Ismael Manterola
BEGIZ

Sinadurak

2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Azken urteetako gizarte ekimenek bultzatutako jende ezagunaren sinadura bilketetan artistarik ez dagoela konturatu naiz. Garai batean artisten sinadurarik gabeko babes zerrendarik ez zegoenez, gizartean zerbait aldatu dela ondorioztatu dut. Egoerari azalpena topatzeko, bi aukeraren artean zalantzan egon naiz: bat, artistak gizarte gaiez aspertu dira, eta ez dute gizarte arazoez ezer jakin nahi; bi, gizarte eragileek ez dute artista kontuan hartzen, garrantzirik gabeko figura bihurtu delako azken urteetan, hau da, sinadura bilketa egiterakoan ez zaieburutik pasatu ere egiten gizartearen kultur esparruaren barruan dagoela.

Bi aukeren artean zalantzan ibili ondoren, gaur egungo egoerak bietatik zerbait baduela erabaki dut. Batetik, garai batean artistari hainbesteko babesa eskatu zitzaionez, batez ere artelan batekin kausa baten alde egin zezan, nazkatuta bukatu du, negozio eskasa egiten baitzuen militantzia kontuekin. Bestetik, azken urteetan artista gizartetik hainbeste aldendu denez, artista plastikoak badirenik ere ez da konturatzen gizartea. Horregatik, artisten hutsunea nabarmena da kirolarien, idazleen, unibertsitateko irakasleen, bertsolarien, film zuzendarien, kazetarien, dantzarien, musikarien eta abarren sinadura duten manifestuetan.

Txikikeria horiek kontuan hartzea gehiegizkoa irudituko zaio norbaiti, baina zerbaiten sintoma dela iruditzen zait. Arteak Euskal Herriko gizartean bete duen rola desagertu edo aldatu egin dela adierazten duen sintometako bat izan daiteke, alegia. Nire paranoia ere izan daiteke. Hala ere, norbaitek frogak bilatu nahi baditu, prentsaurrekoetan aurkezten diren sinadura zerrendetan begiratzea besterik ez du. Pentsaezina izango litzateke horrelako egoera orain dela hogeita hamar, hogei edo hamar urte. Ez dut artista militantearen nostalgiarik, baina gizartearekinengaiatutako artistaren falta sumatzen dut sarri, orain dela hamabost eguneko artikuluan aipatu nuen modura. Hainbeste aldendu al dira gizartetik? Hainbeste aldendu al da gizartea artetik?

Batetik, ulergarria da gizarte ekimenak bultzatzen dituztenak artisten sinadura bila ez joatea; nork ezagutzen ditu gaur egungo artistak? Testu baten azpian inork ezagutzen ez duen artistaren izena irakurtzeak ez du zentzu handirik. Euskal kultura sarean artearen hutsuneak nabarmendu ditugu sarritan; horietako bat artisten beraien hutsunea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.