gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Oi gu hemen, bidean galduak...

2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun

Sukaldean lanean ari zela ohitura zuen hura abesteko. Egun ere abesten du aldika: «Oi gu hemen/ bidean galduak...». Artean ume nintzela ikasi nion kantua aitari. Mendi txangoren bat egin orduko burura zetozkidan melodia hura eta lehen hitz haiek: «Oi gu hemen/ bidean galduak, oi gu hemen... heriotz minez». Esplikatu zidan Bergarako Ameslariak taldeak kantatzen zuela; haiei ikasi eta Zumarragako kantu lehiaketa batean abestu zutela kuadrillan, baita sariren bat irabazi ere.

Ia hogei urte geroago izango zen. Hiru lagun Andaluziara furgoneta zahar batean, Granada eta Sierra Nevadara aurrena, Almeriako San Josera hurrena. Gaualdean, bidean galdu, eta Madril inguruan lo egin genuen, errepide bazterrean. «Oi gu hemen/ bidean galduak...», kantatu nien lagunei; ondo akorduan dut. Baita Nina Simoneren inguruko monografiko bat entzun genuela ere irrati espainiar batean. Entzun orduko gorputzak bere egiten duen kantu horietako bat deskubritu nuen; Sinnerman. Zenbatetan eman diedan tabernari lagunei matraka —Motzeko Gaizkari, batez ere— kantua jar zezaten.

Oraintsu arte, entzun eta goxatu baino ez dut egin. Harik eta aurten, jakizue zergatik hainbeste denbora ostean, Sinnerman kantua nondik ote datorren jakiteko grina piztu zaidan arte. Eta non jakin dudan ez dela Simonek berak sortua; Ameriketako Estatu Batuetako kantu herrikoi espiritual bat dela, XX. mende hasierakoa, eta lehen grabaketa The Weavers folk taldeak egin zuela, 1959an, Nina Simonek 1965eko Pastel Blues diskoan bere moldera jaso aurretik. Eta The Weaversen hura entzundakoan lotu dudala Ameslariak-en Oi gu hemen-ekin.

Aitari erakutsi dizkiot biak. «Simonerenak ez du kantu bera ematen, baina ederra da», esan dit. Gustukoenetako bi kantu oinarri beraren bi aldaera direla jakin gabe pasatu dut bizitzaren puska handi bat. Ahots goran kantatzen dut egun ere, Izazpira noanean, baina, bidean galdurik joanagatik, orain aldean daramatzat Simone, The Weavers, Ameslariak, aita...

Atzemanezinak baitira kantuaren bideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.