gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Musika fikzioa

2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun

Musika deskubritzeko moduak arras aldatu baitira, nahiz deskubrimenduaren hunkidura bertsua izan.

Hamasei bat urte izango genituen; herriko festak ziren, 1994ko uztaileko egun sargori bat. Dut taldearen lehen diskoarekin genuen flipadak eite ia kosmiko-obsesiboak zituen. Ardoz eta bestelakoz hordi plazara joan, eta Kataluniako rock talde bat ikusi genuen, baina ingelesez abesten zuten. Kontzertu amaieran hurbildu gintzaizkien, lotsagabe, eta egiten zutenaz galdetu. Azaldu ziguten Pixies izeneko talde baten bertsioak zirela guztiak. Atsedenik ez genuen izan talde haren musika handik edo hemendik eskuratzeko; zinta batean eman zizkigun grabatuta herriko musikazale helduago batek Surfer Rosa eta Doolittle.

Hogeita hamar urte bete berri dira Dolittle argitaratu zutenetik. Lan basati, argitsu hark urteetan gatibatu ninduen. Urte batzuk behar izan nituen kasetean nuena CDan eskuratzeko; Irungo Bertso Hopen izan zen. Beste disko baten azalak piztu zidan arreta egun horretan. Giza txorimalo bat ageri zen, grisean, ilun; hain eder. Ez nuen ezagutzen Tom Waits. Mule Variations-ek hogei urte bete berri ditu. Ezezaguna zitzaidan musika eta estetika baterako bidea eman zidan Waitsen lan hark. Nagusiki nire baitako txorimaloa, noraezean gozo zebilena hobetoxeago ulertzeko.

Ez dakit nik elkarren berri ba ote zuten; baina ez bazuten, izan behar zuketen. Ez galdetu zergatik, baina beti irudikatu dut Tom Waitsen eta Chavela Vargasen arteko disko bat ez bada, zuzeneko emanaldi bat, zuzeneko bat ez bada, kantu bat... Zerbait bien ahotsez ondua. Berriki 100 urte bete dira Chavela Vargas jaio zela. Ez dut oroitzen nola deskubritu nuen. Beti egon da hor.

Egun, fikziotsu samarra da musika kalean deskubritzea, zer esanik ez auzoko musika denda arretatsu batean.

Fikziona dezagun bada: irudikatzen musika ospakizun bat, Bertso Hop biziberritu batean, (barnean zein kanpoaldean) honako egitarauarekin? Chavela Vargas eta Tom Waits eguerdian; Dut eta Pixies iluntzearekin bat. Eta tartean, nahi duguna.

Musika deskubrimenduak bai baitu ilusio fikzionatutik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.