Rikardo Arregi Diaz De Heredia.
HIRUDIA

Fantasia bat

2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Azken egunotan Joanes Leizarraga eta Joana III.a Albretekoa Nafarroako erregina gogoan izan ditut behin baino gehiagotan; izan ere, aurten, inoiz baino jasangaitzagoak iruditu zaizkit Aste Santuaren inguruko tradizio katoliko-erromako eusko-espainiarrak, labur esateko. Eta horrela, gogotsu, burutik igaro zait, irudimena aske, beharbada, Nafarroako erresuma historiaren bilakaeragatik errepublika bilakaturik eta Joana III.aren programa erlijiosoa apur bat arrakastatsuago, gaur egun tradizio katolikoa eta tradizio erreformatua izango zituen herrialde batean biziko nintzatekeela, eta kristautasunaren bi aldaera horiekin dena erlatiboagoa izango litzatekeela eta beraz, eramangarriagoa, bi bertsio duen egia bat ezin baita izan, berez, zapaltzaileegia.

Euskaldun ikasien artean (gutxi, antza) ezaguna da Joanes Leizagarrak (edo Joanes Leizarragak zuzendutako talde batek) Itun Berria euskaratu zuela (Bearnoko protestateen sinodoan egin zioten enkargua 1563an), eta oso edizio zaindua atera zela Arrotxelan 1571ean, Joana erreginaren armarria lehen orrialdean, Iesvs Christ Gvre Iavnaren Testamentv Berria izenburuarekin. Beharbada ez da hain ezaguna erreginaren programa erlijiosoan euskara ez ezik, bearnesa ere sartzen zela: 1563an Joan Kalbinen katixima argitaratu zen bearnesez, eta 1568an Arnaut de Saleta-k Clement Marot-en salmoen bertsioa moldatu zuen. Joana erreginak unibertsitate protestante bat sortu zuen Ortezen. Ez zen lorontzi-erregina izan, politika kontuetan oso sarturik, Agrippa d'Aubigne idazle kalbinista barrokoarentzat «emakume izaeratik sexua baino ez zuen» Nafarroako erreginak. Emakume bat gizonezkoen lanetan, badakizue.

Nire balizko fantasia horretan euskal telebista publikoak prozesio katolikoak sustatzearekin batera (aurten suharki egin duen zerbait), balizko eliza erreformatu horren ekitaldiei buruz ere informazio osoa emango zuen, edo (ai, oi, fantasiaren fantasia) erlijioak alde batera utzi eta erromatarren filmak emango zituen, eta, nola ez, Loiuko aireportuari buruzko albiste eternal horiek. Egia da eliza kalbinisten soiltasunak ezin duela lehiatu prozesio katoliko-erromakoen oparotasunarekin (loreak, kandelak, estatua odoleztatuak, txano puntadunak, mantelina beltzak, legionario zangarrak, ministro espainiarrak, kateak, jendea oinutsik, odol gehiago... ). Horregatik, nire fantasian eliza luterano bat ere sartuko nuke, musikagatik bereziki: prozesio katolikoen musika karrankariegia da,, eta eliza kalbinistetan musika-tresnarik ez dago (ez zegoen lehen behintzat), salmoen kantu errazak baino ez: Bachek Köthen-eko gorte kalbinistan lan egin zuenean musika profanoa soilik idatzi zuen, eta horri esker Brandeburgeko kontzertuak, biolontxelorako suiteak eta biolinerako partitak, besteak beste, ditugu orain.

Nire balizko fantasia horretan euskal telebista publikoak prozesio katolikoak sustatzearekin batera (aurten suharki egin duen zerbait; esan al dut?), Bachen Nekaldietako bat eskainiko zuen urtero ikusle luteranoak pozik izateko, edo katoliko, erreformatu eta luteranoez nekaturik betiko programazioarekin segituko zuen, erlijioak ahazturik.

Nire fantasia borobiltzeko, eliza ortodoxo bat sartuko nuke. Ez da oso ideia burugabea: errepublika barik, gure erkidego autonomo eta foraletan gero eta gehiago dira Europako ekialdetik etorri direnak, Errumaniatik demagun. Kristautasun ortodoxoak abantaila asko ditu: hasteko, Berpizkundeari ematen diote garrantzia, eta ez dute hainbeste atsegin hartzen kontu odoltsu eta morbosoetan; bigarren, beste egutegi bat dute (Pazko igandea aurten apirilaren 8a izango da), eta hori aprobetxa dezakegu oporrak beste modu batean antolatzeko; eta hirugarren, euskal telebista publikoak zuzenean eman zezakeen Pazko bezperan Jerusalemgo Hilobi Santuaren elizatik Argi Santuaren errito ikusgarria. Edo fantasiaren fantasia...

Gasteizko prozesio ateoen garaikoa naiz ni, bertan oihukatzen genuena ezin dut hemen idatzi, ez naiz ausartzen. Eliza katoliko-erromakoaren nagusitasunaz nekaturik, beste hiru eliza kristau, gutxienez, izatea iruditzen zait orain biderik egokiena. Lau aldaera duen egia bat airea baino arinagoa da. Euskal telebista publikoaren baimenarekin, jakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.