gorka erostarbe leunda
Donostiako 66. Zinemaldia. VOYEUR ENEA

Nartziso

2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Koldo Almandozen Oreina-k oreinkaturik, voyeur hau Santa Katalina zubian hipnotizaturik geratu da eguerdiko eguzki galgatan, Urumea ibaiari begira, zinema aretotik zinema aretorako bidean. Erreken ingurumarietan ontzen diren filmak oroitu ditu bere gorputz bisaia baldartuaren itzalak uretan islatzearekin bat: Le fleuve, Mystic River, Mud... Eta Oreina. Urumeara begira ari dela pentsatu du zuzendariak filma txikia dela esan duen arren eta kritikariek haren «lehortasuna» nabarmendu duten arren trankilamentean egon zitekeela Sail Ofizialean lehian, eta are, lasai ederrean bihur litekeela euskal zinema garaikidearen ale bikainetako bat, besteak beste Oria ibaiaren gainean filmaturiko eszena gogoangarriei esker.

Soa errekan paratuta ohartu da, ordea, ez dela komeni kanpaiak azkarregi jotzea ere; Almandozek berak ondo asko erakutsi zuela Narciso film laburrean bere buruaz maitemin gehiegi izateak zertara eraman dezakeen pertsona bat, hiri bat, jaialdi bat... Herri bat.

Itsas-behera dago, eta Urumeako uretan pentsamenduak ere ikus daitezke. Oreina filmeko beste bi irudi indartsu (eta ausart) etorri zaizkio gogora voyeurrari. Martin, bi anaia protagonistetako bat, etxeko ohantzean kanpaia jotzen azaltzen denekoa, bat. Martin adineko gizonezko gaya da. Khalil saharauiar gazteak Joana gasolindegiko langilea kalean masturbatzen duenekoa, bestea. Neskak baztertu egingo du mutila. Gorputz eta gorpuzte berriak zineman. Gorputzaren eta desioaren irudikatzeak zineman zerbait aldatzen ari direla pentsatzeko ausardia izan du voyeurrak, Las herederas Paraguaiko filmeko adineko emakumearen txirrin jotzeaz ere oroiturik.

Gauzak zer diren, Interneteko hedabide baten titularrarekin topo egin du sakelekoari une amiñi batez erreparatuta: «Sexua deitzen diogu biren arteko kanpai eta txirrin jotze hutsa denari ere». Falos y falacias liburua idatzi duen Adriana Royo sexologoarenak dira hitzak. Nartzisismoaren eta hainbat bakardade beharturen garaiotan erlazionatzeko moduetan zerako zerbait hori galdu dela dio gutxi-asko, eta voyeurrak, ulertu ez ezik, dioena bere egiten duela ere sentitu du. Kanpai-txirrin jotze hits-hotzak izan dira eszena gehienak. Baina marra lodiko diskurtsoen garaiotan, etorri zaio galdera-ñabardurarik buru maxkaldura: nor bere gorputzaz jabetzeko kontzientziak zabaltzen hasia dirudienean, ekar dezake onurarik sexua definizio zorrotzetara makurtzeko behar honek?

Errekaren urak hazten hasi dira. Handiegitan sartu aurretik, eta Nartziso aurpegi erabatekoa jarri aurretik, begirada ibaitik altxatu eta ospa egin du...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.