Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Minutu erdian ez da posible

2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Noizko solasaldia? Kontrako eztarritik sartuta utzi zigun gosaria, goizean, 08:00ak jo berritan Maite Artolak Txomin Sagarzazu Hondarribiko (Gipuzkoa) alkateari egin zion elkarrizketak. Estropadetako garaipenaz gozo mintzatu ostean, galdera zuzena egin zion Artolak: zergatik ez da posible alkateak Jaizkibel konpainiari harrera egitea? Airoso samar erantzun zion hark, esanez bezala konplexua dela gaia, eta dena titular sintetikoetara laburtu nahi izaten duen irrati klase horretan, 30 segundoetan, nekeza dela azalpen garbia ematea. Artolak, erreflexu ona erakutsiz, bi minutu ere eskainiko zizkiola erantzun zion. Alkatearen azken sententzia, ezin enigmatikoagoa gertatu zen: «22 urte ere bai nik!». Ez tertuliara harridurazko Whatsappeko mezuak bidali zituztenek, ezta beste inork ere, ez zuen harrapatu alkatearen dejada. Zer ulertu behar ote? Urte horietan, Euskadi Irratiak Hondarribiko alkateei ez diela hitza eman? Urte horietan nahikoa adierazi dutela? Ziur Faktoria-ko langileak honezkero ari direla lanean, Sagarzazurekin solasaldi sosegatua hitzartzeko. Haren ahotsa adituko ote dugu Hondarribiak Kontxako Bandera berriro eskuratu baino lehen?

Bi eskuetan trapua. Hora 14 Euskadi albistegiko (SER katea) ahotsa den Jon Rojasek mezu argia zabaldu nahi izan zuen asteazkenean, txirrindulariak Bizkaian zebiltzala-eta, egin zuen sarrera gisako editorialarekin: Espainiako itzuliak gurean kritikak jaso ditu, eta aldarrikapenetarako erakuslehio gisa ere erabiltzen ari dira zenbaitzu (Gure Esku Dago, La Navaleko langileak, pentsiodunak...), baina horren guztiaren gainetik, Espainiako etapa bizikletaren festa da gehiengo batentzat. Lau zalerekin egindako inkestatxoarekin indartu nahi izan zuen mezu hori. Ondo irten zitzaion jokaldia... segidan Iñigo Markinez lankidearekin konexioa egin zuen arte. Oiz mendiko aldapetan zen Markinezek datu bat azpimarratu baitzuen: milaka eta milaka zale eta milaka eta milaka ikurrin bildu zirela han. Alegia, euskal zaleen gehiengoak ziklismoa ikusi baino nahi ez zuenaren mezua barruz hustu ziotela Rojasi lankideak zein errealitateak. Non eta ez badugun sinesten euskal zaletuen anatomiaren zatia dela ikurrina —bi eskuen jarraipena—, eta ez dela konnotazioz beteriko ikur bat ekitaldi publiko jakinetan zabaltzen dutena Espainiako itzulian, beste inon ez bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.