garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Ikusmena

2015eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Emaztea kapeluarekin nahasi zuen gizonak —The Man Who Mistook his Wife for a Hat jatorrizkoan—, P. jaunak alegia, ongi ikus zitzakeen aurrean jartzen zitzaizkion elementuak, sudurra, belarri bat, bestea edo ahoa, esate batera, baina ez elkarrekin osatzen zuten unitaterik, ez, hain zuzen, aurpegirik. Haren begietan, parking-txartela ateratzeko makina gizasemea izan zitekeen lasai ederrean, kakoan zintzilikatutako pamela bere andrea izan zitekeen gisan, hitzik egiteko gaitasun ezaz jabetu arte bederen. Kalean, berriz, inongo komeriarik gabe eta doi deskribatu ahalko zituzkeen bere eskuinaldean egokitutako eraikinak, ez ordea ezkerraldekoak. Albo horretakoak, izaki bizidunen aurpegierak bezala, sumatu ere ez zituzkeen egingo, hotsak adituko ez balitu (trafikoa, hosto haizatuen zurrumurrua…). Bistan okerrik ez eta bere garuneko eskuin hemisferioan omen zegoen itsutasun bitxi horren giltza, Oliver Sacks neurologo zendu berriaren arabera.

P. jaunak pairatu zuen sindromeak edo antzekoren batek jo bide ditu hungariarrak eta Europako agintari nagusiak. Nola ulertu, bestela, Siriako errealitatearen aurrean darakusaten trakeskeria. Nola ulertu, bestela, halako gizagabekeria eta deshumanizazioa, lobuluren bat pitzatua dutela sinetsita ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.