Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Zoriona

2015eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Azken boladan, ulertzeko zaila zaion deserosotasuna sortzen zaio Maiteri etxe alboko hiperdendatik poltsak arrastaka irteten den bakoitzean. Han egoten baita bera, beti, atarian, zorion zurirako eraikitako etxe sailak bere zilborrera begira marrazten duen plazatxo itxiaren arkupeko zutoin batean bermatuta. Saiatzen da saihesten, ez begiratzen, ez ikusten, baina ezin: sugeak txoriari bezala egiten dio tira, edo, zehatzago, hozkailuaren altzairu herdoilgaitzeko ate distirantak familia harmoniatsuaren atrezzo-an ezinbestekoak diren imanezko iruditxo naif ezinbestean dibertigarriei legez.

Eta iltzatzen zaio begirada, bere buruari politeziaren arauak urratzen ari dela gogorarazi behar izateraino, eta ikusten du bere adin bertsuko andre bat, kalean bizi direnen neurriz besteko kirol-jertse maiztuarekin jantzia, eta motxila baldresera ainguratua. Eta ikusten dizkio ardo merkezko kartoi kutxak, garagardo latak. Eta liluragarriak izandako katu begiak, urtsuak izandako ezpainak, leunaren leunez inbidiagarria izandako azal zurikara: begiak hanpatu, ezpainak hamaika ezinek urratuak, azala hamaika gaitzez zornatua. Eta begiratzearekin batera nahasten zaizkio, hor nonbait, urdailean, errukia, amorrua, jakin nahia, beldurra, ulermena eta espantua. Ondoeza okadaka sentitzeraino. Orduan, presak hartzen du, eta lasterka abiatzen da etxerantz, poltsak arrastaka, eremu ezagunak ematen duen segurtasun bila. Noizbait, ihesaldian, txanponen bat laga dio potetxoan. Halakoetan, esker on keinuren baten zain geratu izan da lipar batez, berak ere irribarre onena prest duela. Baina begi hanpatuek ohiko begirada baino ez dute marrazten. Tematze harro bat irakurri du halakoetan, eta haserrea sentitu tripetan.

Baina okerrena da hiperdenda atariko andrea instalatuta geratzen zaiola burmuinean. Eta, adibidez, errudun sentitzen dela arrastaka ekarritako poltsetatik aurpegiko zimurrak ezabatzeko ukendu-plazebo-ilusiopiztaile garestia ateratzen duenean; edo astialdian sommelierretan jolasten den lankideak aholkatutako ardo gutiziatua.

Eta, adibidez, gertatzen zaio alabak lokartzeko errituan, bien artean etzaten denean, hiperdenda atariko andreaz gogoratzen dela, eta haren balizko ume abandonatuez. Eta argi eta garbi marrazten zaizkio logelako panpinen, Pirritx eta Porrotxen poster, eta gainerako hornigai poz irudikatzaileen artean bi begirada desanparatu, amaren laztana nahikoa luketenak zorionaren goia iristeko. Eta momentu horretan gorrotatu egiten du hiperdenda atariko andrea, ama txarra delako; are, iruditzen zaio ez dagoela ama txarra izatea baino okerragorik, eta bere hausnarketa, teorizatze eta printzipioak hamaika mila zatitan hausten zaizkio. Baina gorrotatzen ditu, halaber, bere alabak, maitasunez ez ezik zorionerako kontsumogaiez lepo egonagatik, hala eta guztiz, beti direlako kexu; objektuen eskatzaile asekaitzak direlako.

Eta, adibidez, sofako patxadan Jon Beasley-Murrayren Poshegemonia irakurtzen ari denean ere hiperdenda atariko andrea etortzen zaio burura. Eta jada ezin du kontzentratu ideologiaren eta emozioen zein praktika gorpuztuen tentsioan, ezin du neurtu hain sutsu defendatzen duen eraldaketa sozialerako bietan zerk duen pisu handiagoa. Galdera batek hartzen baitio gaina: zerk ematen dion hiperdenda atariko andreari bizirik segitzeko indarra, goizero hantxe paratzekoa, aitzitik, berak, batzuetan, barne zulo gogo-ebasle baten kontra gogor borrokatu behar izaten duenean.

Eta erantzun bat bururatzen zaio: mendekua dela hiperdenda atariko andrearen —bestalde, bere hainbesteko antza duena, bera izan daitekeena— bizitzeko motiboa, probetxuzko jendeoi zorionaren zuria aurpegira jaurtitzea, karkaxa berde eta likatsuaren pare.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.