Garikoitz Goikoetxea.
ANALISIA

Konpondutakoak eta konpontzekoak

2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Udaletan hizkuntza politika garatzeko legezko oinarria ezarriko du Eusko Jaurlaritzaren dekretuak, udal legearen garapenak. Nabarmena da udal askok urrats handiak egin dituztela urteotan, eta aurreratuta daudela hizkuntza eskubideak bermatzeari dagokionez, batez ere eremu euskaldunenetan. Horretan sakontzeko aukera emango diete udal horiei, propio aitortuz hizkuntza politikarako eskumena. Atzerago doazenentzat bultzagarri izatea da dekretuaren erronka, egungo desoreka gainditzen joatea. Eskumenekin batera baliabideak jasoko ote dituzten udalek, garrantzizkoa da gako hori ere.

Udal legea 2016an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta EH Bilduren botoekin. Gogoan izan behar da legea taxutu zuteneko egoera politikoa. Udalei eta hizkuntza politikari dagokionez, udalerri euskaldunetan arazoak izaten ari ziren Carlos Urkijorekin, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariarekin, helegiteak bat bestearen atzetik jartzen ari zen eta: udaleko aktak euskaraz bidaltzeagatik, kontratu publikoetan hizkuntza klausulak ezartzeagatik, euskara planak egiteagatik... Horiek guztiak bermatu zituen udal legeak, eta hala geratuko dira dekretuan. Bermea izango da alde horretatik.

Udal legearen beste berritasun nagusia zera da, hirigintzarekin lotutako proiektuek hizkuntza eraginaren azterketa egin beharko dutela aurretik —eta ez hirigintzakoek soilik: turismoarekin lotutakoek ere bai, esate baterako—. Urteotako ikerketek agerian jarri dute hirigintzak nola eragin dion euskararen egoerari, batez ere arnasguneetan. Etxegintzarekin eta garraio azpiegiturekin lotuta, nabarmen aldatu da herri batzuetako biztanleria, eta, oro har, joera izan da biztanle berrien artean gehiago izatea erdaldunak, edo, euskaraz jakinda ere, biztanle berriek erabiltzeko ohitura txikiagoa izatea, euskara ahulago dagoen herrietakoak izanik. Dekretuan, Jaurlaritzak oinarri gisa erabili du ELE Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko tresna, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak garatua. Arlo horretan egindako bideari egindako aitortza da.

Kontraesan bat azaleratu du, hala ere. Hirigintza planen eragina neurtu beharko dute udalerrietan, baina, aldiz, Jaurlaritzak lurralde antolaketarako gidalerroetatik kendu du arnasguneei buruzko atala. «Lurralde antolamenduak ez du bere eremua gainditu behar hizkuntzarekin lotutako esparruetan sartzeko», erantzun zuen Jaurlaritzako Ingurumen Sailak. «Ez da erraza ikustea euskarak lurralde antolamenduarekin duen inplikazioa». Ikuspegi hori eta udalentzako dekretua ez datoz inolaz ere bat.

Udal langileen jardunari lotutako puntu interesgarri bat ere badu proposamenak: hirugarren eskakizuna dutenek —EGAren parekoa— euskaraz lan egitea. Urrats interesgarria da ezagutza erabilerarekin lotzeko. Aztertu beharko da nolako zailtasunak dauden udal eta eremu batzuetan. Airean zera dago: udalen dekretuan bezala, gainerako erakundeetan ere ezarriko ote duen hori Jaurlaritzak. Edo hor ere kontraesana sortuko ote den.

EAEko hirigintza proiektuek aztertu egin beharko dute hizkuntza eragina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.