arantxa iraola
ANALISIA

Argi: berriro ere

2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Bi mila eta hamaseiko Iruñeko sanferminetan bost gizonek emakume bat inguratu, sexu harremanak izatera behartu eta bazter batean utzi zutenean, argi geratu zen sexualitatearekin lotutakoak ulertzeko zein era duten zenbait gizonek: emakumeen mendekotasunean oinarritua. Ordutik, maiz geratu da agerian ikuskera horren aurreko jarrera onbera, are gehiago ulerkorra. Aratz-aratz geratu da, esaterako, haien alde idatzi diren txio eta iruzkin guztietan, gertaerari larritasuna arintzeko egin diren ahalegin ugarietan. Inoiz baino ozenagoa izan da erasotzaileen kontrako aldarria, inoiz ez bezala bete dira kaleak haien kontra, baina inguruan sentitzen dute oraindik babesa: abaroa.

Eta soka horrek ez du amaierarik. Erasotzaileak zigortzeko epaia heldu zen aurrena, bortxaketaren ordez abusua egotzi zien Nafarroako Auzitegi Nagusiak; egon zen boto partikular bat ere, guztiz bat egin zuena erasotzaileen ikuskerarekin: hauspoa eman ziena. Era berean, haiek harrotzeko modukoa izan zen iragan ekainean espetxetik libre utzi zituen ebazpena ere; behin-behineko askatasuna eman zien. Halaxe agertzen dira orain, argazkietan, telebistetan, libre; lotsa izpirik erakutsi gabe. Are gehiago, erasotzaileetako bati pasaportea eskuratzeko ahaleginak egitea ere egotzi diote, eta horren gaineko ebazpenaren zain dago orain. Atzo heldu zen kate luzeko azken katebegia, Nafarroako Auzitegi Nagusitik berriro. Haiek espetxetik libre uzteko erabakiaren kontrako helegiteek ez dute aurreraegin. Kalean jarraituko dute: harro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.