Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Puntu laurdenaren matxinada

2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Epe luzera eta laburrera jokatzen ari da pentsio sistemari buruzko partida. Epe laburrak erakarri du orain arretarik handiena, inoiz ikusi gabeko pentsiodunen mugimenduarekin. Etorkizuneko pentsioei buruzko kezka adierazi dute kalera ateratakoek, haien seme-alabei eta bilobei geratuko zaien pentsioei buruzko kezka. Baina erretiratu saldoa kalera bultzatu dituen eskakizun nagusia epe laburragokoa da: pentsioak inflazioaren arabera igotzea nahi dute, eta ez azken bost urteetan egin duten %0,25 ziztrin hori. Eurotan, urtarrilaren 1ean batez beste 2,8 euro igo zieten pentsioa Hego Euskal Herriko 680.000 pentsiodunei. Gehiago esan behar da?

Baina arazo nagusia ez da epe motzekoa. Batzuei gogor egingo zaie entzutea, baina pentsioen arazorik handiena ez da nola eguneratzen diren orain pentsioak, baizik eta zer egin daitekeen etorkizunean pentsio duin batzuk ziurtatzeko. Ados, orain pentsio txiki asko daude, gehiegi; baina horrela jarraituz gero, hemendik urte batzuetara gehienak izango dira txikiak. Orain, pentsioei erosteko ahalmena higatzen ari zaie puntuz puntu, baina indarrean dauden erreformek aurrera egin ahala, galera %15era iritsiko da hogei urte barru, eta %30era 2050erako. Eta jaitsiera hori aplikatuko zaie oraingo erretiratuek baino langabezia epe luzeagoak jasan dituen belaunaldi bati, eta, gero eta gehiago, lan bizitza prekario bat jasandakoari.

Hori horrela ez izateko, benetako irtenbidea soldatetan dago. Soilik horrela handituko dira kotizazioak oraingo pentsioak zuloa handitu gabe ordaindu ahal izateko, eta soilik horrela jaso ahal izango dute pentsio duin bat orain lanean daudenek. Ez baita berdin 2.000 euroko balizko pentsio bat %30 murriztea, edo hori 1.200 euroko bati gertatzea.

Arlo horretan hobekuntza handirik izan ezean, sistema erreformatzen jarraitu beharko da hurrengo urteetan ere. Kontua da orain arte erabilitako bideak —baldintzak gehiago okertzea—, bere mugetara iristen ari direla. Beste alternatiba da sisteman diru gehiago jartzea. Hots, beste leku batzuetatik dirua ateratzea, eta zergak igotzea.

Rajoy, jokoz kanpo

Hori badakite sisteman aldaketak egitearen arduradunek; Hego Euskal Herriko kasuan, Espainiako Kongresuko Toledoko Ituna izeneko batzordean biltzen direnek. Baina, oraingoz, emaitza zero handi bat da. Kaleko presioak behartuta, epe laburrari begira jarri dira, %0,25 itsusi horri begira. Eta ikusita datorren urtean hauteskunde ziklo bat zabaltzen dela, ez da oso aztia izan behar iragartzeko datorren urtean pentsioak zertxobait gehiago handituko direla. Eta ez da kontabilitateaz asko jakin behar hori egin ahal izateko dirua nonbaitetik atera beharko dela.

Pentsiodunen miran Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea dago. Politikoki, hura da pentsioak lehen lerroan jarri izanaren biktima nagusia. Jokoz kanpo harrapatu dute protestek, Espainia salbatu duela behin eta berriro errepikatzen, mezu hori entzun nahi ez duen publiko gero eta zabalagoari. Rajoyren arazoa da hori duela bere publiko naturala. PPk biltzen ditu boto gehien pentsiodunen artean —65 urtetik gorakoen %41, Espainiako azken hauteskundeetan—. Kaleko protestak luzatzen diren heinean, gehiago urruntzen zaio PPri botereari eusteko itxaropena.

Txapelaren barruan zerbait aurkitu bitartean, bere taktikarik maiteenari eutsi dio Rajoyk: itxaroteari, erretiratuak nekatuko direlakoan. Asteazkenean, Kongresuan, saiatu zen denbora irabazten eta, gainera, pentsioen egoeraren buruzko ardura oposizioko alderdien bizkar ere jartzen. Prest agertu zen alargun pentsioak igotzeko eta erretiro pentsio urriei zergak txikitzeko, baina hori egin ahal izateko aurrekontuak onartu behar dizkiotela esan zien beste alderdiei. Taktika horrekin erretiratuak konformatuko zirela uste bazuen, nabarmen huts egin zutela erakusten dute atzoko irudiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.