garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Terapia

2015eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Egunkari entzutetsu bateko artikulugile saiatuak hitzordua eskatu dio psikoanalistari. «Zerk ekarri zaitu hona?» galdegin dio hark, txolarreak baino keinu urduriagoak egiten dituela jabetu den arren. Berriketa supersonikoan hasi zaio bestea, dena utikan bidali eta kamionero egingo litzatekeela gustura, eta intelektualen zeregina latza dela gero, eta neuronak kiskali eta zertarako, ipurdia mizpira baino zelulitikoagoa izateko. Eta aldrebeskeria horiek norentzat demonio idazten ote dituen galdetu ziotela aurreko batean, eta irakurleek ez dutela gramorik ere maite, eta internautek ere ez, eta horrelako lanak hartu eta like ziztrinik ere ez, eta tira, @desplazatua delakoak tarteka txioren bat baietz, eta horrek bai meritua, eta jeseeeeus, nola dagoen mundua tar-tar-tar.

«Maitasun falta, beraz», eten dio terapeutak, narzisismo neurrigabea, Edipo konplexua, hipokondria eta beste zenbait oker susmatuta. «Bai eta zera ere!», jarraitu du zutabegile erretxinak, eta bere gizonak oraindik ere zirri ederrak egiten dizkiola, eta arreta jartzeko demontre, bera prestigioaz ari zela, tar-tar-tar.

Saioa amaitzear dagoela, dibanetik altxarazi, hurrengo zitarako data eman eta botika merkea errezetatu dio terapeutak, ahapeka: «Momentuz, har itzazu oporrak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.