Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Muturreko normaltasuna

2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Aspertuta nengoen iragan domeka arratsaldean. Ez nuen plan berezirik, ezta liburu bat irakurtzeko gogorik ere. Ohiko telebista gailuaren faltan, ordenagailu eramangarria piztu nuen. Internet zabaldu eta Youtube idatzi nuen Googlen. Bideo digitalen gordailua erreminta baliagarria da edozein motatako edukiak aurkitzeko; edozein momentutan eta edozein tokitan zaudela. Nahikoa da bilatzailean idaztea ikusi nahi duzun gaia edo hitza, segundo batean eskaintzen dizkizu milioi batetik gora bideo; dibulgatzaileak, informatiboak, dokumentalak edota korporatiboak. Guztiak ere, ikusi nahi duzun horri lotutakoak.

Ohitura dut Public Broadcasting idazteko eta emaitzen artean dokumentalak aukeratzeko. Hainbat herrialdetan ekoiztutako lanak izaten dira eskuragarri, baina gustuko dut AEBetakoak ikustea. Ez dakit zehazki zergatik egiten dudan haien aldeko haututa. Agian, kontsumitzen dudan bestelako eduki gehiena Europakoa delako. Edozelan ere, kontatu nahi dizuet igande arratsalde aspergarri hartan zer ikusi nuen. Datu masiboen gaineko dokumental puska, hain zuzen: Big Data Revolution (2016); Bitcoin TV kanalean duzue eskuragarri. Honela hasten da: «Munduko objektu guztiek informazioa ekoiztuko dute etorkizun hurbilean; etxeak zein norberaren ibilgailuak, baita gure gorputzak ere». Horren eraginez, bizitzeko, lan egiteko eta pentsatzeko moduak aldatu egingo dira, errealitate berri horretara egokitzeko.

Dena da muturrekoa normala bilakatzen den arte. Alegia, lagunak dauzkat egunaren amaieran jakin nahi dutenak zenbat kilometro egin dituzten, zenbat kaloria erre dituzten, zenbat proteina —eta zeintzuk— jan dituzten, baita euren loaren kalitate maila ere. Datu horiek begiratzeko, gainera, informazioa ekoizten duten gailu pertsonalizatuak dituzte. Eskuko telefonoa balitz bezala. Muturreko jarrera iruditzen zait. Pentsatzen hasita, baina, badira urte batzuk Twitter egunero begiratzen hasi nintzela. Informazio edo entretenimendu bila, erdi beharra bilakatu den arte. Egun, ia orduero begiratzen dut. Susmoa dut bestelako muturreko gertaerekin antzeko zerbait gertatzen ari dela. Adibidez, AEBetako presidenteak «animalia» esatea etorkinei; indarkeria sexistak 48 biktima eragitea urtean (2017); 'Manadako' erasotzaileak aske jarraitzea... normala bilakatuz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.