Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Adeitasun diplomatikoa

2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa eta Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa Donald Trump AEBetako presidenteak egindako adierazpen arrazisten kontra azaldu dira. Askotariko arrazoiak tarteko, gutxitan agertu ohi dira ados bi emakumezko horiek. Batetik, jakina da, harreman komertzialak estutzeko asmoz, Mayren gobernuak keinu polit ugari egin zizkiola Trumpi ekaineko bisitan. Eta, bestetik, ezaguna da Sturgeonek lotura eskasa duela presidente amerikarrarekin. Oraingoan, biek alboratu dute adeitasun diplomatikoa hari planto egiteko.

Sare sozialak erabili ditu Trumpek kongresukide eta Alderdi Demokratikoaren hainbat emakume haien jatorrizko lekuetara «itzuli daitezela» eskatzeko. New Yorkeko Alexandria Ocasio-Cortez, Minnesotako Ilhan Omar, Michiganeko Rashina Tlaib eta Massachusettseko Ayanna Pressley, hurrenez hurren. The Squad (brigada) gisa ezagutzen dira, eta demokraten ezker ildoarekin lotzen dituzte; batez ere, AEBetako immigrazio politika gogor kritikatzeagatik. Trumpek hauxe idatzi du Twitterren: «Interesgarria da egoera katastrofikoa eta ustela bizi duten herrialdeetako emakume aurrerakoiak kongresuan entzutea, munduko herrialderik indartsuenari esaten gobernua nola kudeatu behar dugun. Joan daitezela haien jatorrizko lekuetara eta bertako hondamendiak konpontzen lagundu dezatela». Oso litekeena da, baina, Trumpek ez jakitea horietako hiru AEBetan jaio zirela; eta Omar, Somaliako errefuxiatu gisa, 1990eko hamarkada hasieran iritsi zela herrialdera, eta bertako herritarra dela 2000tik.

Neketsua izan daiteke adeitasun diplomatikoa. Bestela, galde diezaiotela Serena Williams tenis jokalariari. Ez dakit Wimbledoneko emakumezkoen finala ikusi duzuen ala ez. Hala ez bada, sekulako partida galdu zenuten larunbatean. Simona Halep erraz nagusitu zitzaion Williamsi. Bizi jokatu zuen Halepek, eroso eta konfiantza osoz. Finalaren osteko prentsaurrekoan, tenisarekiko duen konpromisoa zalantzan jarri duten kritiken gainean galdetu zioten Williamsi. Zehazki, Billie Jean King tenislari ospetsuak esandakoez; berdintasunaren aldeko aktibismotik atseden hartu beharko lukeela adierazi du. Williamsen erantzuna mirestekoa izan zen: «Berdintasunaren aldeko borroka uzten dudan egunahilobian nagoena izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.