Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Zatiketa, kezka eta desadostasuna

2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Sarbidea duen populazioaren ehuneko handi batek ez du egunkaririk irakurtzen egun osoan; ezta Interneten ere. Ohitura edo denbora faltagatik, horietako askok aste bat ere igaro dezakete liburu bakar bat hartu gabe. Testuinguru horretan, telebista izan daiteke haien informazio iturri bakarra. Akaso, telebista kate bat eta bakarra —horrek dakarren gogoeta askatasun galerarekin—.

Albistegiek funtzio garrantzitsua dute herritarren burujabetza informatiboa bermatzen laguntzeko; kate publikoek zein pribatuek. Zer erakutsi eta zer gorde erabakita, herritarren iruditeria eraikitzen dute. Ikusleak pantaila txikian duen hori, mundu errealean gertatutakoaren errepresentazioa dela ulertzen du. Aurkezlearen keinuen, ahots tonuaren, isiluneen, begiradaren, gorputz mugimenduaren eta erabilitako hitzen eraginaz ahaztu gabe; izan ere, haiek ezartzen dizkigute uste baino gutxiago kontrolatu ditzaketen komunikazio baldintzak eta diskurtsoa.

Egun, ordea, zaila da kateen albistegiak ezberdintzea. Gai eta ordena bertsua jarraitzen dute gehienek; aurpegia eman ordez, audientziaren diktadurara eta konpetentzia arauetara errendituta. Jakina da gertaera odoltsuz, dramaz eta sexuz betetako edukiak erraz saltzen direla telebistan. Berdin da telebista komertziala ala publikoa izan, biak daude gobernu botereak eta erakunde ekonomikoak baldintzatuta. Honako hau ere kezkagarria da: ezberdintasun gutxi aurki daitezke jada egunkari eta telebista kate nagusiek lantzen dituzten berrien artean.

Sistema horretatik irteteko aferan, La2 kateko albistegia izan daiteke aukera bat. Iruditzen zait, haiek ezer esan aurretik, aztertzen dutela gainerako albistegiek dagoeneko landu dutena. Justuki, bestelako diskurtso bat emateko eta ikuslearen arreta bideratzeko oinarrizko informaziora. Irudietan baino gehiago sakontzen dute testuan; albistearen ibilbide historikoa berreskuratuz, gertaera bera zalantzan jarriz eta ikuslearen gogoeta bultzatuz. Sarri, ironia puntu bat erabilita. Kazetarien erdia baino gehiago dira emakumezkoak eta, oro har, protagonismo txikia ematen zaie kazetariei. Ez dago kirol tarterik —emakumezko bat omentzeko ez bada—, ezta eguraldiaren iragarpenik ere. Zatiketa, kezka eta desadostasuna bultzatzen duten elementuak, aldiz, ugari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.