Ane Labaka Mayoz.
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Oroimin

2018ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Orgasmo femeninoaren mundu mailako eguna izan omen zen atzokoa, zenbaitek Argentinara begira hasi genuena. Demagun, kasualitatez, nire urtebetetze eguna ere atzo izan zela, 26 urte bete nituen eguna, hain justu. Badut urtero bi daten arteko lotura eginez modu jada ez hain original batean zoriontzen nauen lagun bat. Batzuek betetako urteen kopurua musutan bidaltzeko ohitura daukate, emotikono koloretsuenak banan-banan aukeratuz. Berak urtetik urtera orgasmo bat gehitu nahi izaten dio opariari, lazo eta guzti. 70 betetzen ditudan egunean pozik egingo diet putz kandelei.

Nik ere badut, nola ez,bi egun beranduago larrituta deitzen didan lagun horietakoren bat ere. Facebookanire urtebetetze eguna zela ez abisatzeagatik madarikatzen duena. Edo zuzenean ni, Facebookik ez edukitzeagatik. «Lasai, horrek ez duesan nahi gutxiago maite nauzunik». «Eta nik ere ez zaitut gutxiago maite». Hauek dira agenda ahaztuen aroan eta inork zein egunetan bizi den ondo ez dakien hilabetean jaio izanaren albo-kalteak. Aspaldi onartu nituen.

Gainera, niri ere askotan ahazten zaizkit ingurukoen urtebetetze egunak. Guztienak ez, ados. Badut bere urtemuga gerturatu ahala egunez egun ingurukooi atzera kontaketa burutzen digun lagunen bat edo beste ere. Ilusioaz hitz egin nezake, baina esango nuke izutu egiten duela beretzat hain berezia den eguna iritsi eta jendea berarekin ez oroitzeak.

Niri berezi baino arraro zaizkit horrelakoak. Aurten optikakoek zoriondu naute beste inork baino lehen. Mezu bidez jakinarazi didate beste urtebete bete izana beraiekin ospatzeko %10eko beherapena dudala opari. Noizbait Internet bidez egindako erosketaren bat tarteko, emaileko spam-en atalera ere iritsi zait nire izen-abizenak gaizki idatziak dituen zorion mezu inpertsonalen bat. Posible da gurasoen etxera ere nire izenean xaboi eta makillaje dendaren bateko eskutitzen bat heldu izana. Eta nik ume ginela Super Bat Klubeko kide izateagatik urtebetetzero etxean jaso ohi genituen zorion eskutitzen falta sumatuko dut, beste ezer baino gehiago.

Behinola honakoa irakurri nion nire antz handiegia eta sinadura okertu bera dituen norbaiti: «Gogoratzea ez da ez ahaztea, ahaztea ez gogoratzea ez den modu berean».

Horregatik dira atzera begiratzeko egun egokiak urtebetetze egunak, bizitza zatiak puzzle bilakatzeko aukerak direlako. Talaia geografikoak baino tenporalak, memoriari dagozkionak. Nor-ak zer-ak baino garrantzi gehiago hartzen duen egunak dira niretzat. Goizeko zortzietarako nork inbaditu dizun ohea esnatzeko oihukatuz. Nork oparitu dizun mimo handienez aukeratutako liburu bat. Nork hautatu duen txikitako argazki batentzat zuk inoiz hautatuko ez zenukeen markoa. Nork egin duen bertsotan jakin ez arren zu bertso bidez zoriontzeko ahalegina. Nork bidali dizun bideo bat munduaren beste puntatik. Nork lapurtu dizkizun bi malko eta algara bat. Nor ez den zurekin ahaztu. Nor ez zenukeen nahi zurekin ahaztea.

Nork jarri dion soinu-banda hau egunari, nork Ruperren ahotsa. Inor errudun sentiarazteko asmorik gabe baina ez, «ez naiz ni zurekin ahaztu dena, beste norbait izango zen hura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.