Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Rubalcaba

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Eskuina malkotan. Espainiako tertuliakide handiusteen munduan, Jaime Gonzalezek ilustratu zigun eskuinaren malko isurketa (ez da metafora) Cuatro telebistan, herenegun, Rubalcaba hizpide. «Kargu kontzientzia daukat, gehiegikerietan aritu bainintzen hura kritikatzeko orduan». Izatez ere, politiko gutxi dago —independentistak aparte utzita— Rubalcaba beste larrutu dutena. Antologia oso bat osa liteke eskuin mediatikotik heldu zitzaizkion epiteto, adjektibo, izenondo... iraingarriekin. Gonzalezen aitormenak gogorarazten digu Roosevelt presidenteak Somoza diktadorearengatik esan izan zuena: «Sasikumea da, baina gure sasikumea da», alegia. Tertuliakideen unibertsoan ezkerretik, zentrotik, eskuinetik, goitik, behetik eta azpitik egin diren panegirikoek, inplizituki, zera adierazi nahi izan dute: estatu arrazoiaren eta Espainia batuaren ideia jakobinoen zerbitzari zintzoa izan zela.

Laukotearen arrazoiak. Egunotako irrati-tertulia hagiografikoetan aztarrika hasi, eta hara Julia Oterok ekarri digun perla (Julia Otero en la onda, Onda Cero), Elisa Beni, Javier Gallego, Noelia Adanez eta Maximo Praderarekin. Laukotea, PSOEtik ez oso urrun. Solasaldi argigarria, Espainiako kazetaritzaren, politikagintzaren eta bien arteko harremanen erretratu bikaina. Podcast-a, eskura dago sarean (03:09:20tik aurrera). Hona zenbait pasarte, sintetizatuta. Gallego: «Kazetariei deitzeko ohitura zuen, zerbait ez zuenean gogoko, errieta egiteko». Pradera: «Egia da, niri ere deitzen zidan irratian aritzen nintzenean. Puntu ilunak izan zituen gizonak; estatu arrazoia hainbatetan erabili zuen, legea maiz hautsiz. Ez zen botere banaketaren oso aldeko, eta erotu zuen telefono deiekin Auzitegi Goreneko presidente Carlos Divar». Beli: «Faisan kasuan-eta, nik badakizkit berari buruzko gauza ugari ezin direnak argitaratu...». Laurek bat egin zuten Rajoyk berriki adierazitakoarekin; hots, Rubalcaba ezkutupean aritu zela Juan Carlos erregeak abdikatu eta semea errege izenda zezaten. Eta Gallegok gehitu zuen: «Funtsezko pieza izan zen monarkiaren blindaje prozesu horretan, monarkia-errepublika erreferendumaren aldeko hotsa sendo zebilenean». Ministro ohiaren heriotzarekin, sistema bipartidistak burututako atal zehatz horren barrunbeak jakiteko aukera bat galdu dugu. Kazetarien kolaborazioari dagokionez, batik bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.