Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Begirune falta larria

2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Zer aurrekontu izan du Ihesaldia-k? Zenbat denbora izan dute gidoia idazteko? Eta casting-a osatzeko? ETB1eko telesail berria bost astetan grabatu zuten. Atal bat asteko, alegia. Hori badakigu. Egunkari honek Iñigo Aranbarri protagonista nagusiari egindako elkarrizketan zetorren informazioa. Gainerakoaz, ez dut arrastorik. Iazko udaberrian eta udan HBOren Patria telesailean ere parte hartu zuen Aranbarrik, eta bien arteko aldeez galdetuta, honakoa erantzun zuen: «Asko murriztu dira denborak ETB1eko telesailean, eta horrek ematen dizu arrapaladan aritzeko sentsazioa. Patria-ren zortzi atalak bost hilabetean grabatu genituen».

Hori irakurrita, batek baino gehiagok pentsa lezake euskarazko telesailaren emaitzan eraginik izan duela denbora murrizketak. Hau da, produktuaren kalitatea kaltetuz. Ihesaldia-ren bost atalak ikusi, eta egia da: ez gara HBO. Argi dago euskarazko telesailak plataforma digital horretako ekoizpenek baino baliabide ekonomiko nabarmen txikiagoak izan dituela. Halere, euskal sektorearen txikitasunean, produkzio txukuna osatu dute.

Pertsonaien karakterizazioa nahiko zaindua da, 1970eko hamarkadara ondo egokitutako detaileekin: jantziak, autoak, jendearen erretzeko ohitura bizia, etab. Errealizazio aldetik, hori bai, ez dago berritasun handirik. ETBko ohiko telesailen estilo zuriari jarraitzen dio. Beraz, arlo horretan akats egiteko tarte gutxi dago, eta ikuslea aspertzeko arrisku gehiago.

Emakumezkoen presentzia txikia antzeman daiteke istorioan. Pertsonaia guztiak zenbatuz gero, soilik hiru emakume aurki daitezke. Trama eta pertsonaia asko fikzionatu dituztela kontuan hartuta, emakume gehiago sar zitezkeela esango nuke. Horrela, gainera, ordubeteko atal biziagoak osatzeko aukera legoke.

Bost atalak jarraian eman zituen bost egunetan ETB1ek, garai berrietara egokitzeko asmoz. Nahieran zerbitzuan ikusi ditut, ordea. Eta horretan bai izan behar genioke inbidia HBOri; izan ere, atal bakoitza hiru aldiz birkargatu behar izan dut gutxienez. Areago, azken atala ez dago amaierara arte ikusgai; kredituak baino lehenago mozten baita. 2020ko urtarrilean, Nahieran baldintza horietan izatea ETBren begirune falta larria iruditzen zait; ikusleekiko soilik ez, baita telesaileko lantalde osoarekiko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.