Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Irailera arte

2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Onar dezagun: agur batzuk ez dira errazak izaten. Zorte handia eduki dut Lander Arretxearekin Ekografiak zutabea konpartitzeaz. Irailetik aurrera, badaitort, nabarmen sumatuko dut haren hutsunea. Gure jarraitzaileek, halere, lagun berri baten ekarpenak irakurtzeko parada izango dute datorren ikasturtean. Eta eskerrak. Gauza on ugari baititu iritzi zutabea beste lagun batekin partekatzeak. Bereziki, astean bitan —jaiegunak barne—, eta gai zehatz bati buruz (telebista), taxuzko ekarpenik egin nahi bada lerrootan. Zutabekideak, batetik, bakoitzak hartzen duen lan zama arintzen du —dena esan beharra dago—, eta bestetik, hark egindako gogoetei esker, mamitsuagoak izan ohi dira norberaren zutabeak. Esango nuke hori dela gauzarik garrantzitsuena niretzat. Irailetik aurrera, gainera, ETBrentzat edukiak ekoizten arituko da gure Lander; beraz, hark egindakoetan ere izango dugu zer ikusi eta ikasi. Baita zer kritikatu ere.

Irailetik aurrera, gustatuko litzaidake Arretxeak atzoko zutabean aipatzen zituen Egiteko horiei guztiei heltzea. Kritikaren ikuspegitik, alegia. «ETB ausartagoa, anitzagoa, sarera egokituagoa eta audientziez ahaztuagoa» den euskal erakunde publikoaz idaztea hemen. Eta bai, edukiak «nagusiki euskaraz» eta «baldintza duinetan» ekoitziko dituelako. Nola bestela?

Irailetik aurrera, halaber, nahiko nuke gainerako euskal telebista ereduei ere heldu. Besteak beste, gutxiegi aintzat hartzen ditugun Hamaika edo Kanaldude. Horietatik irakaspen on ugari jaso daitezkeelakoan bainago, eta onartu behar dut apenas jarri diedala arretarik zutabegile naizen azken hiru urteetan.

Iragarri dut hasieran: «Agur batzuk ez dira errazak izaten». Gaurko nirea, aldiz, gogo pixka batekin egingo dut. Irakurleen mesederako ez bada ere —gure hutsunea nabarituko dutelakoan nago—, zutabegileok behar dugu atseden hartu; astean bitan, «zorrotz» —herriko lagun batek esan berri didan moduan— kritikatzen ditugun edukietatik tartea hartzea, hain zuzen ere. Irailera arte, beraz, idazteaz ahaztu nahi dut eta besteenak irakurtzeko denbora berreskuratu. Bainujantzia eta eguzkitako krema ere hartu nahi ditut, eta bainu freskoez gozatu —hondartzan zein igerilekuan—. Horra hor telebistarik gabeko opor plan perfektua. Nola bestela? Uda ona pasa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.