ASTEKO GAIA

Zutik ala eserita daudenei begira

Loli Garcia eta Raul Arza, Maiatzaren Leheneko manifestazioan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
xabier martin
2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Ez da Willian Hill etxean azalduko apusturako gai, baina ezin da ukatu interesgarria jarri dela Elkarrizketa Sozialaren taulan gertatzen ari den partida: Zenbat gehiago eutsiko dio CCOOk mahaira itzultzeko ukoari? Lehendakaritzak berak gidatu duen azken mugimendu taktikoak CCOOk eta UGTk itxitako ate bikoitzean ziri bat sartzea lortu du, eta azken orduetan Raul Arzak Loli Garciaren bizkarrean jarri du Elkarrizketa Soziala berriro martxan jartzeko ardura guztia. Akaso Jaurlaritzak —sindikatuak bazter utzita— Confebaskekin egindako ituna hautsi edo izoztu ote du? Ez, baina aldebikotasunean erabakitako edukiak hiruko mahaian egokitzeko eskaintza egin du, eta musika horrekin dantzatuko litzatekeela esan du ozen UGTko idazkari nagusiak.

Jakina baita posibilisten artean posibilistena dela Arzaren sindikatua. Ituna hautsi gabe ez zela itzuliko esan zuen, baina hitzak haizeak daramatza zutik egotearen nekeaz esertzea amesten denean. 'Zer egiten ari gara gu konfrontazio dinamika batean?', galdetuko zioten beren buruei UGTko zuzendaritzakoek. Zutik baino denbora gehiago eserita dagoenaren hausnarketa da, sedentarioen mitxelinak gizendu dituenarena. Gutxienez, nor izateko mahai instituzional baten erosotasuna behar duela badaki UGTk.

Zer-nolako hausnarketa egiten ari ote da Euskadiko CCOOko zuzendaritza? Ituna hautsi gabe ez doazela mahaira erantzun dute oraingoz, «ez dela nahikoa». Eta hor dago apustuak onartuko lituzkeen auzia: zenbat gehiago iraungo du Loli Garciaren ukoak? Elkarrizketa Sozialerako Mahaian esertzea sindikatuen betebehar ofizial bihurtu nahi duen dekretua labean dago, eta Jaurlaritzak UGTren eta CCOOren hauspoa behar du zilegitasun pixka batekin janzteko. Gehiengo sindikalak gogor salatu du proiektua, eta mahaian esertzeari muzin egiten jarraitzen dio. ELAk eta LABek ez diete «zilegitasuna» eman nahi «Confebasken eta Jaurlaritzaren politika neoliberalei». Ez diote argazki hori oparituko San Jose sailburuari; Aburtori eta Toñari ez bazieten eman, are gutxiago CCOO eta UGT exekutiboaren aliatu gisa bermatzeko iritsi den sailburuari.

San Jose, bere burua animatzen

Eta hori ere ez du lortu Maria Jesus San Josek. «Dekretuak atera egin behar du; mahaiak osatu egin behar du», esan du asteon, kasik bere burua animatuz. Bere sailak dekretuarekiko duen urgentzia islatu du egoerak. Gutxiengo sindikalarekin egitera doazen Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren proiektuak uste baino babes txikiagoa lor dezake; soilik UGTren bultzada nahikoa ote da indarrean jartzeko mahaiari oinarri instituzional bat eman nahi dion legea? Sindikatuen ordezkaritzaren %90 aurka balego, ausartuko litzateke Lakua?

Galdera hori erantzun gabe uzteko jo eta su ari da Gasteizko gobernua CCOOrekin negoziatzen. San Jose sailburuak itun sonatua izozturik geratuko zela aditzera eman zuen asteazkenean, geldirik sindikatuen ekarpenen zain, eta, beharbada, hori zen CCOOk espero zuena ziaboga hartzen hasteko. Lehendakaritzak, ordea, itunak bere horretan jarraitzen duela argitu/zuzendu zuen berehala. Confebasken dei bat tarteko? Kontua da CCOOk gehiago nahi duela menditik jaisteko. Datorren astean berrikuntzak egon daitezkeela sumatzea erraza da. Nola erakarri CCOO Confebaskekin haserretu gabe? Jaurlaritza sudokua osatzen ari da oraindik, bai baitaki sindikatuen ordezkaritzaren %90 haren aurka balego, elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko legea gutxienez arrotz begitanduko litzaiokeela gizarteari. Dena den, %30era baino iristen ez den laguntzaren bila dabilgobernua (CCOO eta UGT); ELAk (%41) eta LABek (%19) duten %60ko gehiengoa aspaldian eman zuten galdutzat. Hau da, gutxiengoaren neurriaz ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.