Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Polita izan da

Gorka Izagirre.
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ez harritu artikuluaren goiburua irakurtzean. Erlojupeko gogorra izan da, eta, euriaren eraginez, zaila izan da Antio igotzea. Goiza ere ez dugu gozoa izan, zalantza asko izan baititugu bizikleta aldatu edo ez erabakitzen, materiala hautatzen... Urduritasuna pilatzen da halakoetan, baina azkenean polita izan da. Polita jendearengatik, igoeran aurpegi ezagun asko ikusi ditudalako.

Ni gustura gelditu naiz emaniko mailarekin. Ez dut uste gaizki aritu naizenik. Errepide bustiarekin ibiltzeak ere ez dit mesederik egin. Azken txanpan irten diren txirrindulariak askoz hobeto ibili dira: ez da kasualitatea. Anaia ere txukun ibili da; agian, jaitsieran segundoren batek egin dio ihes, baina kontuan hartu behar da bide arriskutsua zela. Goian dago sailkapenean, eta ez da gure taldeko kide bakarra. Ondo kokatuta gaude; ez da egun txarra izan.

Schachmannek irabazi du, ez da ezustekoa. Abu Dhabin eta Voltan ondo ikusi dut. Errespetua merezi du, jendeak uste duen baino hobeto igotzen delako, eta gaur eta bihar gainsarietako segundoak urratzen saiatuko da. Arrateko etapa hori pasatzen badu, erne. Alaphillippe eta Kwiatkowski ere ibiliko dira gainsarien lehian, eta hozkada ona eman diezaiokete sailkapenari.

Eta gaur, Nafarroa aldera. Asko hitz egin da lurbide tarteez, eta, nire ustez, ez dira hain zakarrak. Beldur handiagoa ematen didate haietan sartzeko dauden pasabide makurrek eta Gorraizko helmugako aldapak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.