Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Tortura ikusi, amai dadin

2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Sare sozialetan era masiboan zabaldu ezean, gertaera garrantzitsu asko itzalean gera daitezke. Hala nola Onintza Enbeita BERRIAko zutabegilearen kontrako jazarpena, Lucia Baskaran idazlearen kontrako mezu zaparrada —Hasier Etxeberria Sautrela telebista saioko aurkezle ohiaren heriotzaz pozten dela iradokitzeagatik—, edota Mexikoko 43 ikasleren desagertzearen gaineko bertsio ofizialaren sinesgarritasun falta. Azken horretan, zehazki, sare sozialetan zabaldutako tortura bideo batek areagotu ditu zalantzak. Irudietan ikus daitekeenez, torturatua izaten ari den atxilotuak poliziari leporatzen dio hainbat gazte berekin eramatea, ikasle mexikarrak desagertutako egunean. 2014ko irailaren 26an, hain zuzen ere.

Tortura ez da kontu berria. 1989ko apirilaren 19an, korrika egiten ari zen emakumezko bat bortxatu egin zuten Central Parken (New York, AEB). Eta gau berean, parkean liskarretan zenbiltzalako, hainbat gazte beltz atxilotu zituen Poliziak. Fiskaltzak, baina, sexu erasoarekin lotu zituen bost gazte, tortura baliatuta. Galdeketak egiteko, bi taldetan banatu zituzten. Guzti-guztiak defentsa abokaturik gabe egin ziren, eta horietako gehienak gazteen senideen presentziarik gabe. Adingabeak ziren gehientsuenak. Film baterako gidoi perfektua dirudi, baina ez da fikzioa, lagunok. Benetan gertatutako istorioa da. Ava DuVernay zinemagileak bildu du orain lau ataletako ikus-entzunezko batean, hain justu, When they see us (Ikusten gaituztenean) izeneko websailean (telebistak Interneterako ekoiztutako edukia). Netflix plataforman dago ikusgai, maiatzaren 31tik.

Ez nuen The Central Park five (Central Parkeko boskotea) istorioaren berri. Izatez, DuVernayren lana sare sozialetan era masiboan zabaldutakoan jakin dut. 30 urte geroago, istorioaren protagonistak elkarrizketatu ditu Oprah Winfrey telebistako aurkezle afro-amerikarrak; ordubeteko saio berezia Netflixen ikus daiteke (Oprah Winfrey Presents When They See Us Now). Honako hau dio elkarrizketatuetako batek: «Hemen gaude 30 urte geroago. Ez da gauza handirik aldatu. Oso pozgarria da niretzat gaiari buruz hitz egiteko aukera izatea, berriro halakorik ez gertatzeko. Eta hau ikustea mingarria bada guretzat, beharrezkoa da arrazismoa eta injustizia kasuak amaitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.