Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Txikitasunaz harro?

2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Hizlari batek esan zuen: «Geure txikitasunaz harro eta itxaropenez, jokatzen badugu asmoz eta jakitez, lemak dioenez». Ondoan neukan lagunak ahopetu zidan: «Hori egin dezakete handiek ere». 'Asmoz ta jakitez' Eusko Ikaskuntzaren goiburua da, bizkaiera zaharreko esate honetatik aterea: «Bekoak goikoa ezkondu leidi ta txikiak andia benzi leidi, asmuz ta jakitez». Honela ere formula zitekeen: «Andiak txikia benzi leidi asmuz ta jakitez ere». Hau guztia, nire lagunaren ekarpena.

Beti iruditu zait txikitasunaz harrotzeak akats logikoren bat zeramala. Tamaina ezin da izan kalitate baten adierazle funtsezkoa, oso erlatiboki ez bada. Elefantea handia da. Erlea txikia al da? Ba, animalia-erreinuan, erlea baino txikiagoak askoz gehiago dira handiagoak baino. Uste dut kontzeptu fidagarriena «osotasuna» litzatekeela. Erlea elefantea bezain osoa da. Ez dakit zein den osotasun perfektuagoa.

Pentsa daiteke, noski, osoa eta indartsua izatea ere. «Oihaneko erregea», adibidez. Ez nago hain ziur. Erregetza patetikoa iruditzen zait euliz josita datzan lehoiarena, desesperazioaz beste defentsa gabe. Nahiago dut kurloi bat izan, ez bakarrik, bulgaritatearen magalean, noranahi sartzeko bere graziagatik, baizik, areago, gorputza defendatzeko duen moldeagatik, hauts artean bada ere. Eta euli bat ingura dakion irrikaz, jateko.

Hizkuntzaz eta kulturaz, ematen dit atseginago izan behar duela, esaterako, estoniar sentitzea (hainbeste inbasio, okupazio eta purga jasanik, gaur osotasunean bizi direla dirudi), ezen ez inperio (ohi) bateko hiritar. Emanik hiritar hori ez dela euren historia inperialaz harrotzen direnetakoa. Osorik ala osatzeke, datu nagusia joera izan daiteke. Norantz goaz? Osotasunerantz ala… Erantzuna, hurrengo batean. Bitartean, harrotzeko motiboak baino kasik nahiago ditut poztekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.