneteko bilaketei buruzko datuak eskuratzea ez da jarri behar komunikazio horien edukiak entzutearen edo irakurtzearen mailan. "Inor ez da ari zuen telefono deiak entzuten", esan zuen Barack Obamak berak Snowdenen informazioak zabaldu zirenean. "Zerbitzu sekretuen komunitatea ez da ari izenak eta edukiak begiratzen, baina metadatuak bahetuz, terrorismoarekin lotuta egon litekeen jendea identifika daiteke", azaldu du Obamak, bere herritarrak lasaitu nahian.

Jakina, zertarako telefono deiak entzun, zenbaki batetik egindako dei guztien sarea di-da osa badaiteke, hirugarren, laugarren mailaraino, eta telefono hori geolokaliza badaiteke...? Pennsylvaniako Unibertsitateko Matt Blazek dioen moduan, "metadatuak gure testuingurua dira, eta gutaz gehiago jakinaraz dezakete —bai norbanako gisa, bai talde gisa— guk ahoskatzen ditugun hitzek baino. Guri eta gure harreman inplizituei buruzko informazioa eskaintzen du testuinguruak".

Izan ere, metadatuetan denetik dago, Frank La Rue Nazio Batuen Erakundeko iritzi eta adierazpen askatasunerako kontalariak bere azken txostenean agertzen duen bezala: "Estatuek jende jakin bati buruzko soslai zabala egin dezakete. Komunikazio datu horiek analizatzerakoan, norbanakoaren bizitza pribatuaren soslaia osa dezakete, haien egoera medikoa, ikuspuntu politiko eta erlijiosoak, zaletasunak, interesak, harremanak... komunikazioen datuek edukiek bezainbeste edo xehetasun gehiago eskain dezakete".

"Espainian, halako datuak hirugarrenari besterik gabe pasatzea delitua litzateke, ezin dira zenbakiak interzeptatu agindu judizialik gabe, eta Europan ere agindu judiziala behar da Internet eta telefono konpainiei datuak eskatzeko", azaldu du Parientek. "Adibidez, pasa daitezke izenetatik bereizitako datuak. Esaterako, Osakidetzak 40.000 lagunen datu medikoak pasa diezazkioke, demagun, farmaziaren alorreko konpainia bati, gaixo horien baimenik behar gabe, baina hori bai, inola ere ez izenik agertu gabe; zenbakiak eta izenak bereizi egiten dira. Bestalde, ezin dira helburu jakin batekin bildutako datuak beste helburu baterako erabili. Adibidez, lantegi baten sarrerak zaintzen dituen kamera batekin bildutako irudiak ezin dira froga gisa erabili langile batek lanorduak betetzen ez dituela-eta haren kaleratzea justifikatzeko".

Oro har, Parienteren arabera, herrialdeen araberako desberdintasunen gainetik Europako legedia zentzu horretan ere bermatzaileagoa da pribatutasunarentzat. Baina atzera errealitatera itzulita... Googlen egindako zure bilaketa guztiak AEBetan daude jasota, eta, beraz...

NSAk PRISM duen bezala, Erresuma Batuko zaintza zerbitzu nagusiak, GCHQk, Tempora du, herrialdea ukitzen duten kable optikoetatik igarotako metadatu guztiak 30 egunez eta eduki guztiak hiru egunez gordetzeko gaitasuna ematen dion sistema. Eta Erresuma Batua lotune oso garrantzitsua da munduko zuntz optikoko kable sarean. Horregatik, interesgarria da Erresuma Batuko Atzerri idazkari William Haguek esandakoa: "Legearekiko errespetuan bizi zaren herrialde honetako biztanlea bazara, zure lan eta bizitza pertsonalarekin ez duzu inolako beldurrik izan behar zerbitzu sekretu britainiarrek zure telefono deien edukiak entzuten dituztenik edo horrelako beste zerbait egingo dutenik". Beraz, ez baduzu ezer ezkutatzekorik, ez duzu zertan kezkatu...

Baina The Guardian- eko kazetari James Ballek idatzi duen bezala, nork ez ditu sekretu txiki gutxi batzuk? "Azkenean, nork hitz egiten du berdin bere lanaz buruzagia gela berean eta entzuten ari bada?". Zaintzari buruzko aipu ezagun bat ekarri du gogora Ballek: "Richelieu kardinalak esan omen zuen: 'Gizonik zintzoenak idatzitako sei lerro ematen badizkidazu, topatuko nuke haietan zerbait hura urkatzeko'. Snowdeni esker, badakigu NSAk hilero 200.000 milioi inteligentzia pieza biltzen dituela ordenagailu eta sare telefonoetatik", esan du The Guardian -eko kazetariak. "Horrekin zenbat urkatuko lituzke Richelieuk?".

Pribatutasuna

Baina egia da Snowdenek harrotutako hautsen azpian jende arrunta gutxi kezkatu dela lege oinarri eskaseko zaintza masiboei buruzko informazioekin. Egia da baita ere ez garela oraintxe ohartu estatuen estoldetako jokaerez. Baina pribatutasunaren garrantziaz ohartzen al gara? Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak badu horrentzat azalpena: "Abstraktuan, jendeak ez du arazo handirik bere datuak besteren eskuetan daudela jakitearekin. Horrelakoak arazo bihurtzen zaizkie zuzenean tokatzen zaienean. Halako konpainiatatik deitu dielako... Adibidez, jendeak ez du kezka handirik bideozaintzarako kamerekin; are gehiago, segurtasuna ematen die. Baina galdetzen badiezu ea berdin dien egoera delikatu batean grabatzen badituzte...".

Pribatutasunaren garrantzia berebizikoa dela azaldu du NBEko kontalari Frank La Ruek: "Estatuek ezin dute ziurtatu norbanakoen pribatutasunerako eskubidea haien informazioa bilatu, jaso edo adierazteko ahalmena ez badute errespetatzen, babesten eta sustatzen. Pribatutasuna eta adierazpen askatasuna elkarri lotuta daude, eta elkarren menpekoak dira; baten gaineko urraketak bestearen urraketaren kausa edo ondorioa dakar. Komunikazioen pribatutasuna, segurtasuna eta anonimotasuna ziurtatzeko lege egokirik gabe, kazetariek, giza eskubideen defenditzaileek eta salatariek, adibidez, ezin dute ziurtatu haien komunikazioak ez daudela estatuen zaintzapean".

Legeak, zaharkituta

1988an, Duncan Campbell kazetariak Echelon zaintza sistemaren existentzia atera zuen argitara, eta hark ere antzeko oharra egin du: "Orokortutako eta objektibo zehatzik gabeko zaintzak zuzenean eramaten du autozentsurara, disidentziaren inhibiziora eta, kasu larrienetan, batzartzeko askatasunaren eta komunikazio askatasunaren murrizketara. Biktima handienak diskurtso demokratikoa eta herritarren parte hartzea dira". Bai Campbellek, bai La Ruek eta bai pribatutasunaren eta giza eskubideen aldeko hainbat taldek legeak berritu behar direla diote; Snowdenek argitara ateratakoek zerbait erakusten badute, erakusten dute garrantzitsua dela, herritarrak babesteko, legeak teknologia berriek ekarritako zaintza modu berrietara egokitzea.

NBEko kontalariaren arabera, informazio eta komunikazio teknologia garatu diren heinean garatu da estatuen zaintza. Ez soilik zaintza moduetan, baita zer zaintzen den ere, metadatuak adibidez, baita zaintzari buruzko ikuspegia ere. Lehen, oso argi zegoen telefono entzuketek jendearen eskubideak urratzen zituztela, baina, orain, zaintza justifikatzeko arrazoiak askoz gehiago eta askoz zabalagoak dira. Eta horiek guztiak garatu diren bitartean, urraketak saihestu eta kontrolatzeko legeak ez dira garatu hein berean.

Ildo horretan, Parienteren arabera, legegintza prozesuan dagoen Europa mailako araudia onartzea garrantzitsua litzateke, proiektua "oso bermatzailea delako, eskubideak asko babesten dituena, kontrolerako agintaritza duena... Gaur egun, herrialde bakoitzak bere legeak ditu. Aldiz, derrigorrezko araudi bateratu eta bakar batek indarra emango lioke Europari, nazioartean presio egiteko eta bere burua defenditzeko". Parientek dio pribatutasunaren oinarriak ezarri behar direla behingoz, eta hartan esku hartzeko mugak, baimen judizialak eta halakoak zehaztu.

Baina hasiera batean urte honen bukaerarako edo asko jota datorren udaberrirako onartuta egon beharko litzatekeen araudiaren prozesua ia geldirik dago, batez ere Interneteko zerbitzuak eskaintzen dituzten konpainia handien presioen ondorioz. «Orain, Lituaniak du Batasuneko lehendakaritza, eta publikoki aitortu dute hau ez dutela lehentasun. Beharbada, honekin guztiarekin [Snowdenen informazioekin] gaiak berriz indarra gal lezake... Baina laster Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak datoz, eta...».

Orwelliar gizartea

Ekainaren 25ean bete ziren 110 urte George Orwell jaio zela. Eguna ospatzeko, bi artista herbeherearrek, Front404 taldea osatzen duten Thomas voor't Hekkek eta Bas van Oerlek, jaietako txapelak jarri zizkieten Utrecht hiriko erdiguneko zaintza kamerei. "Ez dugu soilik Orwellen urtebetetzea ospatzen. Hau eginez, eguneroko bizitzan jaramonik egiten ez diegun kamera diskretuak atzera begietara ekarriz, gaur egun guri begira zenbat kamera dauden konturatzea nahi dugu, eta Orwellek deskribatutako zaintza egoera gero eta gehiago hurbiltzea errealitatera".

Snowdenen informazioen ostean, Orwellen 1984 eleberriaren salmentek sekulako igoera izan dute AEBetan. Liburu horretan aurkeztu zuen Orwellek Anaia Handia, pentsamendu desegokiak detektatzeko uneoro gizartea monitorizatzen duen figura. Gizarte orwelliar batera iristeko arriskuari buruzko kezkak, gehiago edo gutxiago, atzera areagotu egin ditu Snowdenek bere traizio -arekin.

Snowdenek honela arrazoitu zuen bere jokaera. "Ez dut bizi nahi egiten dudan oro eta esaten dudan oro erregistratzen den mundu batean. Ez nago prest hori sustatzeko edo bizitzeko". Ziurrenez, ez da hori pentsatzen duen bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.