BI AHOTSETARA

Erraietatik errana

2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Sentsibilitate finekoa da, gauzak erraietatik bizitzen ditu, horrelakoxea da bera. Horregatik, askotan zapuzten da hitzekin, ez delako gai izaten sentitzen duena zehatz adierazi eta partekatzeko. Beraz, benetan barruraino iristen zaion artista bat ezagutzen duenean —berak bezala sentitzen duena, baina berak ez bezala hori musika bidez plasmatzen dakiena—, izugarri pozten da. Mundu lau eta gris honetan dena ez dagoela galduta sentitzen du.

Hain zuzen, azken bi hilabeteetan etengabe dabil Vic Chesnutt entzuten. Berandu izan du haren berri; tristeki deskubritu berri du bere buruaz beste eginda hil zela. Halaber, bere abestiek oraindik arima gupidagabeki murtxikatzeko ahalmena dute. Eta pentsatzen du hala behar duela izan, entzuten ari garen abestiak ez bagaitu zaplazteko batez esnatzera behartzen, zertarako behar dugu bada musika hori? Zoriontsu izateko? Horretarako ez dugu musikarik, ez arterik behar! Behar duguna, ordea, eta zoritxarrez gaur egun gero eta nekezagoa dena aurkitzen, heriotza bezain mingarriak diren abestiak dira, gugan izoztuak gordetzen saiatzen garen sentimenduak aizkorakada batez apurtzea lortzen duen musika. Preseski, hori da Vic Chesnutten You Are Never Alone abestiak lortu duena beregan. Eta aldi berean lortu du munduari azkenaldian falta duen magia eta itxaropena ematea. Gauza bitxia baita musikarekiko maitasuna. Lehengoan batek esan zion esaldia etorri zaio gogora: «Musikarekin gozatzeko zortea dugunok beti izango dugu alboan hil arte». Maskota hilezkor bat bezala irudikatu du musika: «Abestiak ditugun bitartean...» Chesnuttek bukatu dio esaldia: We are never alone. Gutxitan bada ere, batzuetan zeinen polita den mundua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.