Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Unitate

2014ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Esango nuke ezkontza erritu eta kontraturik gabeko bikote elkarbizitzek galdu egin dutela garai bateko izaera iraultzailea. Are, azken urteetako borroka izan da bikote elkarbizitza horiei ezkontzaren hein administratibo bera ematea. Are, borroka izan da ezkontzaren instituziotik baztertuta zeuden bikoteei, sexu berekoei, posibilitate hori aitortzea, eskubide osoz.

Eta barneratu dugu zabaldu egin direla aukerak. Esaterako, ezkon gaitezke printzesa birjinen soineko zuriz eta txartel beltzeko bankarien korbataz luxuzko jatetxeetan, baina iraultzaile sentitu, hain zuzen, apaizaren partez Bilduko zinegotziak eman digulako bedeinkazioa. Are, uko egin diezaiokegu festari, isil-isilean galdetu izatezko bikoteen estatusa, baina besteenen molde bereko barne kontratu zorrotza finkatu bikotekidearekin afektu eta, batik bat, sexu harremanen kudeaketan. Ematen baitu asko zabaldu direla aukerak, baina funtsean—eta maitasunaren ikuspegi zehatz bat tarteko— dena murriztu baita bikotera: bikotea afektuen, zaintzaren, ondorengontzaren, jendartearen neurri; bikotea mundu unitate.

Horregatik joango naiz gaur hain pozik Kattalin eta Loreren ezkontzara, ezkontzaz jantzitako antiezkontza horretan gogoraraziko digutelako adiskidetasuna badela maitasuna adina motibo. Eta badirela afektu eta ongizatearen kudeaketarako bikoteaz gaindiko aukerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.