Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Small is beautiful'

2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Mundua txikia da. Hiru egun igaro ditut Sabhal Mòr Ostaig (SMO) ikasketa zentroan, Skye uhartean (Eskozia). SMO eskoziar gaelikoaren eta kulturaren gune nazionala da. Musikari, literaturari eta komunikazioari lotutako unibertsitate ikasketak eskaintzen dituzte gaelikoz.

Sophie Stephenson 27 urteko dantzari eskoziarra da. Inverness ingurukoa da, herri txiki batekoa. Unibertsitatean zebilela ikasi zuen gaelikoa —arbasoen jatorrizko hizkuntza ezagutu nahi zuelako—, eta orain SMOn egiten du lan. Marketin arduraduna da; sare sozialak eta bisitariekin harremanak lantzen ditu. Bitxia da: Stephenson Euskal Herrian bizi izan zen hiru hilabetez, Donostiako Kultura Hiriburuaren barnean antolatutako Tosta izeneko ekimenean parte hartzeko. Euskaraz hitz egiten hasi zitzaidan, Twitterren; nik ikasketa zentroa argazki batean etiketatu ondotik. Hura ezustekoa!

Beñat Muguruza 31 urteko filologian doktore euskalduna da. SMOn ezagutu nuen lehen aldiz, 2013ko maiatzean. Ikerketa egonaldian zen Muguruza, eta hara joan aurretik nik ez nuen bera ezagutzen. Ordutik, harremanetan jarraitu dugu. Hain justu, eskolaren argazki bat bidali nion astelehenean. «Ze ona! Eskuminak horko jendeari», eskatu zidan. Nik ez nituen bere lagunak ezagutzen, baina gauzak zer diren: Muguruza aipatu zuten bazkalorduan.

Graeme Macrae idazle eskoziarra da; tartean, The Disappearance of Adèle Bedeau, The accident on the A35 eta His Bloody Project nobelak idatzi ditu. Glasgowra etorri aurretik ezagutu nuen Macrae, komunean dugun lagun baten bitartez. Asteazken gauean, SMOn, telebista piztu nuen. BBC Alba katean utzi nuen —gaelikoz bada ere, ingelesezko azpitituluak erabiltzen dituzte— eta hara nor agertu zen: Macrae. Sar-sgeoil saioan haren His Bloody Project liburu ospetsua landu zuten; 1869an, Applecross-en (Wester Ross) gertatutako hilketa odoltsuaren testuari irudiak erantsita. Cathy MacDonald aurkezleak Graemeren istorioaren lekuak bisitatu zituen, idazlearen ikerketa eta fikzioaren zehaztasuna aztertzeko: leku ikusgarriak, gazteluak, presondegiak, jauregiak... Literatura adituekin, psikiatra batekin, bertakoen eta autorearen adierazpenekin osatu zuten saioa. Bikain.

Txikia izatea gauza ederra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.