Haizea Barcenilla
BEGIZ

Artearen demokrazia

2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Hitzaldi batean nengoela etorri zen artearen demokraziari buruzko galdera. Aztertu nituen lanek narrazioaren apurketarekin eta misterioarekin jokatzen zuten, ez zuten mezu zuzenik ematen, erantzun eztabaidaezinik. Horren ordez, esanahi anitzeko aukerak eskaintzen zituzten. Esaterako, Felix Gonzalez-Torresek publizitate-paneletan kokatu zuen irudia, non bi gorputzek ohe batean utzitako markak ikus zitezkeen. Artistaren biografia ezagutuz gero, bere gizonezko bikotekidearen heriotzarekin lotutako irudia ikusiko genuke, hiesak eramandako bizitza baten arrastoa. Baina ez jakinda ere, bakardadea edo konpainia; ondo ateratako argazki ederra edo irudi aspergarria; heriotzaren aztarna edo oporren sentsazioa ikus ditzake jende ezberdinak. Ordea, mezu zuzenik ematen ez zuten halako lanak ez ei ziren demokratikoak, galdegilearen ustetan, jende guztiak «ulertzen» ez zituelako.

Asko abusatu da azken urteotan demokrazia hitzaz, artean eta politikan, zertaz hitz egiten ari garen ahazteraino. Politikan, gezur borobilak egia gisa aurkeztea da demokraziaren azken modazko adiera. Beste batean, lau urtean behin bozkatzera joan, eta, gerora, hautatu dituzunak zer egingo duten ezin kontrolatzeari deritzo. Inoiz, bozkatu nahi dutenak kolpeka uxatzea ere kontsideratu izan da demokrazia.

Ez uste artean argiago dagoenik kontua. Hitzaldiko lagunarentzat, artelana medikamentuen erabilera-orria bezain zehatza izatea da demokrazia. Arriskutsua da irakurketa hori. Hasteko, jakintzat hartzen duelako izakion gehiengoak ez duela irudimenik, ezta irudi baten aurrean gogoeta egiteko ahalmenik. Gainera, giro akademiko batean egindako aipamena izanik, nago inplizituki zetorrela pobreak, hezkuntzarik gabekoak, populua azken finean dela irudi horiek kudeatzeko gaitasunik ez duena. Eta hein batean egia da irudiak irakurtzea kostatzen zaigula, kamustua dugun jakintza delako, gutxitan garatzen duguna. Baina orduan, zer da demokratikoa: irudimena eta begirada kritikoa eskatzen duen edozein artelan gaitzestea, edo, aldiz, irudimena eta begirada kritikoa garatzeko aukera ematea?

Bestetik, arriskutsua da ere demokratiko hitza guztiontzat berdina ideiarekin nahastea. Demokraziak behar eta desioen aurrean eskubide berberak izango ditugula ziurtatu behar du, baina denok ez ditugu behar eta desio berberak. Guztiok izan behar dugu artea ikusi eta gogoeta-ahalmena garatzeko eskubidea, baina horrek ez du esan nahi guztiok egin behar dugunik. Eta ikusteko aukera emateak ez du maiz ziurtatuko gogoeta egiteko aukera ere izango denik, batez ere esanahiak ezabatzen baditugu. Beraz, artea antidemokratikoa da, bai. Sistemak honekiko izan genezakeen harremana garatzeko baliabideak eskaintzen ez dizkigulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.