Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'El vecino'

2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Abenduaren 31n estreinatu eta bi egun geroago, urtarrilaren 2an, trending topic bilakatu zen. Netflix plataformaren El vecino telesail berriaz ari naiz. Miguel Estebanek eta Raul Navarrok sortutako eta Nacho Vigalondo zinemagileak zuzendutako lanaz, hain zuzen. Superheroiak, drama eta umorea nahasten ditu. Jatorrizko istorioa, hori bai, Santiago Garcia gidoigilearen eta Pepon Perez marrazkigilearen izen bereko komikian oinarritua dago.

Arrunta da sare sozialetan etengabe aipatzen diren telesailen gaineko jakin-mina piztea. Are gehiago izen ezagunek parte hartzen duten proiektuen kasuan. El vecino-rekin hori gertatu zait, justuki. Ez naiz superheroien zale, baina Vigalondoren estiloa gustatzen zait (umorea eta fantasia). Lehen denboraldia hamar atalez osatua dago, eta bakoitzak 30 minutu inguru irauten du. Esango nuke hasieratik antzeman daitekeela Netflixek ekoiztutako produktua dela. Hau da, besteak beste, Ihesaldia euskarazko telesailak baino aurrekontu handiagoa izan duela. Bestela esanda, lantaldeak elementu teknikoak eta artistikoak lantzeko denbora gehiago izan du. Errealizazio bizia eta efektu berezien erabilera dira horren adibide. Baita kanpoko zein barnealdeko lokalizazio ugariren presentzia ere. Eta aktoreen zerrenda luzea da —Espainiako aurpegi ezagun askorekin—: Quim Gutierrez, Clara Lago, Adrian Pino, Jorge Sanz eta Anibal Gomez. Ezaugarri horiek guztiek gidoi lan sendoa adierazten dute. Guztira, urte eta erdi baliatu dute El vecino egiteko.

Netflixen telesail berriak, bestalde, egungo giza harremanei erreferentzia ugari egiten dizkie. Nagusiki, teknologiaren (sakelakoak) eta sare sozialen (Instagram, Blablacar, Wallapop, Tinder, etab.) ondorioen bitartez: alienazioa eta nartzisismoa. Tartean, Aitzol Villahoz aktoreak BERRIAn adierazi duen kezka bera lantzen da hasierako ataletan: sare sozialetako jarraitzaile kopuruak arrakasta profesionalean duen eragina, hain zuzen. «Netflix bezalako plataformei berdin zaie zer-nolako ikasketak egin dituzun; publikoan eragiteko duzun gaitasuna begiratzen dute lehenik», esan zuen Villahozek. El vecino-k, oro har, ez dit zirrara handirik egin. Halere, ondo legoke telesailak salatzen dituenetako kontu batzuek publikoan eragiteko gaitasuna izango balute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.