urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Alemanian

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Bi azalpen, elkarren kontrakoak eta ura nork bere errotara ekarriz: Espainiako zerbitzu sekretuek dena kontrolpean zeukaten, eta Belgikatik urrunen zegoen unea baliatu zuten berriz ere euroaginduak aktibatzeko, hartara hegazkina hartzea eragotzi, lurreko bideari ekin eta espainiar interesetarako egokien den estatuan atzemateko. Frantzia eta Italia ei dira Kataluniako lehendakariarentzat arriskutsuenak diren mendebaldeko estatuak, inolaz ere sartu eta igaro behar ez lituzkeenak. Bertsio independentista horren kontrakoa da, noski: Europako abokaturik onenetakoak ditu Puigdemontek aholkulari, eta kalkuluen barruan dago gertatzen ari den guztia. Gehiegizko konfiantza ematea izan liteke, ustezko prestakuntza zer gutxi den behin baino gehiagotan agerian utzi duen prozesuko politikariez ari garela, baina eutsi diezaiogun pixka batean teoriari. Horren arabera, hilaren 23an Llarena epaileak agindua aktibatu baino egun bat lehenago ezaguna zen hala egitekotan zela, eta gura izatera, lasai asko hartuko zukeen Helsinkitik Bruselarako hegazkina. Azken hori lartxo sinestea izanda ere, Suediara ontzia eta lurreko bidea berariaz hobetsi izana ontzat jota, egia da zentzu gutxikoa dirudiela Belgikako matrikula daukan eta Puigdemontena dela denek dakiten autoan ekitea horrelako bidaiari, ezer ezkutatzeko asmorik gabe (eta egon zen nahasmenik president-aren nondik norakoez, hark hitzaldia ostiralez eman eta igande goizez atxilo hartu zuten arte). Duela hamar eguneko etsipen giroaren erdian, Parlamentuak Jordi Turullek lehendakaritza ezin lortu eta biharamuneko espetxeratzeak horren adibide, eta CUPek oposiziora doala iragartzea, ezin uka prozesua indartu eta arnasberrituta dagoela. Eta gain behera zihoana berriz altxatzea lortzen baduzu, haizea alde ala aurka duzun ez duzu jakingo, baina bai bela berriz ere goratu duzula.

Duela urte erdi, agertoki guztiak aurreikusita eta estatua eratzeko xehetasun txikiena prestatuta zeukan mugimendua irudikatzen genuen Euskal Herritik Kataluniara begira. Konstituzioa zirriborratu eta herritarrek osatzeko aroan behar genuen. Ezin uka ikerketa, txosten eta eztabaida mordoa egin zituztela, eta idatzi eta argitaratu zituztela ehunka orri estatu berriaren elementu gehienei buruz. Baina horiek praktikan jartzeko egitasmo errealistarik ere ez zegoela nabarmen gelditu da, eta inprobisazioaren ondorio izan direla neurri handi baten politikarien urratsetako asko (politikakeriaren hauteskunde kalkuluak gehiegi ez aipatzeagatik).

Ukazioa, gutxiespena eta azken uneko anikilazio-ahalegina izan ohi dira Espainiako politikaren ezaugarrietako bat arazoen aurrean. Katalunian legez, historian beste hainbat alditan. Kontua ez da beste inperio batzuen jarrera zuritzea, berdintsu edo are ankerrago jokatu izan dute Londresek zein Parisek, inorekiko konplexurik gabe, baina pragmatismoz halaber, auzia usteltzen utzi ordez nolabait konpontzeko biderik egon izan bada. Kultura eskandinaviar eta anglosaxoniarretan errotuago dago erreferenduma eta askatasun indibidualetatik kolektiboetara herritarren parte hartzez jotzea, baina Frantziako uniformizazioak ere badu bere alde pragmatikoa, asteon Kaledonia Berriko erreferendumeko galdera bera zelan adostu den horren adibide: unionistek berariaz gura zuten «independentzia» kontzeptua bere biluztasun gordinean agertzea, eta independentistek hobesten zuten «subiranotasun osoa» hitzak halaber jasotzea galderak. «Nahi al duzu KaledoniaBerriak subiranotasun osoa erdiestea eta independente bihurtzea?».

Horren aurrean, Alemanian ebatziko da kale edo bale izango den. Belgikak eta Suitzak argi samar utzi dute ez dutela inor espainiaratuko, eta Clara Ponsatik Eskozian eta Erresuma Batuan lortu duen babesa geroz eta deserosoagoa zaio Madrili. Baina prezio onargarria litzateke hori guztia, Puigdemont Espainiara estraditatzea onartuko balute. Angela Merkelen esku balego erabakia, baliteke presioei entzungor egin eta Europan alderdikide duen eta hegoaldeko estatuetan morroi otzan eta leialena izan duenaren eskaria ontzat ematea, pieza garesti kobratuta betiere (areago, Italiako ezegonkortasuna aintzat hartuta). Europako agintari garrantzitsuena lehen ere argi lerratu da Rajoyrekin, bazterreko ñabarduraren bat gorabehera, Kataluniari nazioarteko dimentsioa ukatzeko. Orain auzi hori etxean lehertu zaio. Companysi egindakoaren memoria ere hor dago, iragana beste inon baino astunagoa den herrialdean. Alemaniak beste inork baino gehiago daki botere exekutiboak eta judizialak erabat bereizita behar dutela. Baina Espainiaren porrotik handiena litzateke nork eta Berlinek esatea ez dutela Puigdemont estraditatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.