Ez nau ustekabean harrapatu Euskalerria Irratia, legalki emititzeko lizentzia onartu badiote ere, entzutera jarri eta betiko moduan ari direla, ari zaizkigula Iruñetik iruindarroi, egiaztatzeak, hau da, profesionaltasunez, dialean dauden hainbat irratiren moduan, are handiagoarekin, zeinekin erkatzen den, eta goiti-beheiti euskaraz, dialean dauden beste guztiak ez bezala. Profesionaltasuna eta Iruñerriko biztanleen zati txiki baina (nola esaten da holakoetan?) errespetagarri baten eskubideekiko begirunea ez omen da aski izan hogeita zazpi urteetan barna irratiak behin eta berriz eskatutako aitorpen legala eskuratzeko.
Ustekabean harrapatu nau jakiteak baimena ez diola Nafarroako Gobernu berriak eman —Aingeru Epaltzari hala irakurri diot—. UPNko jarduneko gobernuak sinatu du, ezinbestean, bestelako porrot askoren aitorpen txiki moduan, baina ez du inon iragarri. Irratiko langileek ere ez zekiten deus.
Ez nau ustekabean harrapatuko hainbat urtez hizkuntza bat gutxiagotu nahi izan dutenek berek euskara sustatzeko egindako neurrien artean Euskalerria Irratiari baimena eman izana sartzen badute.
Ustekabean harrapatuko nau, egun batean hemendik ez askotara, eguneroko ahots hurbilok FMko 91.4-an aurkitzeak.
JIRA
Ustekabean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu